Itxaro Borda
Urmuga. IRITZIA

Harago

2021eko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Gailurrera heltzen zarenean, jarraitu ezazu igotzen», esaten du Txinako atsotitz batek. Txinatar birusaren delta aldaera gure artean dabilen garaiotan, ez da beharbada hain egokia, Txinatik datorkigun zuhurtziazko erran horren oroitaraztea... baina bego. Mendiez ari gara. Mendiek gugan sortzen dituzten are harago abiatzeko desirez. Mendietako patar izugarrietan gure barne-urmaelen irudirik fidelena aurkitzeko dugun esperantzaz. Haizeek, elur oldeek, ibaiek, oihanek, zuhaitzek, xendrek, zulatu gabeko bideek, laino eta euri artean, toki amestu horietara garamatzate.

Hutsa eta betea. Kalaka eta isiltasuna. Harpe zuloak eta kasko zorrotzak. Gauzen iturrien bila gabiltzala jakin arren, bilatuago eta helburua beti urrunago daukagu. Mendiek handitzen laguntzen gaituzte, ez dugulako beti lortzen paperean egingarria zirudien bortuaren gainera heltzea. Umiltasun ziztak banatzen dizkigutela ezin uka: erretzeari utzi nion urtean, Ansabe konkistatzeko xedea neukan. Petraxemako lepoan, hotzaz sufritu eta behereko bordetara jaistera behartua izan nintzen. Esperientzia ez dut berritu, zigarreta gehiagorik ere ez dut piztu. Ansabetik ikusten da Hiru Erregeen Mahaia...

Alpinista hitzaren eredua erabiliz, pireneista izena asmatu zuen 1898an Henri Beraldi mendizale ospetsuak. Gidak biderkatu dira geroztik, bortura edonor abia daiteke dagoeneko, bere ahalmenen arabera. Batzuk korrika ere ikusten dira, Ehüjarreko itzulia, demagun, lau orduz egiten saiatuz. Erran dugu jadanik, ibiltzea paisaia baten zeharkatzea dela, paisaia hori aitzinetik asmatu eta amestu denbora eta lekuaren junta bilakatzen baita. Sentimenduak eta sentsazioak, sakelako karnet txikietan pausatzen ditugun idazleontzat bereziki.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.