Felix Zubia.
OSASUNA PENTSALDIAN

Datorrena asmatu nahian

2021eko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Koronabirusak zerbait erakutsi badigu, etorkizuna asmatzeko duen zailtasuna da. Usteak ustel gerta litezkeela jakinda ere, datorren hilabeteetan zer gertatuko den aurreikusten saiatuko naiz, behin txertaketa erritmoa bizitu dela jakinda.

Lehenik, garbi utzi behar da txertaketak eragina izan dezan denbora behar duela. Batetik, eta maila indibidualean, txertoa jartzetik defentsak izatera egunak behar izaten direlako, 10 bat egun. Bigarrenik, eta garrantzitsuena, txertaketaren eragina kolektiboa delako bereziki, ez banakakoa. Hau da, txertatzeak maila indibidualean gaixotasun larria garatzeko arriskua murrizten du, baina ez du erabateko ziurtasuna ematen. Talde ikuspegitik begiratuta, aldiz, txertatze zabala izaten den unean, birusak hedatzeko zailtasunak izango ditu, eta talde guztia babesten da, baita txertatu gabe dagoena edo defentsarik garatu ez duena ere. Berriz diot, txertatzearen ekintza, banakakoari begira baino gehiago, taldeari begira egin beharko genuke.

Txertaketaren eragina nabaria da gure ospitaleetan, eta 60 urtetik gorako oso gaixo gutxi ari dira iristen koronabirusak eragindako pneumonia larria dela eta. Hurrengo asteetan, 50 urtetik gorako pertsona guztien txertaketa lortuko da, eta, pertsona hauek izanik koronabirusaren kalterik larrienak jasaten dituztenak, ospitaleratze eta heriotza kopurua asko jaitsiko da. Kalean, baina, taldeko immunitatea lortuko ez denez, haurren eta 50 urtetik beherako pertsonen kutsatzea mantenduko da, eta, arrisku baxua izanda ere, hauetako batzuk ospitaleratuz eta zainketa intentsiboetako unitateen premian jarraituko dute. Egoera hau izanik, espazio itxietan egindako bilerekin kontu izaten jarraitu beharko genuke, eta espazio itxietan musukoa erabiltzen jarraitu.

Talde immunitatea izateko, populazioaren %70 inguru txertatu beharra dago, edo gehiago, kutsakortasun handiko infekzioetan (elgorrian, adibidez). Txertaketa maila hau udararen bukaerarako lortzea espero da, betiere Europar Batasuneko eta Espainiako Gobernuaren esanak kontuan hartuz. Une horretan, kaleko transmisioa asko murriztuko da, eta kasu bakan batzuk baino ez dira emango. Kasu hauek agerraldi moduan agertuko dira, toki eta talde batzuetara mugatuak hasieran, eta euren hedapena kontrolatu beharko da, baheketa eta PCR testen bitartez, eta isolamenduak ezarriz.

Behin txertaketa zabala lortzean, eta, horretarako, 12 urtetik gorakoak txertatu beharra izango da ziurrenik, birusa gure artetik desagertuko da. Ipuin honek bukaera polita izan dezan, baina, mundu mailako ikuspegia izan beharko dugu. Txertaketa zabal bat lortzen ez bada, eta herrialde askotan kasuak izaten jarraitzen badute, kasu hauetako batzuk guregana iritsiko dira, eta agerraldiak izango ditugu tarteka. Ipuinak ez du bukaerarik izango. Eta herrialde askotan birusak aske jarraitzen badu, mutazio berriak izango dira, eta hauetako batzuk txertoarekiko erresistentzia garatu dezakete. Hala balitz, pandemiaren hasierara bueltatuko ginateke, txerto berriak garatzeko premian. Beraz, eta denon hobe beharrez, herrialderik behartsuenen txertaketak ere gure lehentasuna beharko luke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.