begona del teso
EPPUR SI MUOVE

Stanislaw Lem, polonieraz bai, euskaraz ez

2021eko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Badakit eguneroko gertaera dela. Ez naiz inozoa. Irakurtzen eta entzuten ditut, maizegi, euskaraz bizi nahi dutenen kexak, minak, salaketak. Baina niri (jainko, jentil eta deabru guztiek babestua) sekula ez zitzaidan gertatu. Pasa den astelehenera arte, eta benetan esaten dizuet, mina baino gehiago, harridura eragin zidala pasadizoak. Are txundidura handiagoa kontuan izanda non, noiz eta zein inguruabarretan pasa zen.

Donostian. Andre Zigarrogileen plazaren barrenetan. Kultura Garaikideen Nazioarteko Zentroan. Tabakalerak, Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteak eta Poloniako Kultur Institutuak antolaturiko ziklo batean. Zientzia fikziozko literaturaren maisu handienetakoa den Stanislaw Lem idazlea omentzen duen ziklo batean. Judu familia baten semea, kasik inoiz libre izan ez den herri bateko kide, ironia, sarkasmoa eta gizakiekiko mesfidantza ibili zituen tresna, arma, bandera, bitarteko bere lanetan. Galdera existentzialez gainezka dira bere kontakizunak. Pirx pilotoaren narrazioetan, kasu, handik denbora batera, askoz geroago Philip K.Dickek, Arthur C. Clarkek edota Terminator filmaren gidoia idatzi zuten Harlan Ellisonek, James Cameronek eta Galen Anne Hurdek azaleratuko zuten ardura bera antzematen dugu: sortu genituen, sortzen ari garen eta sortuko ditugun makina adimentsu horiek, gure itxura, ibilkera, testura ere badituzten edo izango dituzten izaki horiek, antigoaleko garaietan robot edo golem deitzen genituen horiek, orain, izuak (baita, askotan, amodioak ere) bultzaturik erreplikanteak izendatzen ditugun horiek izango al dira inoiz gure parekoak? Adimen artifizialari dagokionez, dudarik ez, gu iritsi garen lekutik harago iritsiko dira. Iritsi dira. Kalkuluetan xakean nola. Abilagoak dira, azkarragoak dira, eta gure burmuinean kabitu ezinik geratzen diren ezagutzak gozo irensten dituzte. Horretan ez gara, aspalditik igualak. Gainditu gaituzte. Baina sentimenduei dagokienez, zer? Guk sentitzen, gozatzen, nozitzen dugun oro ikasiko dute sentitzen, gozatzen, nozitzen?

Eta jakinda beraiek gu baino iraunkorragoak, indartsuagoak, bizkorragoak direla, matxinadara deitzen badute elkar, zein ote gure arma euren ahalmenen aurrean?

Agian, eta hor uzten du paper gainean Lemek, hor pantailan narrazioa zinema bihurtu zuen Marek Piestrak zuzendariak, gure-gurea den debilidadea. Makinek, robotek, erreplikanteek badute euren indarraren berri. Badakite sortzaileok gainditu gaituztela. Eta harro dira. Harroxko, inkluso. Gure flakezietako batek ere ez du lekurik beren zirkuituetan... Hortxe gure aukera kasik bakarra, ahulezia horiek ez etxekalte baizik eta etxeonura erabiltzea.

Eta iraganeko maneraz, joandako garaietan existitzen ziren bitarteko urriekin, mundutik hain isolaturik zen Polonia ezezagun batean egindako zientzia fikziozko atrebentzia/balentria steampunk-postindustrial hura ikusi behar genuela, aurkezpenean kontu kontari genbiltzala, Hegoaldean ofizialak diren bi hizkuntzak tartekatuz, euskaraz ari ginenean, andre batek altu samar eta nahikotxo haserre esan zion senarrari: «No me estoy enterando de nada» (Ez naiz ezertaz jabetzen ari).

Ez. Benetan esaten dizuet ez zidala min handirik eman. Alta, harritu egin ninduen. Gintuen, izan ere, beste ikusleak ere (ele bakarrak zein elebidunak edo eleaniztunak) zor eta lor geratu ziren. Gehienok uste genuen aspaldiko, modaz pasatako protestak zirela horiek. Euskaraz ez jakinda ere, onartzen genuela denok Donostian kokaturiko kultur gune batean (tabernetan eta estadioetan bezala) bi hizkuntzak erabiliko direla aise eta plazer handiz. Are gehiago, afixa eta seinale oro bi eletan dauden leku batean. Are gehiago batek besteak baino zainketa bereziagoak behar baditu.

Bai, ahoa bete hortz, ezpainak bete hitz, bihotzak bete dardar geratu ginen denok. Kanpotik datozen egile/ ikasle/ irakasle/ ikusle/ mamu/ munstro/ erreplikante guztiek erraz asko onartzen dute hemen bi hizkuntzetan mintzatzen garela. Hirutan. Lautan, gaskoia kontuan harturik; bostetan, ingelesa hor dago eta. Etxekoak gara, kontra, okerrenak, gaiztoenak, gaiztotuago garenok.

Lasai, lagun, lasai. Batean ez bazara enteratzen, bestean enteratuko zara. Edo hirugarren horretan edo... hor konpon. Seguru Interneten polonieraz ulertzeko tutorial bat aurkituko duzula. Horrela, Andrzej Wajdak 1968an egokitutako Przekladanirec film laburrean luzaturiko beste kezka bat jatorrizko hizkeran jasoko duzu: zerk egiten gaitu gizaki? Guregan hainbat eta hainbat txerto, protesi, titaniozko xafla izanda, utziko al diogu gu izateari?

Arrapostua, pantailan zein liburuetan. Eskurago (nahi) duzun hizkuntzan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.