KRITIKA. Antzerkia

Egia-ostea

The Mountain antzezlanaren irudi bat. JORDI SOLER QUINTANA / ARRIAGA ANTZOKIA.
2021eko otsailaren 16a
00:00
Entzun

'The Mountain'

Sorkuntza: Agrupacion Señor Serrano. Dramaturgia eta zuzendaritza: Alex Serrano, Pau Palacios, Ferran Dordal. Antzezleak: Anna Perez Moya, Alex Serrano, Pau Palacios, David Muñiz. Musika: Nico Roig. Bideo-programazioa: David Muñiz. Bideo-sorkuntza: Jordi Soler Quintana. Espazio eszenikoa eta maketak: Lola Belles, Alex Serrano. Eszenografia-laguntzailea: Mariona Signes. Zuzendari teknikoa: David Muñiz. Argiak: Cube.bz. Produkzioa: GREC Festival de Barcelona, Teatre Lliure, Centro de cultura contemporanea Conde Duque, CSS Teatro Stabile di Innovazione del Friuli-Venezia Giulia, Teatro Stabile. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Otsailak 13.

The Mountain antzezlanak bi istorio aletzen ditu erritmo eta umore finez, betiere, helburu bakar baten menpe, alegia, egia zer ote den zalantzan jartzea. Gustura aditzen ditugu Everesteko gailurrera iristeko George Malloryren espedizioaren ingurukoak zein Orson Wellesek The War of the Worlds nobelan oinarriturik estralurtarren lurreratzea irratiz transmititu zituenekoak. Lehenbizikoan, 1924an gaina hartu zuela frogatu ezinean geratu ziren. Bigarrenean, berriz, badakigu irrati-antzerkibitartez jendea engainatzea lortu zutela, baina, ez dago jakiterik nahita ala nahi gabe egin ote zuen.

2006. urtean sortutako konpainiak berezko estiloa du, non maketa zein bestelako objektuen grabazioak proiektatzen dituzten ilusioa sortze aldera. Horrela, The Mountain-en ere, prozesuan dagoen eraikuntza bat erakusten du, zeinak arte eszenikoen artifizio edo amarruen jakitun nahiz konplize egiten gaituen.

Baina, alde teknikoaren maisutasuna erakargarria bada ere, are interesgarriagoa iruditu zaigu Señor Serranok planteatzen digun hausnarketa: informazio gaindosia pairatzen duen gizartean, egia nola antzeman? Fake news-ek itota dagoen munduan, zein informazio dugu egiatia, zein sinesgarriena? Egiaren eta gezurraren arteko muga nola ikusi norbera bere kobazulo ideologikoan bizi bada? The Mountain deskribatzeko, teatro filosofiko-ironiko etiketa erabil genezakeelako ideia zabaldu nahi dugu lerro hauetatik. Gainera, kontua da antzerkia oso gune berezia dela benetakoa dena auzian jartzeko. Teatroa fikzioa da, imitazioa, simulazioa, engainua, ikusleok sinistu nahi dugun gezurra, Platonen kobazulotik ikusten ditugun itzalak. Eta horrek biderkatzen du Señor Serranoren proposamenaren ausardia egia-ostea-ren garaian.

Irudiak froga gisa erabili izan ohi ditugu zer existitzen den eta zer ez frogatzeko. Baina, uste hori zaharkitua dagoela ulertzeko, gogora ekarri garagardo konpainia batek Lola Floresen aurpegia manipulatuz errodaturiko iragarkia, esate baterako. XX. mendean, Everesteko gailurrera iritsi izanaren agiria Kodak batek ateratako argazkiak ematen zigun. Hori galduz gero, frogarik gabe geratzen zen balentria. Orain, berriz, ez dago irudiekin fidatzerik, eta hori guztia esaten digu The Mountain-ek, antzezlanaren artifizio guztia begi bistan ipintzen diguten bitartean eta Putinen aurpegia lagun dugula: ikusle hori, erne! Jakizu gezurren garaian bizi zarela, eta are gehiago, gizarte postmodernoak ez dauka egia bilatzeko inongo interesik. Ikusten ari zaren elurra faltsua dela bistan izan arren, zenbateraino axola zaigu?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.