Lander Muñagorri Garmendia.
Euskaraldia. IRITZIA

Euskaraldia eta herri gogoa

2020ko abenduaren 5a
00:00
Entzun
Amaitu da II. Euskaraldia. Pandemiak baldintzatu du aurtengoa, eta hala ere «masiboa» izan da parte hartzea, antolatzaileen atzoko hitzen arabera. Ez da gutxiagorako, egungo egoeran ia 180.000 pertsonaren atxikimendua lortzea ez baita lorpen makala. Areago, horietatik 50.000k baino gehiagok lehen aldiz hartu dute parte Euskaraldian. Zenbaki horiek erakusten dute herritarren artean badagoela nahi eta eskaera zabala hizkuntza ohiturak aldatzeko. Badagoela euskararen egoera hobetzeko «herri gogoa».

Pello Jauregi ikerlariak ezarri zituen Euskaraldia egin ahal izateko oinarri teorikoak, eta egindako lan horri aitortza egin dio aste honetan Gipuzkoako Foru Aldundiak, Abbadia saria emanez. Horren harira BERRIAri emandako elkarrizketan, argi azaldu zuen zer eragilek hartu behar duten parte euskararen biziberritzean: hizkuntza politikak, plangintzak, irakaskuntzak eta praktika sozialak. Zehaztu zuenez, laurak daude elkarren beharrean, eta aurrera egingo bada, alor bakoitzak gainerakoei eragin beharko die. Euskaraldia praktika sozialean kokatzen da, eta, ondorioz, haren eragina sumatu beharko litzateke gainerako arloetan. Herritarren partetik agerian geratu da euskara sustatzen jarraitzeko nahia egon badagoela. Horri lotuta etorri beharko dute, beraz, hizkuntzaren egoera normalizatzeko ezarri beharreko politikek, Jauregiren arabera.

Politika horiek, ordea, batzuetan ez dira gai herri gogo horri erantzuteko, eta muga ere izan daitezke zenbaitetan. Horren erakusle izan da pandemia. Itxialdi betean hizkuntza eskubideak urratzeagatik kritika ugari jaso zituzten arduradun politikoek, esaterako, koronabirusari aurre egiteko neurrien berri ematerakoan gaztelania lehenesteagatik. Euskaraz lan egiten duten kazetariek gogor salatu zuten hori. Baita herritarrek ere. Hizkuntz Eskubideen Behatokiakbikoiztu egin zituen horri lotutako kexak.

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak ere onartu du hala izan dela Euskararen Egunaren harira irakurritako adierazpen instituzionalean: «Euskararen hiztun elkarteak ere sufritu du pandemiaren eragina, bereziki erabilera mailan. Zentzu horretan, erakunde publikoen konpromisoa sendoa eta egindako lana handia izanagatik ere, ezin izan diogu nahi bezala erantzun». Hau da, begi bistan geratu da euskal hiztun komunitateari ez zaiola halako egoeretarako behar adinako babesa eskaini, eta, beraz, hizkuntza politikek herren egin dutela pandemia garaian. Beste behin, euskal komunitateak azaleratu du errealitate hori.

Egoera ez da erabat berria, dena den. Izan ere, beste askotan, hizkuntza politikaren hutsuneak herri ekinaldiak betetzen ditu. Ingurune digitala da horren adibideetako bat. Herritar talde baten ahaleginagatik eman dira aurrerapausoak eremu horretan: Wikipedian euskara 32. postuan dago Euskal Wikilarien Elkartea dagoelako, eta urtero bi bideo joko euskaratzen dira Game Erauntsia dagoelako. Bi adibide besterik ez dira, baina erakusten dute nola eraman den euskara hutsunea zegoen lekura. Euskaraldi asko baitaude Euskaralditik aparte.

Argi geratu da herri gogoa badagoela, eta aurrerantzean ere hala izango dela. Bai baitago. Beraz, Jauregiren ideia aplikatuz gero, herritarrenerakustaldiaren ondoren aldaketak etorri beharko lukete hizkuntza politiketara.

Baina, era berean, jakin badakigu eragin hori ez dela nahikoaaldaketa horiek sustatzeko. Izan ere, nahia eta ekina egon denean ere, askotan ez dira neurri eta politika eraginkorrak ezarri, eta huts egin da; pandemian nola. Beraz, oreka dantza horretan, erakunde publikoek ezin dute etorkizuneko Euskaraldien esperoan egon neurri eraginkorrak hartzeko. Hizkuntza politikak ezin dira bideratu herri gogoaren erakustaldien arabera. Horregatik ere, herritarrak ezin dira aldaketa horien zain egon. Ekinaldi propioak ere beharrezkoak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.