Albistea entzun

Euskararen historiari buruzko saioa gaur ETB1en: 'Ezina ekinez egina'

Gaizka Arangurenek aurkeztuko du. EITBk bat egingo du Euskararen Nazioarteko Egunarekin
Andres Urrutia euskaltzainburua eta Gaizka Aranguren kazetaria, <em>Ezina ekinez egina</em> saioan.
Andres Urrutia euskaltzainburua eta Gaizka Aranguren kazetaria, Ezina ekinez egina saioan. BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Enekoitz Telleria Sarriegi -

2021eko abenduak 3

Ezinez eta ekinez egindako bidaia luze bat modu kronologikoan emana, protagonisten eta adituen eskutik. Horixe litzateke gaur ETB1en (22:30) emango duten euskararen historiari buruzko saioa: Ezina ekinez egina. Historia horretan «sakontzeko» aukera bat, omenaldi ere baden izenburu batetik abiatuta. «Bururatu zitzaigun Joan Mari Torrealdairi omenaldi txiki bat egitea. Bere esaldien bila ibili ginen, eta berak zioen bere ibilbidea esaldi bakarrarekin laburtu beharko balu esaldi hori litzatekeela: 'Ezina ekinez egina'. Momentu askotan ezinezkoak ziruditen gauzak lortu egin direlako saiatzearen poderioz», azaldu du programaren zuzendari Irati Sarasuak.

Gaizka Aranguren historialari eta kazetariak aurkeztutako saioa da, eta Itxi liburuak saioaren formatu berdintsua dauka. Galdera batetik abiatuko dira: «Programaren hasieran galdetzen dugu euskararen misteriorik handiena zein den. Norbaitek hasieran erantzuten du sorrera dela misteriorik handiena. Programa bukatzen dugu esanez euskararen misteriorik handiena ez dela izan haren sorrera, hark bizirik irautea baizik. Koldo Mitxelenak esana da hori. Torrealdairen eta Mitxelenaren bi esaldi horiekin laburbiltzen da ondo programa zer den», nabarmendu du Sarasuak.

Hasieran planteatutako galderari erantzuteko, Arangurenek hainbat aditu elkarrizketatuko ditu, eta bidaia bat osoa egin: euskarazko lehen hitzetatik hasi, kontrarreformara, debekura eta suspertze fasera pasa, hizkuntzak egun dituen egoera eta erronketara iritsi arte. Besteak beste, Joakin Gorrotxategi, Celine Mounole, Garikoitz Goikoetxea, Sagrario Aleman, Kike Amonarriz, Josune Ariztondo, Koldo Zuazo eta Andres Urrutia adituek lagunduko diote Aranguren aurkezleari bidaia horretan.

Agertoki nagusia ere ez da ausaz aukeratutakoa izan. Arantzazu aukeratu dute, han hasi zelako duela 50 urte baino gehiago euskara batzeko prozesua. Inguruko herritarrak bildu dituzte han, Arangurenen eskutik euskararen historiaren berri izan dezaten. Besteak beste, Pello Zabala fraide frantziskotar eta euskaltzalea mintzatuko da euskaraz idazten ikasi zueneko kontuez. «Saiatu gara ibilbide osoa laburtzen, urte asko dira, eta ez da erraza denak jostea ordubeteko programa batean. Eta badaude pasarte batzuk zer pentsatua ematen dutenak», iragarri du Sarasua zuzendariak.

EITBk Euskararen Nazioarteko Egunarekin bat eginez prestatu dituen eduki berezietako bat da Ezina ekinez egina. Izan ere, EITBko irratiek —Euskadi Irratiak, Radio Euskadik, Radio Vitoriak eta Gazteak— eduki eta elkarrizketak eskainiko dituzte Euskararen Eguna hizpide hartuta. Eta eitb.eus-ek EITBko hedabideetan jasotako eduki guztiak bilduko ditu Euskararen Eguneko webgune berezian.

Ekitaldi instituzionala

Euskararen Nazioarteko Eguneko ekitaldi instituzional nagusia EITBren Bilboko egoitzan egingo dute, 19:00etan, eta zuzenean izango da ikusgai ETB1en eta eitb.eus-en. Ane Muruamendiaraz kazetariak eta Miren Nafarrate aktoreak aurkeztuko dute, Getari Etxegarai umoristak lagunduta. Ekitaldian, Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakaria eta Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua izango dira, besteak beste, eta Ilaski Serranok egingo du zuzeneko emanaldiaren kontakizuna.

Aurretik, 17:00etatik 19:00etara, Ahoz aho saio berezia ere aurkeztuko du Serranok, hainbat gonbidaturekin. ETB2ko En Jake eta Nos Echamos a la Calle saioek ere eduki bereziak emango dituzte, Euskararen Nazioarteko Egunari lotutakoak.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©BERRIA

«Agirrek esandakoak egia direla frogatu dut»

Amaia Igartua Aristondo

Aurreneko lehendakariaren erbestea eta jazarpena kontatu ditu Niebelek argitaratu berri duen liburuan: 'A la caza del primer lehendakari'. Dokumentazio lan sakon baten emaitza da obra.
 ©BERRIA

Makina bat sortzaile

Iker Tubia

Adimen artifiziala erabiliz olerki liburu bat argitaratu du Beñat Erezuma ingeniariak. Teknologia hori kultur sorkuntzan sartua da, dagoeneko, eta adituek uste dute lagungarri izan daitekeela artistentzat. Hala ere, gizakiaren eskua beharrezkoa da sorkuntza prozesua burutzeko.
<em>Vampire academy</em> telesaileko eszenak grabatuko dituzte zazpi egunez Donostiako Miramar jauregian. ©URTZI URKIZU

Banpiroak Miramarren dira

Urtzi Urkizu

Universal Erriberrin ari da grabatzen 'Vampire academy' telesaila, eta asteon Donostian da

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.