Piztu bezala itzali da

Nazioarteko Olinpiar Batzordeak eta Japoniako Gobernuak datorren urteko udara atzeratu dituzte Olinpiar Jokoak. Erabakiak babes zabala jaso du

Gazte batzuk maskarekin, atzo, olinpiar zuzia ikusten. EFE.
ainara arratibel gascon
2020ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Ezta bi egun ere. Igandean Nazioarteko Olinpiar Batzordeak (NOB) lau asteko epea eman zion bere buruari Tokioko Olinpiar Jokoen inguruan behin betiko erabaki bat hartzeko. Estreinakoz Jokoak atzeratzeko aukera jarri zuen mahai gainean. Baina atzo, 40 ordu geroago, baieztatu egin zuen datorren udan egingo direla. Horrenbestez, ostegunean piztu zen olinpiar suziria berehala itzali da. Koronabirusaren hedapenak egin du. Baina haren sugarrak urtebete barru berpiztuko dira. Oraingoz, eta Japoniako lehen ministro Shinzo Abek jakinarazi zuenez, Fukushimako prefekturan gordeko dute suziria. Aurretik beste hiru aldiz atzeratu edo geratu dira bertan behera Olinpiar Jokoak, 1916an, 1940an eta 1944an. Bi Mundu Gerren erruz izan zen.

Olinpiar Jokoak ziren airean zeuden kirol proba garrantzitsu bakarrenetakoak. Atzo arte, ordea, NOBk uko egiten zion erabaki bat hartzeari. Baina pandemiaren hedapen bizkorrak, olinpiar batzorde gehienen eskariek eta Abek NOBko presidente Thomas Bachi egindako dei batek dena azkartu dute. Dei hori atzo egin zuen Abek, eta Jokoak atzeratzeko eskaria egin zion Bachi. Berehala etorri zen NOBren oharra. «Egungo egoera ikusita, eta Osasunerako Mundu Erakundearen datuei erreparatuz, zentzuzkoena da Jokoak urtebete atzeratzea. Beranduenera 2021eko udan jokatuko dira». Olinpiar erakunde gorenak argi utzi zuen zein den erabakiaren oinarria. «Helburua kirolarien, Jokoen antolakuntzan lanean ari diren pertsonen eta ikusleen osasuna babestea da».

Tokio 2020ko batzorde antolatzaileak berak begi onez hartu zuen erabakia. «Pena da halako neurri bat hartu behar izatea, baina lasaitua hartu dut», adierazi zuen Yoshiro Mori presidenteak. Gainera, baikortasun mezua bidali zuen: «Argi dago egokitzapen eta aldaketa asko egin beharko ditugula, baina gure lana aurtengoak baino are eta Joko hobeagoak antolatzea izango da». Halaber, jakinarazi zuen Tokio 2020 izenari eutsiko diotela.

Antolakuntzak lan eskerga izango du datozen hilabeteetan. Kontuan izan behar da Japoniak 35.000 milioi euroko inbertsioa egin duela Olinpiar Jokoak antolatzeko, eta orain kostu hori handitu egingo dela. Gainera, olinpiar hirian eraiki dituzten 5.600 etxebizitzak salgai zituzten jada. 90.000 boluntarioen jarduna ere luzatu egin beharko dute. Babesle eta telebistekin kontratuak, halaber, berraztertu beharko dituzte. Telebista eskubideengatik 2.500 milioi euro jasotzen ditu NOBk. Baina orain dena airean dago. «Erronka logistiko eta ekonomiko bat dugu aurretik, baina arduraz eta ilusioz helduko diogu», adierazi zuen atzo Abek.

Kirolarien gustukoena

Beste bi aukerak hauek ziren: orain arteko datei eustea uztailaren 25etik abuztuaren 9ra ziren egitekoak jokoak, edo bi urte barru egitea. Kirolarien aukerarik gustukoena datorren urtean egitea zen. Izan ere, hala modu naturalean jarraitu ahal izango dute beren prestakuntzarekin, eta Jokoen ostean erretiroa hartzeko asmoa duten kirolariek urtebete baino ez lukete atzeratu beharko beren kirol ibilbidea. Ikusi beharko da atzo hartutako erabakiak nola eragiten dien datorren urtean jokatzekoak ziren nazioarteko txapelketei.

Baina nazioarteko federazioek, oro har, atzerapena babestu zuten. FIFAk, adibidez, «ongietorria» eman zion. «Kirolarien ongizatea eta osasuna izan behar du beti lehentasuna. Olinpiar Batzordearekin batera egingo dugu lan egutegia egokitzeko». Atzerapenarekin «erabat ados» dagoela adierazi zuen, berriz, Nazioarteko Igeriketa Federazioko presidente Julio Cesar Maglionek. «Orain, egutegia ondo moldatu behar dugu, bertan behera geratu diren sailkapen probak noiz egingo diren ondo zehaztuz, oraindik ere 5.000 kirolariren ametsa baitago jokoan. Denbora eta patxada izan behar dugu horretarako, eta Bach presidenteak gure babes osoa izango du». Nazioarteko Atletismo Federazioa ere alde azaldu zen. «Horixe nahi zuten kirolariek, eta honek ziurtasuna emango die bizitzen ari garen egoera zail eta gogor honetan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.