Ixteko arriskuan dago New Yorkeko Metropolitan Opera House

Sarreren salmentek behera egin dute azken urteetan.Arte eszenikoen arloan, AEBetako erakunde garrantzitsuenetako bat da

Lincoln Center antzokiaz arduratzen da Metropolitan Opera House erakundea.
Agentziak
New York
2014ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
Etzi sindikatuen ordezkariekin akordiorik lortu ezean, New Yorkeko Metropolitan Opera Housek ateak itxiko dituela iragarri dute arduradunek, eta ez dirudi erraza izango denik hurrengo orduetan ixtea eragotziko duen akordioa iristea, besteak beste, %17ko soldata jaitsiera aplikatzeko asmoa baitute, hau da, aspaldiko urteetan egingo litzatekeen lehena. Antzokiko zuzendari nagusi Peter Gelbek argudiatu du langileen soldaten ordaina 215 milioi dolarrekoa dela gaur egun, aurrekontu osoaren (326 milioi dolar) bi heren, eta soldaten jaitsierarik gabe ezinezkoa izango dela aurrekontua doitzea. Gaur egun 2,8 milioi dolarrekoa da defizita.

Antzokiaren gainbehera eragin duten oinarrizko arazoak sarreren salmentaren beherakada eta babesleen laguntzen jaitsiera dira. Gelben lanaren egokitasuna zalantzan jarri dute aditu eta eragile askok, eta hari egozten diote jaitsiera horien errua. Ekoizpen garestiak eskaini eta aurkako kritikak jasotzen ari direla salatu du Metropolitan Opera Houseko musikarietako batek, Weston Sprottek. «Ondorioz, gastuek gora egiten dute eta diru sarrerek behera», erantsi du. Metropolitan Opera Housen gertatzen ari dena ez da, ordea, kasu bakana. New York Opera Cityko auditoriumak antzeko egoera bati aurre egin behar izan dio azken urteetan, eta itxita dago iragan urriaz geroztik.

Gero eta aulki huts gehiago

 New Yorkeko Lincoln Center antzokiaren programazioaz arduratzen da Metropolitan Opera House, eta Cavalleria Rusticana eta Pagliacci operen emanaldiak prestatzen ari dira azkenaldian bertako langileak. Ikusteko dago lan horiek jarraipena izango duten astelehenetik aurrera. Antzokiak 3.975 ikuslerentzat du lekua, baina azken emanaldietan inoiz baino aulki gehiago geratu dira hutsik. Aurreko sasoietan sarreren %92 saldu ziren, baina 2011-2012ko denboraldian, %84 baino ez, eta 2012-2013ko denboraldian, %79.

Arte eszenikoen arloan, AEBetako arte erakunde garrantzitsuenetako bat da Metropolitan Opera House, eta munduko ezagunenetakoa. Guztira, 1.600 langileri eragingo lioke, gertatuz gero, itxierak. Abesbatzak 80 kantari ditu, eta orkestrak, 97 musikari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.