Itxaro Borda
Urmuga. IRITZIA

Oroitu

2021eko uztailaren 31
00:00
Entzun
Mendia eta bere inguruneak indar mnemotekniko izugarria badu, gure oroimena, gure hiztegiak eta gure gorputzeko artekak oro betetzen dituelako. Errobiko aurtengo festibalaren karietara, Artzamendiren maldan, Itsasun, Pirinioetako ibar urrundu batean ahuntzak hazten dituen Jens Bonn etnologo ibiltariak ederki aipatzen zuen bortuen eta kantuen arteko lotura intimo hori. Mendirik, belatxik eta artzainik gabe, basahaiderik ez. Adibide bat ematearren. Mendiaren materia berdinaz eginak gara, eta segur aski, bizitzaren buruan, mendiko lurrak irentsi gaitu, haragi ala hauts izan.

Mendia gizaki askoren bizi-lekua eta lantokia da. Ez genuke hori ahantzi behar eta menturaz Urmugan dabiltzan adiskideek, emazte eta gizon belaunaldiek utzi hatzak miretsi dituzte ibilaldian zehar. Izaba eta Santa Grazi artean, udaberri oroz, Mauleko zapatagintzan lanean aritzeko luzatzen ziren ainara lerro zuri-beltzak gogoaren zokotto batean dauzkagu. Ainaren epopeia hori duela bi hamarkada ikertzen hasi ziren mugaren bi aldeetako historialariak. Kakuetako arroilatik iragan ondoren, Kasernan, kamioi eskas batek Mauleraino eramaten zituen, han espartinak mozten, pikatzen eta josten zinpurtzeko.

Zenbaitetan, jende-jarduera baten leku bakar gelditzen da kantu bat. Edo Andatzan bezala, errotarriak pentoketan barreiatuak, harriaren biribiltasun perfektuak, munduaren sinbolo hunkigarria eskaintzen digularik. Zedarriak edo mugarriak ere kausitzen dira, mendiaren jabegoaren kontakizun mamitsu baten lekuko. Mendiak, ezagutzen dugun munduaz urrunago doaz, beste munduak badirela edo izan direla oroitarazten digute, umiltasunez eta gurbiltasunez ikas dezagun gurea maitatzen. Eta ez da gutxi.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.