Itxaro Borda
URMUGA. IRITZIA

Mendira

2021eko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Urek badakite nora isuri. Mugarik ez dute. Bortu latzen pentokak jarraitzen dituzte itsaso batera edo bestera lehiatzeko. Urratsak, aldiz, askotan, zalantzak trabatzen ditu, adibidez, lur busti eta padura hezeetan zehar ibiltzen garenean. Azkeneko egun hauetan ur mugetan dabiltzanek ongi dakite zer erran nahi dudan. Haizea lagun dute, euria bakarretan, adiskidantza eta musika beti. Hatsa hartzeak jartzen diete erritmoa eta bihotzak errima.

Haiekin izan nahiko genuke, mendira joan, mendian zentzatu, mendian galdu, mendian bizi eta hil. Neandertalen geneetatik jaso dugun amets arketipala da, gutaz haragoko zerbait, mendia gure jatorria eta gure etorkizuna balitz bezala.

Poetak, geografoak eta mendizaleak kausitzen dira xendra horietan, botak oinetan eta begia alde orotara zelatan. Paisaiak berak nondik zulatu erakusten digu, paisaiarekin preseski harreman intimoa irutea lortzen dugulako denborarekin: haurtzaroko oroitzapenak hor dira bilduak, espazioen memoriak, edertasuna deitzen dugunaren neurriak, urruntasunarekiko izuak eta pozak, opor garaietako sepia koloreko argazkiak.

Bidean, Urtsuan, Andatzan edo Orhi handiaren maldan, bestelakoak ere garela sinesten dugu, aldi berean ezagunak, hunkigarriak eta arras arrotzak. Barne eta kanpo zeharkaldiak dira ibilaldiak, oinezko, Robert Louis Stevenson idazlearen gisan astoarekiko edo barkuzko esperientzia metatuak.

Gorputz osoa dantzan jartzen da desiratutako ingurune horietako bidaietan: ikusmena, belarriak, dastatzeko ahalmena, besoak eta zangoak, pentsamendua, isiltzeko gaitasuna, sabela ere eguerdi aldera gosea hurbiltzen denean, iragana eta etorkizuna... ibilian hots, naizen guztia naiz, bazterketa, apaleste eta urguilurik gabe.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.