Albistea entzun

EPPUR SI MUOVE

Zeluloidea, beti gezurti

Maïwenn zinema zuzendaria, duela bi aste, Cannesen.
Maïwenn zinema zuzendaria, duela bi aste, Cannesen. MOHAMMED BADRA / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Begoña del Teso -

2023ko ekainak 2

Iparraldean oraindik ikusgai den Maïwenn zuzendariaren Jeanne Du Barry filmak izugarrizko eskandalua eragin zuen Cannesko Zinemaldia ireki baino lehenago, ireki orduko eta ireki ostean, estreinaldiaren arratsean zazpi minutuko txalo zaparrada jaso bazuen ere, Grand Auditorium Lumieren.

Kontu batzuk jakin behar dituzue Maïwenn Le Bresco pertsonaiaren inguruan ahalik eta plano sekuentzia zabalena (ez dizuet benetakoena idatziko...) eskuratu ahal izateko. Sustraiak Aljerian dituen Catherine idazle eta aktorea du ama, eta Patrick hizkuntzalaria, Vietnametik etorritako familia bateko kidea, aita. Gurasoak banandu orduko, Maïwennek salatu zuen tratu txarrak jaso zituela biengandik. Mendekuz, Aljeriako herritartasuna eskatu eta lortu zuen. Gurasoek justu kontrakoa nahi zuten, bere jatorri nahasketa aberatsa ahanztea.

16 urte zituela, garai batean Frantziako zinemarentzat hain garrantzi handikoa izan zen Luc Besson esposatu zuen, eta bere zinema puska propioak sortzen hasi zen. Eskandalua izan zen ezkontza hori, Maïwennen adina zela eta. Baita Subway, La femme Nikita eta Le Grand Bleu filmen egile eta ekoizlearen portaera ez zelako oso esan onekoa, politikoki oso ortodoxoa ere ez. Egia esan arren, bastante harroputz jokatzen zuen bai zinema estudioetan, bai finantza munduan... Emakume batzuek abusuak eta bortxaketak leporatu izan dizkiote. Ez da gizon maitatua, ez.

Lucen The Fifth Element lanean Maïwennek izugarrizko pertsonaia gorpuztu zuen, Diva Plavalagunarena, baina pelikula bukatu ondoren, separatu egin ziren senar-emazteak.

Maïwenn kontu horiek guztiak kontatzen hasi zen bere film laburretan. Baita luzeetan ere. Baina Frantziako zinemaren munduak arbuiatu, baztertu, zokoratu egiten zuen. Zinemaren sasiko noblezia horrentzat, Maïwenn arazo sakonak (eta askoren ustez, faltsuak) zituen goranahi bat baino ez zen. Zinemaz ezer ez zekiena. Hala ere, zinemaldi askoren gonbita jasotzen zuen. Baita sariak eskuratu ere. Bere lehenengo lana, 2006ko Pardonnez-moi, Cesar sarietan izan zen finalista.

Eskandalua izan da Maïwennen bidelaguna. Duela gutxi, telebista ekoizle batek salatu zuen zaplazteko bat eman ziola jatetxe batean. Maïwennek onartu zuen eman izana: merezi zuen eta.

Cannesko Zinemaldia ireki duen bere filmerako hautatutako kidearen izena eta izana jakin bezain pronto asaldatu ziren bazterrak eta harrotu ziren haizeak: pasa den irailean Donostian aterpea aurkitu zuen Johnny Deppek (gure Edward Scissorshands hura) Louis XV.a antzeztu behar zuen, eta bere maitalea, goi mailako kortesana izandako Madame Du Barry hura Maïwenn bera izango zen.

Eskandalua aldarrikatu zuten ezeztapenaren kulturaren aldekoek. Filma bertan behera uzteko exijitu zioten askok. Baina ez da jaio Maïwenn beldurtuko duenik. Bere ustetan, zorretan da berarekin gizartea. Zor are handiagoetan zinema mundu klasista, arrazista eta matxista. Bestetik, anbizio handiko gizakia da Maïwenn. Bere dohain ororen jakitun, libre, aise, airos menderatzen du sedukzioaren artea. Ez zuen, beraz, atzerapausorik eman. Alderantziz, harroxko egin zien aurre eta kontra bere generokideei. Ahizpa ugarik Maïwennen pelikula programaziotik kentzeko ere exijitu zioten Cannesko zuzendariari. Kasurik ez zien egin, ordea.

Gustuko du Maïwennek eskandalua. Ederki daki horiek bezalako ur pozoituetan igeri egiten, bizirauteko lehian parte hartzen duten guztiek nola. Gainera, erabaki sendoa zuen hartua: jatorri xumekoa izan arren Versaillesko andre txit gorena izatera iritsi zen Du Barry kondesa bere alde erabiliko zuen. Jendeak ederki asko ulertuko zuen, kortesana horren bitartez, Maïwenn bere burua ari zela defendatzen, errebindikatzen.

Beste kontu batek mindu ditu hainbat eta hainbat: Maïwennek ontzat eta aintzat eman ditu Lubitschek zein Sofia Coppolak zineman islatu izan zuten dama horren sedukzio manerak, erotismoaren erabilera libre izateko modu bat dela agerian utziz...

Pelikula ez da oso ona. Baina ez da bere arerioek salatu duen bezain txarra. Ez da, jakina, Barry Lindon. Ezta The Favourite ere. Gezurretan dabil etengabe. Ez du esaten Voltairek berak miresten bazuen ere, beste askok gorroto handia ziotela. Boterea zuelako, jakina, baina Frantziako finantzak xahutzen zituelako ere bai. Ez du Maïwennek aitortzen pelikulan horren majoa dirudien zerbitzari afrikarrak salatu egin zuela errepublikanoen aurrean, eta ez du kontatzen beldur handiz, garrasika, laguntza eskatuz joan zela urkamendira (ez zuten, ordea, urkatu, gillotinaz hil baizik).

Usatuak gara, alta, zinemak kontatzen dizkigun gezurretara. Pertsonaia zure alde maneiatu, gobernatu nahi baduzu, ezin bere barruko terrore eta miseriak agerian utzi. Maïwennek badaki. Guk ere bai.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

<b>Joachim Lafosse zuzendaria —ezkerretik bigarrena— eta <em>Un silence</em> filmeko aktoreak, atzo.</b> ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Lotsak eraginiko isiltasuna

Mikel Lizarralde Ainhoa Sarasola

Pedofiliaren gaiari heldu dio Joachim Lafossek 'Un silence' filmean. 'La práctica' eta 'MMXX' lanak ere aurkeztu dituzte Urrezko Maskorra irabazteko lehiaketan
'The Killer' filmeko irudi bat. ©Donostiko Zinemaldia

David Fincherren 'The Killer' izanen da emanaldi sorpresako filma

Berria

Larunbatean emanen dute, Viktoria Eugenia antzokian. Filmeko argazki zuzendari Erik Messerschmidtek aurkeztuko du.

 ©MAIALEN ANDRES / FOKU

«Umiltasun osoz diot, baina uste dut aktore jaio nintzela»

Jone Bastida Alzuru

Sagarzazu 1976an aritu zen aurrenekoz zineman, Juanmi Gutierrezek 'Balantzatxoa' antzezlana egokitu zuenean, eta, ordutik, 40 urteko ibilbide oparoa egin du aktore donostiarrak. Haren lana aitortu eta omenduko dute Zinemira sariarekin.

Godarden <em>Film annonce du film qui n'existera jamais: 'Drôles de guerres'</em>. ©BERRIA

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...