Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Kanpaina

EPk ziurtatu du torturaren biktimekin «konpromiso eztabaidaezina» duela

Elkarrekin Podemosek Donostian egin du ekitaldia kanpaina hasi berritan. Berretsi du «torturak ez zuela inoiz existitu behar»

Gorrotxategi eta Garrido, atzoko ekitaldian, Donostian. GORKA ESTRADA / EFE.
Irati Urdalleta Lete.
2020ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
«Biktimei aitortu behar diegu euren sufrimendua bidegabea izan zela: ez zen inoiz gertatu behar». Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemoseko lehendakarigaiak tortura izan zuen hizpide, atzo goizean Donostian egindako agerraldian.

Torturaren Biktimen Babeserako Nazioarteko Eguna zela eta, eta gaiak gizartean azken egunetan izan duen harrabotsa ikusita, Gorrotxategik ziurtatu zuen Elkarrekin Podemosek «konpromiso eztabaidaezina» duela «gaitz» hori jasan dutenekin. Uste du torturaren ondorioak ikusaraztea «justizia ekintza bat» dela iragan hurbileko pasarte «ikaragarri» horri erreparatzeko. Gainera, haren hitzetan, horrek ezin du etorkizuna baldintzatu: «Uste dugu inoiz ez zuela existitu behar, eta ekidin behar dugu gizarte gisa dugun etorkizuna baldintzatzea».

Hitzak ez ezik, ekintzak ere aipatu zituen Gorrotxategik: «Duela urtebete Elkarrekin Podemosek lortu zuen Eusko Legebiltzarrean aho batez onartzea legez besteko proposamen bat: torturaren biktimak babesteko eta aitortzeko egun bat ezartzea». Haren esanetan, horren oinarri bat izan zen ez dagoela «torturaren gaitzetik» libre dagoen gizarterik eta estaturik. «Euskadi ez da izan eta ez da salbuespena».

Gainera, gogorarazi zuen Eusko Jaurlaritzaren txostenak jasotzen duela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 1960tik 2014ra 4.100 tortura salaketa ofizial egon zirela, baina txostenak onartzen duela zenbaki horiek dimentsio errealetik behera dagoela.

Pilar Garrido Ahal Dugu-ko idazkari nagusi aukeratu berriak ere parte hartu zuen atzoko ekitaldian. Haren hitzetan, euskal gizarteak eskubidea du «egia guztia» ezagutzeko, eta Elkarrekin Podemosek horretan dihardu: «Elkarrekin Podemosen DNAn argi dago egiaren, justiziaren, erreparazioaren eta ez errepikatzearen ideia».

Garridoren iritziz, egia, ikuspuntu indibidualetik, biktimentzako erreparazioa da, baina ikuspuntu kolektibo batetik ere badu garrantzia, «euskal gizarteak erakutsi duelako, ezagutza duenean, lezioak ikasten dituela ez errepikatzeko estatu honentzat lotsagarriak izan diren ekintzak».

Tortura kanpainan sartuta

Azken egunetan zalaparta eragin duen gaia izan da torturarena. CIAren paper batzuek Felipe Gonzalez GALekin lotu ostean, Espainiako Kongresuan ikerketa batzorde bat sortzeko eskaria erregistratu zuten EH Bilduk, EAJk, ERCk, Junts Per Catalunyak, CUPek eta BNGk. Pablo Echenique Unidas Podemoseko bozeramaileak, ordea, esan zuen ez zuela horretarako oinarririk ikusten: «Ez dute ezer berririk esaten, eta orduko egunkari orriekin eginak daude». Azkenean, atzera egin eta ikerketa batzordea sortzea babestu zuten, baina Kongresuak atzera botazuen aukera.

Orduan ere beharrezkotzat jo zuen Elkarrekin Podemosek Gonzalezek GALen erantzukizun politikorik izan ote zuen argitzea, eta atzo berretsi zuen zein jarrera daukaten torturari buruz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.