K Saioa Alkaiza(h)
EGUZKI EPELEAN

Ongi izan

2019ko irailaren 1a
00:00
Entzun
Hamabost zutabe idatzi ditut 31 egunean; gutxi gorabehera, bi egunetik behin bat. Idazleen, musika taldeen eta bertsolarien 24 aipu inguru erabili ditut: emakumezkoen 14, eta gizonezkoen 10, eta hori propio neurtu dudala (heteropatriarkatua ez dugu irauliko, baina gure aletxoa jarri dezagun). Bidean generoaren muga horietan sartzen ez den autorerik ez dut aipatu, gaur ohartu naiz. Denak zuriak dira, bide batez; horretaz ere oraintxe ohartu naiz. Klasearen kasuan, desjabetuon aldean leudeke ia denak. Hautu bat, hori bai. Hizkuntzari dagokionez, gehienak euskaldunak dira, baina asko eta asko, gaztelaniaz eta ingelesez idazten dutenak; hegemoniaren inertziak eraman nau. 27 liburu kontsultatu ditut testuetarako aipuak, esaldiak, hausnarketak eta beste bilatu nahian; bidean, 48 post-it erabili ditut ideia nagusiak apuntatzeko. Ez naiz kapaza esateko zenbat kanta entzun ote ditudan. Idazten nabilen bitartean, normalean, Interneten hamar webgune dauzkat irekita; oraintxe bertan, hamabi zehazki, eta egiatan pentsatzen dudala horiek denak behar ditudala idazteko, ez dakit zergatik. Eta hementxe aitortza: besteen aipuak ibili ditut maiz, neroni hori bera esatera ausartu ezinda.

Lagun minenei eskatu diet zerbait otutzekotan ideiak bidaltzeko, gero idazteko materiala izateko. Bi pertsonari irakurri dizkiet haiek nahi baino gehiagotan testu hauek, zuzenketen bila (sortzaileen zaintzaz aritzerakoan, sostengatzen duten horietaz zenbatean ahazten garen gogorarazi ohi dit haietako batek). Egiletza kolektibotik ere badute testu hauek. Azkenean, egin dut zutabeena, behin baino gehiagotan galdetuta neure buruari egin beharko ote nukeen.

Ezagutza kokatua aldarrikatzen dut bizitzan, Donna Harawayrekin oroituz; autoetnografia, ikerketan gu garen horretatik jardun behar dugulako; sinesten dut auto-aren balioan, subjektibitatearen lubaki gorpuztuan. Hala ere, ahalegindu naiz zutabe hauetan, niretik bai, baina nitaz ahalik eta gutxien idazten. Inkoherentziak. Egiazko ni-ari buruz izkiriatutako esaldi gutxi horietan, Alaine Agirreren esan bat izan dut gogoan, eta, hala ere, kosta egin zait. Olerkia, hauxe: «Neure burua da agian ezagutzen dudan errealitate bakarra, baina sinetsita nago neure buruaz/ zintzo idatzita irakurleaz ere ari naizela, beste batzuen barruetan dauden beldur eta mamuekin/ bat egin dezakedala./ Nitaz idaztea da zutaz idazteko nire modua». Poema horrekin justifikatu diot neure buruari autoerreferentziaren bat.

Idaztea proposatu zidatenean, «Ni nor naiz, ba, idazteko?» pentsatu nuen. Gero eta gizarte indibidualistago honetan norbanakoen sinadurek duten pisuak larritzen nauelako; zinez sinesten dudalako antiautoritarismoan eta lezio ezean; zinez sinesten dudalako herri mugimenduaz herri mugimenduak baino ezin duela zintzotasunez hitz egin; zinez sinesten dudalako horizontaltasunean aritzeko talde idazki gehiago eta norbanako gutxiago behar ditugula.

Eta, hala ere, hemen nago, bestelako kazetaritza bati zerbait eman nahian, ahalik eta zintzoen neure buruarekin. Inork gustuz hartu badu zerbait, niretzat plazera izan da. Iruñeko Alde Zaharreko kaleetan ikusiko dugu elkar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.