Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Hego Euskal Herria

Nafarroako autogobernua «defendatzeko prest» agertu da Geroa Bai

EH Bilduk ere salatu ditu autogobernuaren kontrako erasoak: «Ez dira berriak». Aldaketa koalizioak «Nafarroa progresista» ordezkatu nahi du

Geroa Baiko hautagaiak, Iruñean atzo egindako ekitaldian. BERRIA.
Erredakzioa
2019ko apirilaren 23a
00:00
Entzun
Nafarroako autogobernua berriro ere eztabaida politikoaren ardatz bilakatu da Espainiako Kongresu eta Senaturako hauteskunde kanpainan. Geroa Bai, esaterako, horren inguruan mintzatu da Iruñean, kanpainaren ekitaldi nagusian, eta han Uxue Barkos lehendakariak horren defentsa egin du: «Nafarroa ez da ukitzen», ohartarazi du.

Barkosen ustez, Geroa Bai da Nafarroaren interesak «mugarik eta murrizketarik gabe» defendaditzakeen bakarra, eta erantsi du koalizioari emandako botoa «fidagarria» dela: «Ez da barne gatazketan galduko, eta ez da nazionalismo espainiarraren amarruetan eroriko».

Nafarroako autogobernuaren eta nortasunaren inguruan Navarra Suma koalizioak darabilen jarrerari «kaltegarri, onartezin eta ulertzezin» iritzi dio. «Autogobernurako hain arriskutsua izango den hurrengo agintaldian, ezin dugu utzi Navarra Suma izan dadila Nafarroako interesen ordezkaria», esan du.

Barkosek gogor kritikatu du Navarra Suma koalizioa osatzeko UPN C's-ekin elkartu izana, eta gogorarazi du C's Nafarroako hitzarmen ekonomikoaren aurka mintzatu dela «UPNrekin akordioa egin eta 24 ordura».

Antzera aritu da Koldo Martinez Geroa Bairen hautagaia; Navarra Suma koalizioa kritikatu du, eta esan UPN «Nafarroakogizartearen etsaiekin» elkartu dela.

Martinezek ere autogobernua defendatu du: zenbait eskumen transferitzeko eskatu du —besteak beste, gizarte segurantzarena eta trafikoarena— eta azaldu du ez daudela prest beste erkidego batzuekin «behetik» berdinduak izateko: «Ez diegu utziko hitzarmen ekonomikoa ukitzen».

Martinezen ustez, UPNko presidente Javier Esparzaren asmo bakarra da Uxue Barkos Nafarroako lehendakaritzatik botatzea eta «boterea» eskuratzea; «Horretarako deabruarekin elkar hartuta joan behar badu, ez du horretarako arazorik».

Autogobernua «suntsitu»

EH Bilduko hautagai Bel Pozuetak ere Nafarroako autogobernuaren aurkako erasoak aipatu ditu, baina erantsi du horiek ez direla oraingoak, aspaldikoak baizik. «Urteak daramatzagu Nafarroaren desforalizazioa pairatzen», esan du, eta UPN «bidaidetzat eta partaidetzat» jo du «autogobernuaren etengabeko suntzitze» horretan, PSOE, PP eta C's-ekin batera. «Nafarroako foru instituzioak eta gizartea ez defendatzea» leporatu dio Pozuetak UPNri.

«Alde bakarretik eta modu ilunean erabaki zutenak Foru Hobekuntza izango zela joko zelai politikoa, ari dira orain hura ezabatu nahian, edo, behintzat, autogobernu apur bat ekar dezaketen eduki guztiak kendu nahian», azaldu du Pozuetak. Haren hitzetan, indar horiek babestu dituzte Espainiako Gobernuaren eta Ogasunaren «esku hartzeak», eta Espainiako Auzitegi Konstituzionalari «adore» eman diote «askatasunak ebaki ditzan».

Pozuetak botoa eskatu du datorren igandeko hauteskundeetan, Madrilera eramateko «feminismoaren defentsa, justiziarena, etsi egiten ez duen Nafarroarena eta eskubide sozialen aldeko lanetan aurrera egin eta sakondu nahi dutenena».

PSOEren «blokeoa»

Geroak Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak osatutako Aldaketa ere autogobernuaren defentsan agertu da, baina batez ere sozialistei egin dizkie kritikak. Espainiako Senatura aurkezten den hautagaitzaren arabera, PSOEk «blokeatu» egin du 77,8 milioi euroko diru poltsa, eta Nafarroan egin beharreko hainbat inbertsio atzeratu ditu. «Hamar hilabete hauetan frogatu dute ez direla gauza Nafarroaren interesen aldeko politika progresista egiteko», esan dute.

Aldaketaren ustez, zerrenda hori da «Nafarroa progresistaren ahotsa eraman eta nafarren interesak defendatzeko gauza den indar politiko bakarra».

Espainiako Senaturako bozetan, lehenengo indarra izan nahi du Aldaketak Nafarroan. Hori izango litzateke, haien ustez, «eskuinen frontea» gailentzeko bide bakarra, eta «birzentralizazioari» galga jartzeko ere balioko luke, «autogobernua defendatu eta aldaketari esker lorturiko aurrerapen sozialak blindatu ahal izateko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.