Harold Bloom

Literatur izar bilakatutako kritikaria

Mendebaldeko literatur kanona zedarritzen saiatu zen, eta saio horrek arrakasta ekarri zion, baita aurkako kritikak ere. Bere kanona arrazakerian, misoginian eta klasismoan oinarritu zuela leporatu zioten.

BERRIA.
Inigo Astiz
2019ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Sonako izena zuen akademian aurrez ere, baina 1994. urtean bilakatu zen erabateko izar Harold Bloom (New York, 1930- Connecticut, 2019). Urte hartan eman zuen argitara Mendebaldeko kanona liburua, munduko literaturaren altxorra sasoian sasoiko eztabaida politiko eta moda ideologiko kontsideratzen zituenetatik libratzeko asmoa zuena, eta nazioarteko arrakasta lortu zuen lanak, baita unibertsitateen hormak gainditu ere. William Shakespeare, Miguel de Cervantes, Geoffrey Chaucer, Dante Alighieri, Jane Austen, Marcel Proust, Emily Dickinson, Virginia Woolf eta beste hamaika autoreren kalitatea aldarrikatzen zuen testuan, eta editoreen eskariz, 26 autoreko zerrenda bat ere gehitu zion liburuari azken momentuan. Behin baino gehiagotan azaldu zuen damua, baina epilogo horrek aurrez egindako lanari itzal egiten ziolako. Irakurria bezain kritikatua izan da kritikariaren lana, halere. Hamarkadak eman zituen Yale unibertsitatean irakasle, eta, 1995ean, Giza Zientzien Sterling Katedra esanguratsua eskuratu zuen. Naomi Wolfek, 2004an, izen-abizenez salatu zuen Bloom, 1983. urtean, artean oraindik haren ikasle zenean, egin zizkion ukituengatik. Postuan mantendu du beti unibertsitateak, ordea, eta irakasle segitu du heriotzaren atariraino. Ostegunean eman zuen azken eskola, eta astelehenean hil zen, 89 urterekin.

Literatur kritika klase guztietako irakurleen eskura jartzea izan zen haren erronka, eta literaturan jarri nahi zuen arreta guztia horretarako. Gurutzada moduko bat abiatu zuen horregatik afrozentrismoaren, feminismoaren, marxismoaren eta berak «erresuminaren eskola» izenekoan multzokatzen zituen beste hamaika eskola teorikoren aurka. Eta, hain zuzen ere, horregatik beragatik salatu dute Bloom misogino, arrazista eta klasistatzat. Kritikek ez zuten sekula kikildu, ordea, eta, besteak beste, publikoki jarri zuen ezbaian Doris Lessing idazleak jasotako Literatur Nobel Saria, «zuzentasun politiko hutsa» izan zelakoan.

«Nolabaiteko profeta»

Garaikideen artean, maite zituen Philip Roth, Thomas Pinchon eta Don DeLillo, adibidez, baina Bloomen kanonean Shakespeare nabarmentzen zen sasoi guztietako gainontzeko autore denen gainetik. «Shakespeare jainkoa da, eta haren pertsonaiak pertsonak bezain benetakoak dira», zioen. Baina behin baino gehiagotan salatu dute ideologiaz garbi aurkeztu nahi zituen bere irizpide literarioak ideologikoki erabat kargatuta zeudela. Gizonezko zuri eta anglosaxoiak ziren haren kanonaren ardatzak, izan ere.

«Urteak daramatza polemikaren erdian». Bloomen deskripzio zorrotza egin zuen Anjel Erro idazleak, adibidez, 2009an, BERRIA egunkariko literatura orrietan. «Nolabaiteko profeta bilakatu da, enperadorea biluzik dagoela oihu egitera jolas egiten duena eta aldi berean konturatu egiten dena bere teoriak galduko direla, berak hobekien ordezkatzen dituen azken dinosaurioekin batera».

Dinosauroen ordezkariari umetan piztu zitzaion literatur zaletasuna. Errusiatik iritsitako judu ortodoxoak zituen gurasoak, eta yiddisha zuen etxeko hizkuntza. Bizitza aldatu zion New Yorkeko liburutegi publikoan eskuetara heldu zitzaion Hart Crane poetaren liburuak; 7 urte baino ez zituen, eta, geroztik, literatura izan zuen bizitzaren ardatz. Bloomek berak onartzen zuenez, buruan iltzatuta gelditzen zitzaion irakurtzen zuen guztia, eta buru barruan txirikordatzen edo talka egiten eraman ohi zuen barneratutako literatura hori guztia. Esaten zuenez, gai zen 400 orritik gorako liburu bat ordubetean aztertu eta asimilatzeko, eta gaitasun horren erakusgarri dira haren lan kritikoak.

Hain zuzen ere, idazle batzuen eta besteen arteko lotura horiek izan ziren The anxiety of influence liburuaren funtsa (1973). Hori izan zen Bloomen lehen arrakasta editoriala. Poesiaren historiari buruz egiten zuen gogoeta autoreak, eta poeta handi guztiak aurreko poetekiko erreakzioz sortzen zirela defendatu zuen. Kritikariaren hitzetan, nork bere arbaso literarioak hiltzeko borroka freudiar baten emaitza zen literatura, nahiz eta, paradoxikoki, gatazka horrek nabarmen erakusten duen hil nahi diren aurrekari horiekiko zorra. Poesiari buruz ari zen Bloom zehazki, baina zabalpen handia izan zuen teoriak beste diziplinetan ere.

40 lan baino gehiago argitaratu zituen sei hamarkadatan, eta ezin konta ahala edizio kritikotarako sarrerak ere idatzi zituen. Mendebaldeko literatur kanona oinordekotzan utzita hil da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.