Indarkeria matxista

Defentsak ukatu egin du sexu harremanak bortxaz izan zirela

Azken saioan, bost auzipetuen abokatuek argudiatu dute biktimak salaketa jarri zuela bideo bat argitara emango zuten beldur zelako

Akusatuen abokatuetako bat, atzo, epaitegira sartzen. VILLAR LÓPEZ / EFE.
Naiara Elola.
Iruñea
2017ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Sententziaren zain gelditu da 2016ko sanferminetako talde bortxaketaren harira Nafarroako Auzitegi Nagusian egin den epaiketa; atzokoa izan zen azken saioa. Bost akusatuen defentsaren abokatuek epaiketan aurkeztutako frogak oinarri gisa hartuta ateratako ondorioak helarazi zituzten. Besteak beste, Iruñeko Paulino Caballero kaleko bosgarren atariko gela txiki batean izandako sexu harremanak «onartuak» izan zirela adierazi zuten hiru defentsa abokatuek. Biktimaren salaketa «faltsua» dela iritzita, bost auzipetuentzat absoluzioa eskatu dute.

Agustin Martin Becerrak, bost akusatuetako hiruren defentsaren abokatuak, aurkeztu zituen lehenik ondorioak. «Datu gutxi» batzuk besterik jasotzen ez zuen biktimaren hasierako salaketarekin «ekaitz perfektua» eratu dela azaldu zuen. Are gehiago, instrukzio epaileak eskatutako ikerketa zalantzan jarri zuen: «Autore ikerketa izan da, hasi eta buka». Gainera, iradoki zuen salaketaren arrazoia ez zela bortxaketa izan, bost akusatuek sakelako telefonoa lapurtu izana baizik. Fiskalak eta akusazioek epaiketan aurkeztutako frogak oinarri hartuta, esandakoa ukatu, eta auzipetuek egindako grabazioetan neska sexu harremanez «gozatzen» ageri dela esan zuen Martin Becerrak. Sexu harremanak «adostuta» zeudela iritzita, defendatzen dituen hiru gizonentzat absoluzioa eskatu zuen.

Antzera mintzatu zen Jesus Perez ere, ofizioz guardia zibila den auzipetuaren defentsaren abokatua. Ia ordu eta erdiz garatutako azalpenean, onartu zuen bere bezeroak sakelako telefonoa lapurtu ziola biktimari, baina ez zuen arrazoia argitu. Salatzailea Paulino Caballero kaleko atarian «bere borondatez» sartu zela esan zuen: «Ez zen ihes egiten saiatu». Haren hitzetan, honako hau da salaketa jartzeko arrazoia: «Lehen aldiz taldean izan zituen sexu harremanek ez zuten asebete, damutu egin zen, eta horregatik jarri zuen salaketa».

Biktimak bost gizonezkoak salatzeko arrazoiak bilatu nahian,pauso bat harago egin zuen militarraren defentsa lanetan diharduen Juan Canales abokatuak. «Neskak ez zuen salaketa jarri nahi, baina, egoeragatik, behartuta ikusi zuen bere burua». Bortxaketarik ezin izan dela frogatu argudiatuta, bere bezeroarentzat absoluzioa eskatu zuen.

Behin defentsaren abokatuen azalpenak entzunda, epaileak akusatuei epaia eman aurretik azkenekoz hitz egiteko aukera eskaini zien. Euren errugabetasuna defendatu zuten bostek. Formula bera erabili zuten guztiek, gainera: «Errugabea naiz, eta konfiantza dut justiziarekin». Auzitegiko iturrien arabera, espero da epaia urtarrilean jakinaraztea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.