Amaitu da Udabarria Bertsotan, Bizkaiko Bertsolari Txapelketan kantatu ahal izateko sailkapen fasea. 48 bertsolarik hartu dute parte, eta horietatik 29k lortu dute aurrera egitea. Bi multzotan banatu dituzte bertsolariak amaitu berri den sailkapen fasean, eta zortzi saio izan dira guztira; hau da, lau saio bikoitz, egun bakoitzean bi saio jokatu baitira ordu berean baina herri banatan. Janire Arrizabalak eta Bittor Altubek irabazi zituzten azken bi saioak.
Urriaren 1ean hasiko dira saioak, eta abenduaren 16an izango da finala, Bilbo Arenan. Hamar saio izango ditu txapelketak, eta 43 bertsolari arituko dira kantuan. Sei kanporaketak osatuko dute lehen fasea, eta sei bertsolari izango dira bakoitzean. Saio horietako bakoitzeko irabazleak ziurtatua izango du hurrengo fasean kantatzeko aukera, eta gainontzekoak, berriz, puntuazioaren arabera sailkatuko dira. Hain zuzen, fase horretan batuko dira txapelketara 2021ean finalaurrekoetan kantatu zuten zazpi bertsolari: Eneko Abasolo Abarkas, Imanol Uria, Josune Aramendi, Julen Arzanegi, Oihana Bartra, Paule Ixiar Loizaga eta Txaber Altube.
Hiru finalaurreko izango dira ondoren, eta fase horretan hasiko dira kantuan 2021eko zazpi finalista —denak, Etxahun Lekue salbu—. Azken hiru saioetako irabazleak eta puntu gehien lortu dituzten bost bertsolariak sailkatuko dira abenduaren 16ko finalerako.
Aurtengo txapelketari begira jarri da jada Bizkaiko bertsolaritza
Sailkapen fasean parte hartu duten 48 bertsolarietatik 29k egin dute aurrera. Urriaren 1ean hasiko dira saioak, eta abenduaren 16an jokatuko da finala

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu