Euskal selekzioa-Argentina norgehiagoka jokatuko da urriaren 13an, San Mamesen

Aro modernoko 35. partida izango da, eta FIFAren datetan jokatzen duen bigarrena. Javier Clementek bigarren lehia izango du aulkian

Sergio Aguero, Paulo Dybala eta Lionel Messi eta gol bat ospatzen. PAULO WHITAKER / EFE.
ainara arratibel gascon
2019ko abuztuaren 29a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak eta Euskadiko Futbol Federazioak bilera bat egin zuten atzo, Bilbon, eta, bertan adostutakoaren arabera, gizonezkoen euskal selekzioak norgehiagoka bat jokatuko du, urriaren 13an, igandez, San Mamesen, Argentinaren aurka. FIFAren datetan jokatuko duen bigarrena izango da, aurreko urtean Venezuelaren aurka Mendizorrotzan jokatutako partidaren ondoren. Aro modernoko 35.a izango da, eta aurten jokatutako bigarrena. Maiatzaren 30ean Panaman jokatu zuen.

Lionel Scalonik zuzentzen duen selekzioak adiskidantzazko norgehiagoka bat jokatuko du egun batzuk lehenago, Dortmunden, Alemaniaren aurka, eta interes handia zuten Europan beste norgehiagoka bat jokatzeko. Hala sortu da aukera. Argentina bi aldiz izan da munduko txapeldun, eta hamalau ladiz Amerikako Kopakoa. Azken txapelketan, ordea, ez du lan ona egin; hirugarren izan zen, adibidez, aurtengo Amerikako Kopan, eta iaz, Munduko Kopan, Frantziak kanporatu zuen final-zortzirenetan.

Kritika asko jaso ditu, batez ere Lionel Messik, Bartzelonan egin ohi duen jokotik urrun baitago. Baina Scaloniren eskutik garai bateko nortasuna eta distira berreskuratu nahi ditu Argentinak. Ikusteko dago zer deialdi osatuko duen, eta ea Messi, Sergio Aguero edo Paulo Dybala bezalako jokalariak Bilbon izango diren.

Euskal selekzioa San Mamesera itzuliko da. 2016ko abenduaren 30ean jokatu zuen azken aldiz bertan, Tunisiaren aurka. 3-1 irabazi zuen, Asier Illarramendik, Aritz Adurizek eta Mikel Oiartzabalek sartutako golei esker. Baina sarrera oso eskasa izan zen, etaiaz selekzioaren neurketa Mendizorrotzan jokatu zen. Berriz zaleak erakartzea da federazioaren eta Jaurlaritzaren helburua, eta Argentinak aurkari erakargarria eta aproposa dirudi horretarako.

Argentinaren aurkakoa Javier Clementek euskal selekzioa zuzentzen duen bigarren lehia izango da. Debuta Panamaren aurkako partidan egin zuen; 0-0 berdindu zuten. Bero eta hezetasun handiko lehia izan zen, eta, ondorioz, ia ez zuen erritmorik eduki. Partida hartako deialdia berritasunez beteta egon zen. Zerrendan zeuden hamazazpi jokalarietatik bederatzik lehen aldiz jantzi zuten selekzio nagusiaren elastikoa: Iago Herrerinek, Aitor Fernandezek, Aihen Muñozek Unai Bustintzak, Jesus Aresok, Daniel Vivianek, Gaizka Larrazabalek, Iñigo Vicentek eta Asier Villalibrek. Zenbait arrazoi tarteko, hainbat jokalari garrantzitsu faltatu izan ziren deialdian: Mikel Oiartzabal, Mikel Merino, Igor Zubeldia, Iñaki Williams, Yuri Berchiche eta Iker Munian, besteak beste. Gainera, berriz ere, ez zen Ipar Euskal Herriko jokalaririk egon deialdian. Ikusteko dago orain ere Clementek zer jokalari duen eskuragarri, FIFAren datak baitira.

Iazko abenduaren 12an Durango egindako batzarrean, Euskadiko Futbol Federazioak ia aho batez erabaki zuen Nazioarteko (FIFA) eta Europako (UEFA) federazioei eskatzea eskubide osoko kide gisa onartua izatea. Hurrengo egunean iritsi zen Luis Rubiales Espainiako Federazioko presidentearen erantzuna: «Erabat gauzatu ezina da eskari hori». Ordutik ez da berririk egon, baina halako partidekin bide horretan urratsak egiten jarraitu nahi dute, ofizialtasunaren bidean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.