Ipar Irlandako alderdi bakar batek ere ez du babestu Mayren 'brexit'-erako plana

DUPek 'backstop'-a kentzeko eskatu du berriz ere, eta Sinn Feinek uhartea batzeari buruz galdetu nahi du EB uzteko akordiorik ez balego

Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroa, herenegun, Belfasten eman zuen hitzaldian. AIDAN CRAWLEY / EFE.
mikel rodriguez
2019ko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroa Ipar Irlandako Parlamentuan ordezkaritza duten bortz alderdietako buruzagiekin elkartu zen atzo Belfasten, eta bakar batek ere ez zuen babestu Mayk brexit-a gauzatzeko aurkeztu zien plana. Arlene Foster DUP Alderdi Demokratiko Unionistako buruak betiko eskakizuna errepikatu zion: ken dezala Bruselarekin egindako akordiotik backstop erran zaion protokoloa, Irlandan muga gogor baten sorrera eragoztea helburutzat duena. Sinn Feinek, berriz, kontrako kezka agertu zuen: «Ez dut aditu ez froga bat, ez konpromiso bat, ez proposamen bat, deus ere ez, uharte honetan muga gogor bat eragotz dezakeena», kexatu zen Michelle O'Neill Sinn Feinen Ipar Irlandako arduraduna.

May herenegun ailegatu zen Belfastera, eta hitzaldi batean adierazi zuen ez duela backstop-a kendu nahi, «aldaketak» egin nahi dizkiola baizik. Egoera labainkorrean dago Irlanda. Martxoaren 29an EBk eta Erresuma Batuak ez badute brexit-erako akordioa guztiz ixten, automatikoki muga gogor bat ezarriko da Irlandako Errepublikaren eta Ipar Irlandaren artean, eta uharteko biztanleak beldur dira britainiar unionisten eta irlandar nazionalisten arteko tentsioa areagotuko ote duen horrek, hogei urte baino gehiago bete dituen bake prozesuaren ondoren. Gainera, kontuan hartu behar da Ipar Irlandak badaramatzala bi urte gobernu autonomorik gabe, alderdien arteko desadostasunengatik.

UUP Ulsterko Alderdi Unionistak Mayri erran dio Erresuma Batuak EB akordiorik gabe uzten badu, «lehentasuna» autonomia berrezartzea izan behar dela, eta, Ipar Irlandako alderdiak ados paratuko ez balira, Londresek «berehala» ezarri beharko lukeela aginte zuzena. Sinn Feinek, ordea, akordiorik gabeko brexit bati erantzuteko Irlanda batzeari buruzko erreferendum bat proposatu du. Tony Lloyd Ipar Irlandarako ministroak erantzun dio: «Ez da orain arreta eman beharko geniokeen konturik nabarmenena».

«Infernua» eta «deabrua»

Komunen Ganberak hemendik astebetera egitekoa du bozketa bat brexit-arekin zer egin erabakitzeko, eta Mayk agenda betea izanen du ordura arte. Gaur Bruselan elkartuko da Jean-Claude Juncker Europako Batzordeko presidentearekin; bihar, berriz, Leo Varadkar Irlandako Errepublikako lehen ministroarekin, Dublinen. Varadkar atzo izan zen Bruselan, eta Junckerrek eta Donald Tusk Europar Kontseiluko presidenteak hitzeman zioten ez dutela berriz negoziatuko azaroan itxitako akordioa.

Tusken adierazpenek sesiorako arrazoia ere eman zuten, erran baitzuen brexit gogorraren aldekoek «toki bat» dutela «infernuan». Sammy Wilson DUPeko kideak «deabruzko» eta «euromaniako» deitu zion Tuski. «Lortuko den gauza bakarra da haien erabakia gauzatu nahi dutenen erresistentzia indartzea Tusken eta haren hiruhortzekodun taldetxoaren aitzinean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.