UDAKO SERIEA. Ibilian-ibilian, goxo-goxo, dastatu nahi? (II). Sartaguda eta mertxikak.

Mertxikak, Sartagudako gutiziak

Mertxikondo asko daude Sartagudako ordokietan, han eta hemen. Uda partean, jasotako uztari zukua ateratzeko abagunea iristen da. Mertxika koloretsuz janzten dira orduan karrikak eta plazak. Ez da horrenbeste koplarik: bisitariei nekazaritzaren lanik onena eskaintzeko unea da.
Merkantzia gehiena salduta egoten da eguerdirako.
Merkantzia gehiena salduta egoten da eguerdirako. JOSEAN GIL-GARCIA

Josean Gil-Garcia -

2019ko uztailak 17
Abuztua amaitu gabe oraindik, egun garrantzitsu bat izaten da urtero Sartagudan, Nafarroako Lizarrerriko eskualdean. Egun seinalatuan, ondo jarrita egoten dira postuak, pilotalekuaren aurrean den-denak. Mertxikak nonahi ikusten dira, akaziazko kutxetan sartuta, bata bestearen gainean metatuta. Bertaratzen direnak ez dabiltza itzulinguruka: berariaz atondutako gurditxoak eskuan, harat-honat ikusten dira, kiloak eta kiloak etengabe garraiatzen. Badakite erosketa ona egiteko agudo aritu behar dela Sartagudan, firin-faran ibili gabe; izan ere, eguerdirako, muxika gehienak salduta egoten dira. Salguneak huts-hutsik erakusten dira orduan, magia kolpe batez bezala.

Paradoxikoa bada ere, ekitaldi ofizialari eguerdia baino lehen ematen zaio hasiera. 11:30ean, elizako kanpaiak dilin-dalan hasten dira, bisitariak pilotalekuaren ingurura bil daitezen. Alkatearen atariko hitzak entzun ostean, Diego Iturriaga pilotari gonbidatuak lekukoa hartu eta ongietorria eman die muxikez gozatzera etorri diren zale guztiei. Abesbatzak kontzertua ematen duen bitartean, ez dago denbora galtzerik: muxikak laban zorrotzez ebaki ostean, erretiratuen elkarteko kideek ardotan bustita ekartzen dituzte. Gose-pizgarri ona izaten da!

Sartagudako hego-ekialdeko ordokietan mertxikondo asko daude, eta interesatuek tren turistikoa hartzeko aukera izaten dute inguruko bazterrak ezagutzeko. Tenperaturak eta hezetasunik ezak kontrakoa adierazten duten arren, muxikondo ugarik bola gorri-horixkak erakusten dituzte abuztu aldean, Gabonetako bola koloretsuen moldean. Ordu erdiko bidaia liluragarria amaituta, eskolako estalperantz abiatzen dira bizilagunak, erromesen antzera, 14:30ak aldera. Herri bazkariaren abagunea da. Entsalada nahasia, txahala saltsan eta herriko mertxikak ziropatan dastatzen dira. Amaiera bikaina lur emankorraren produktuez gozatzeko.

Memoriarako ibilbidea

Sartagudako muxika azoka bisitatzean, historian barrena bidaia egiteko ere profitatu daiteke. Sartagudatik Lodosarainoko tartea egiteko asmoa baita, joan-etorriko paseo interesgarria diseinatu da Ebro ibaiaren inguruan. Sartaguda herri sarreran herritarren ekimenez egokitutako Memoriaren Parkean hasiko da ibilbidea. 6.000 metro koadro dituen parkean osteratxo bat egin daiteke ibilian hasi aurretik. Bisitariak hunkiturik geratuko dira parkean sigi-saga hastearekin batera: artelanak, eskulturak, bidexka bihurgunetsuak, hildakoen gomutan idatzitako testuak eta, besteak beste, izen zerrenda luzeak begiztatuko dira han. Ezin daiteke uka Sartagudako Memoriaren Parkeari emozio sentikorra dariola.

Sartagudatik Lodosara

Hamaika lagunen lankidetzari esker, iraganeko memoria harri eta altzairu gogorrean zizelkaturik ikusiko du oinezkoak. Lurra, demokrazia eta justizia soziala defendatu zituzten sartagudarren oroitzapen lana ohiko parketik harago doa. Izan ere, duela zortzi hamarkada Sartagudan gertatutako oinazealdiak itzal handia utzi zuen herri osoan. Tamalez, militar kolpezaleen arrasto latzak eklipsatu zuen herriaren nahia. Askok jaso zuten heriozko kolpea; beste askok indarkeriaren mazo ukaldia, baita herriko emakumeek ere. Alargunei buruko ilea larru-arras motzarazi, eta bizilagunen aurrean umiliatuak izan ziren. Finean, martirioa igaroaraztera kondenatua izan zen Sartaguda.

Memorian barnako ibilaldia bi kilometro ingurukoa da. Parkean bertan hasi eta herriko hilerriraino iristen den bide interesgarria osa daiteke. 2008an inauguratutako parkean sartu, eta Nafarroan memoriaren defentsarako eraiki den monumenturik esanguratsuena bisitatu daiteke bertan. Parketik irtenda, Ortutxo izena hartu duen parke berriaren ondotik igaro, eta Sartagudan sartzen den kale nagusiari men egingo zaio. Herriko zoko-mokoak ezagutzeko eta iragana berreraikitzeko gonbita egiten dute gune estrategikoetan jarritako argibide taulek. Herriko pilotalekura iritsita, kalean aurrera segitu, eta, kultur etxearen paretik igarota, aukera izango da Erriberaren gaineko talaia batera hurbiltzeko. Balkoi interesgarria da Ebro ibaiaren ondoan hazten diren arboladia eta baratze alorrak ikusteko, baita XIII. mendera eramango duen Radako dorretxea ere, zeina muino xume baten gainean altxatzen den, Lodosako barrutian.

Eliza zaharrera helduta, eskuinetik eta behera doan kaleari jarraitu behar zaio. Herria inguratzen duen errepidera laster iritsiko da. GR-99 Ebro zidorrarekin bat egingo da bertan. El Villar de Arnedo eta Lodosa errepideak banatzean, ezkerrera egin eta kanal hidroelektrikoa eta Ebro ibaiaren gaineko zubi luzea gurutzatu bezain laster, asfaltoa utzi eta eskuinetik doan bidexkari jarraituko zaio, ibaiaren ondora gerturatzeko. Makalak eta sahastiak bidaide, kanalarekin topo egingo da aurrerago, abeletxe batera heldutakoan. Bideak ibai aldera egiteko behartuko du ibiltaria. Makalak eta zurzuriak aldamenean daudela, ur emaritik ez da aldendu beharko. Zainzuriak, madariondoak eta mertxikondoak bistaratuko dira, Lodosarako bidean.

Ibarbasoa atzean utzita, soa alde guztietara zuzentzeko aukera izango da: makal hostotsuak eta sikuak tartekatuko dira han eta hemen. Amiamokoek konkistatutako eremuan gaindi aurrera egingo da, zangaluzeen berbaldiek sorrarazitako perkusio ikuskizunaz gozatzeaz batera. Kanal xume baten gainetik igarota, eskuinera jo errepide estuan, eta, etxola baten ondora iristean, ur bazterrera itzuli beharko da. Lodosara heltzeko, ehunka metro baino ez dira faltako. El Medianil parke botanikoan emango zaio amaiera Sartagudatik Lodosara gidatu duen ibilbideari.

Bihar: Ibilian-ibilian, goxo-goxo, dastatu nahi? (III): Arroitz eta oliba olioa.