Lana lepo ziberespazioan

Zibersegurtasun zerbitzuen fakturazioa %20tik gora handitu zen iaz. Gaia klusterrak ohartarazi du arlo horretan eta oro har informatikan trebaturiko langile asko behar direla

Ziur zibersegurtasun zentroko langile bat, Donostian duen egoitzan. JON URBE / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Basauri
2022ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Zibersegurtasuna gero eta ardura handiagoa da enpresa eta erakunde publikoentzat, eta haien informatika zerbitzuek gero eta babes handiagoa behar dute. Uste zabaldua denari, datua jarri dio Gaiaklusterrak. «Ziur asko, iaz gehien handitu zen azpisektorea gurea da: %20tik gora. Inor ez dago erabat ziur; enpresek, erakundeek eta norbanakoek behar dugun zerbitzu bat da», azaldu du Elena Zarraga Gaiako presidenteak.

Gaia jakintza industrien eta teknologia aplikatuen elkartea da, eta informatikaren eta adimen artifizialaren sektoreko Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 302 enpresa elkartzen ditu. Iaz urte oso oparoa izan zuten, eta zibersegurtasuna izan zen fakturazioa gehien handitu zuen azpiarloa. «Argi eta garbi, gainera», zehaztu du Zarragak: «Segurtasun premia oso handia dago. Arlo horretan diharduten 55-60 enpresa ditugu elkartean».

Azken asteetan hainbat eraso izan dira albiste. Laboral Kutxak atzo salatu zuen bat, Iberdrolak ere onartu zuen bezero askoren datu pertsonalak lapurtu zituztela, eta duela bi aste Lituanian jatorria zuen zibereraso batek informatika zerbitzurik gabe utzi zituen Nafarroako udal asko. «Zibererasoak profesionalizatzen ari dira, eta xantaiak egiten dituzte orain», azaldu du Tomas Iriondo klusterreko zuzendari nagusiak. Hain zuzen ere, Nafarroako udalei eginiko erasoan, zibererasotzaileek dirua eskatu zutenzerbitzarietan zifratutakoa lehen bezala uztearen truke. Erasoa maiatzaren 18an izan zen, eta oraindik ez dute erabat konpondu arazoa.

Zibergaizkileek atsedenik ez dutela hartzen esatea ohikoa da sektorean, baina Iriondok zehaztu du gaur egun topikoa baino gehiago dela hori, eta zibersegurtasun enpresek jasotzen dituzten eskakizunetan sumatzen dutela: «Guztioi egingo digute eraso, edo agian dagoeneko egin digute eraso. Erasotzaileek gabeziak detektatzen dituzte sartzeko, eta gu ere askotan arduragabeak gara».

Zarragak, gainera, Ukrainako gerrarekin lotu du igoera hori, eta gerra giroak erasoak sustatzen dituela azaldu du. «Han ere ikusten ari dira sareetan ere gerra dagoela. Etorkizuneko gerrak zibergerrak izango dira». Enpresek, baina, arazo handi bat dute eskaerari aurre egiteko, Gaian diotenez, zibersegurtasunean trebaturiko langile asko falta direlako. Zarraga: «Arlo askotan dago eskulan gabezia. Zibersegurtasunean ziur, baina baita adimen artifizialean ere, errealitate birtualean, datuen analisian... Pentsa, programatzaile arrunten premia handia ere badago».

1.500 lanpostuko hutsunea

Langile trebatuen gabezia oinarrizko arazo bilakatu da Gaiarentzat. Iaz 1.300 langile kontratatu zituzten klusterreko enpresek, eta %6,2 handitu zen lantaldeen tamaina —22.039 dira guztira orain—. Iazkoa, baina, ez zen urte bakarreko lorea izan, 2022an beste 1.400 langile kontratatzea aurreikusten duelako Zarragak. Eta hala ere premia guztiak ez dira beteko: «Langile kopurua %6,6 handitzea espero dugu, eta, hala ere ,bete gabeko 1.500 lanpostuko zuloa dago oraindik. Urtez urte handitzen ari da kopuru hori».

Informatikari gabezia, dena den, ez da Euskal Herriko arazoa bakarrik. Europa osoan dute haien premia. Sektoreko elkarteen arabera, gaur egun 8,4 milioi informatikari daude Europan, eta, digitalizazio prozesuak bere horretan jarraitzen badu, aurki hogei milioi beharko dira. Eta zein da konponbidea? Epe motzean, atzerrira jotzea. «Mundu guztian bilatzen ditugu langileak. Urrundik lan egiteko sistemak ere erabiltzen ditugu. Baina ez ditugu guk bakarrik bilatzen, eta gero eta zailagoa da», azaldu du Zarragak.

Horiek hala, Gaiak argi du bertako harrobia sustatzea dela epe luzerako konponbidea. Horretarako kanpainak egiten dituzte, baina nabarmendu du emakumeak erakartzen saiatu behar dela. «Sexu arrakala digitala» badagoela garbi du, eta hainbat datu argigarri eman ditu: Gaiako enpresetako langileen %23 baino ez dira emakumeak, ingeniaritzetan izena emanikoen %29, eta informatikako unibertsitate graduak ikasten dituztenen %13,4.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.