Mila Salterain. Idazlea

«Gure historiak galdu egin zuen, baina fikzioak gizatasunean irabazi du»

Durangaldeko toponimo oker bat ikertzen hasi, eta, haritik tiraka, nobela osatu du Salterainek. Bide batez, historiako pasarte bat ere argitu du, «irakasten den historiak ez baitu «ez hanka ez buru».

ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Ander Perez Argote
2015eko apirilaren 8a
00:00
Entzun
1190. urteko Durangaldean, Gaztelak beretzat hartu zuen garaian, kokatu du Mila Salterainek (Durango, 1955) Erresumaren ilunsentia bere lehen eleberria (Txalaparta). Nobela historikoa da, pertsonaia askoren ahotsez kontatua. «Ikuspuntu zabala» nahi baitzuen Salterainek, historia liburutatik urrun, han «jauntxoak bakarrik agertzen» direlako.

Zergatik Durangaldea eta zergatik XII. mendea?

Halabeharrez. Abadiñon (Bizkaia) toponimia lan bat egin genuen, eta, bukatzear zegoela, Toponimia medieval en el País Vasco liburua eman zidaten. Berez, beste gauza bat begiratzeko eman zidaten, baina gauzak inoiz ez ditudanez zuzen egiten, orri bat zabaldu eta hauxe ikusi nuen: «Ayluçeam, Aitçlucea, Aççluce...». Eta horren erreferentzia ezberdinak, besteak beste, Petro Latrone Aizluzeko tenientea. Aldamenean, zehazten zen toponimoaren gaurko kokapena Arluzea zela, Araban. Hori guztiz harrigarria egin zitzaidan, ezinezkoa. Banekien 1994an indusketak egin zirela Astxikin (Abadiño), eta han gotorleku baten aztarnak aurkitu zituztela. Erabat urduritu nintzen, eta pentsatu nuen hura argitu beharra zegoela. Ezeztatu beharra neukan Aizluzea Arabako horri zegokionik, eta Nafarroako Erresumak Durangaldean zuen posizioa zela erakutsi. Petro Latrone zen kokapen horretako, eta, beraz, Durangaldeko tenientea.

Eta, hain zuzen ere, toki hori eta garai hori aukeratu zenuen, nobelaren abiapuntu gisara.

Bai, hori da jatorria. Garai horretan Durangaldea konkistatu zuen Gaztelak. Horri deitzen diot erresumaren ilunsentia, eta hortik dator nobelaren izenburua.

Liburua saiakera bat izan zitekeen, baina nobela da.

Bai. Halako ernegualdi batean pentsatu nuen: «Tira, nik idatziko dut». Letrak elkartzen jakin, eta zerbait idazteko prest sentitu nintzen. Batetik, toponimia ezagutzen nuen, baita herriko hizkuntza eta historia ere, eta ohar pilo batekin egin nuen lana. Baneukan nola-halako hari bat eta istorio bat. Orduan, argitaletxera bidali nuen, eta editoreak esan zidan: «Baina zer nahi duzu, saiakera bat egin?». Eta nik: «Ez, nobela». Orduan ohartu nintzen horrek ez zuela balio, eta saiatu behar nuela nobela idazten.

Hasieratik, beraz, argi zenuen saiakera ez baizik eta nobela idatzi nahi zenuela. Zergatik?

Oso argi dago, lotsa kontua zen. Ni ez naiz historian aditua; izatez, lizentziaduna ere ez naiz. Eleberriak, beraz, malgutasuna ematen du. Hala uste dut, behintzat.

Eta hala, fikzioa eta historia uztartu zenituen. Zerk irabazten du, talka horretan?

Gure historiak galdu egin zuen, eta fikzioak, beharbada, pertsonaien gizatasunean irabazten du. Irabazi, esan nahi dut, batzuk goraino iristen direlako, eta, nahiz eta ahuleziak ere badituzten, pertsonaia oso duinak direlako.

Ikerketa lan handia egin duzu liburua idazteko.

Bai, baina gustura egin dut. Hutsune handiak ikusten nituen: eskolan irakatsi diguten historiak, askotan, ez du ez buru ez hankarik. Pertsonaia ona, gaiztoa, azkarra, jakintsua eta halakoak agertzen dira, eta kronologia bat. Eta kronologia horretan edozein sartzen da. Gogoa banuen gehiago sakontzeko, eta norberaren historia jakitea ere ez dago sobera.

Pertsonaia asko ditu nobelak. Zer eman dizu horrek?

Ikuspuntu zabal bat. Ni irakurlea naizenez gero, eta ez idazlea, gustatzen zait nobela batek ikuspuntu guztiak kontuan har ditzala. Normalean, historia liburuetan jauntxoak agertzen dira, eta nik nobela koral horretan jauntxoak sartu ditut, baina, batez ere, jende arrunta nahi izan dut sartu, herritarrak, duinak. Alegia,gu, gure historia idazten dugunok eta inon ez garenak ageri.

Jauzi handia dago datuak jakitetik hitzetan jartzera. Nola idazten du hasiberriak?

Hiru hilabetean edo gehiagoan buruan nerabilen istorioa. Ni bezalako bati, nahiz eta hiru-lau lagun izan, friki samarra suertatzen zaio hori kontatzen ibiltzea. Konturatu nintzen guk denok sortzen dugula; bertutez edo ahuleziaz janzten dugu inguruan duguna, gure ikuspuntuaren arabera. Horretaz konturatu nintzenean esan nuen: bada, «nik idatziko dut». Eta horrela hasi nintzen. Eta pertsonaia arruntekin hasi nintzen. Noski, ni bezalakoekin.

Zer eman dizu lan honek?

Aberastu egin nau. Letrak elkartzen jakiten hasi, eta idazten ikasi azkenean. Ailegatzen da momentu bat, norbera irakurlea denez, norberak bere buruari kritikak egiten hasten zaiona. Orduan, norbera dituen baliabideak erabiltzen hasten da. Eta pertsonaiak hasten dira ahoz gora pentsatzen, eta sentimenduak sartzen. Baliabide horiek erabiltzen, behintzat, ikasi dut. Horretan aberastu naiz.

Beraz, ez diozu utziko idazteari.

Zerbait kontatzeko edukiz gero bai, esandako moduan, ikasten delako. Norberak, hartzaile moduan pentsatzen du zer gustatuko litzaiokeen irakurtzea. Bada, nik horrelako zerbait egin nahiko nuke. Uste dut hor ere sartzen dela literaturaren magia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.