HILBERRIA. Agnes Heller

Egunerokoan oinarritutako pentsamendua

Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2019ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
«Ez dut arrazoian sinesten. Arrazoiaren izenean milioika pertsona akabatu dituzte». Agnes Heller. Budapesten jaioa 1929an. Judua. Aita Auschwitzera eraman eta hil zioten naziek, Hungarian bertan sortutako Gezi Beltzen ezinbesteko kolaborazioarekin. II. Mundu Gerra bukatu ostean, mugimendu sionistako kide egin zen, baina Istvan Hermann ezagutu zuen —ezkondu ere egingo ziren gero—, eta, haren eraginez, sionismoa baztertu eta Hungariako Alderdi Komunistan sartu zen.

Budapesteko unibertsitatean fisika eta kimika ikasten hasi zen, baina berehala aldatu zen filosofia eta gizarte zientziak ikastera. 1955-1956 epean, Magyar Filozófiai Szemle filosofia aldizkaria zuzendu zuen. Giorgi Lukaksen ikasle nabarmenetakoa izan zen; hura buru zuen Budapesteko Eskolako kide emakumezko bakarra bihurtu zen. 1968an egin zen doktore filosofian. Marxismo humanista aldarrikatzen zuen. 1970eko urteetan arazoak izaten hasi zen alderdi komunistarekin. Eguneroko bizitza (1970) eta Premiaren teoria Marxengan (1974) ditu garai haietako lan ezagunenetakoak. Sorterrian disidentetzat jo zuten, eta Australiara alde egin zuen 1977an. «Garai batean marxista izan nintzen, baina ordutik ez dut nahi izan inongo ismo-rik. Ezta antimarxismoarena ere», zioen Hellerrek berak geroago.

Australiara joan eta urtebetera argitaratu zuen Ezker erradikalismoaren filosofia. Gero etorriko ziren, besteak beste, Historiaren teoria (1982), Justiziaz haratago (1987), Modernitateak iraun ote dezake? (1990) eta Historiaren filosofia bat (1994). 1986an, Ameriketako Estatu Batuetara aldatu zen bizitzera, Hannah Arendtek New Yorkeko Ikerketa Sozialetarako Eskola Berrian utzitako irakasle lanpostua betetzera. Aditua zen etikan, estetikan, historian eta kultura eta historia filosofian. Hamaika arlo landu zituen, baina eguneroko bizitzaren zentraltasuna aldarrikatu zuen batez ere, egunerokoaren ertzetako jakituria, dialektika etengabean balio eta historia sozialaren mamitze prozesuarekin. Asko gogoetatu zuen ilustrazioaren eta aurrerapen kontzeptuaz, baita teknologiaren botereaz ere.

1990ean itzuli zen Budapestera, AEBetatik. Azken urteotan, Viktor Orban Hungariako lehen ministroaren aurkako kritikan nabarmendu zen. Ostiralean, Budapestetik 100 kilometrora dagoen Balaton aintzirara igeri egitera sartu, eta ez zen atzera irten. 90 urte zituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.