Mikel Gonzalez-Egino.
Zientzia. ARGI ALDIAN

'Green Deal'-en aukera

2021eko ekainaren 11
00:00
Entzun
Roosveltek erreformen agenda bat abiatu zuen Ameriketako Estatu Batuetan: New Deal (Hitzarmen Berria). Helburua: kontrolik gabeko kapitalismoak sortutako Depresio Handiaren ondorioak zuzentzea. Erreforma horiek lagundu egin zuten gaur egun ongizate estatu gisa ezagutzen duguna bultzatzen. Herrialde garatu gehienetan kontratu sozial berriaren funtsezko zati bihurtu ziren politika sozial berri batzuk: langabezia saria eta osasunerako, hezkuntza publikorako eta erretiroa hartzeko eskubidea. Hitzarmenak funtzionatu zuen eta, argi-itzalak bazituen ere, gizarteak nabaritu zuen bere bizi baldintzak benetan hobetu zirela.

Hobekuntza horiek gelditu egin dira azken hamarkadetan, eta egoera larriagotzeko arriskua dago. Populazioaren zati handi baten errenta geldirik dagoen bitartean, gero eta pertsona gehiagok uste du gazteak haien amak baino okerrago biziko direla. Etorkizun hobe baten itxaropena higatzen ari dira, alde batetik, aukeren falta eta desberdintasunen hazkundea; bestetik, krisi ekologikoa eta klimatikoa areagotzea. Egoera horri COVID-19aren krisiaren ondorioak gehituz gero, haztegi biribila da datozen urteetan gaur egungo haserrea handitzeko.

Egoera horri aurre egiteko, munduko zenbait herrialde hitzarmen sozial berri baten bertsioak plazaratzen ari dira: Green Deal bat (Hitzarmen Berdea). Hitzarmen horrek, inbertsio publikoen eta erreformen bidez, arindu egin nahi ditu COVID-19aren krisiaren ondorioak, eta erantzun egin nahi die ingurumenaren erronkei eta erronka sozialei. Munduan hitzartutako pizgarrien eta babes sozialerako programak Bigarren Mundu Gerraz geroztik onartutako handienak dira, BPGaren %10 OCDEko herrialdeen kasuan. Aukera paregabea da desoreka handi horiek konpontzeko.

Green Deal-ek klima aldaketaren kontrako politikak nabarmendu ditu, hori baita mehatxu nagusienetako bat. Europako suspertze funtsen %40 inguruk inbertsio berdeetarako izan behar dute. Ez zen halakorik lortu 2009ko krisian, ezta hurrik eman ere. Hitzartutako baliabideen neurria eta energia berriztagarrien kostuak merkatzen ari direla ikusita, pentsa daiteke posible dela erregai fosilak baztertuko dituen eredu baterako trantsizioa egitea. Bidean oztopoak izango dira, eta abiadura azkartu beharko da galdutako denbora berreskuratzeko; baina Europak, Ameriketa Estatu Batuek, Txinak eta beste herrialde batzuek neutraltasun klimatikoaren alde hartu berri duten konpromisoak nekez izango du atzera bueltarik.

Green Deal-ak berdea izan behar du, baina itun soziala ere izan behar du. Energia berriztagarrietara egin beharreko trantsizioak aukera berriak eta milaka enplegu garbi sortuko ditu erregai fosilen inportazioen mende bizi diren gizarteetan; baina industria garrantzitsuen gainbehera ere eragingo du —erregai fosilena, esaterako—, eta autogintzaren moduko sektoreen edo karbonoan intentsiboak diren beste sektore batzuen eraldaketa. Horrek guztiak dituen arriskuekin. Horregatik, ikatzaren meatzaritzan oinarritutako eskualdeetarako diseinatu ziren bidezko trantsiziorako politikak, orain, sektore ezberdinen premietara egokitu beharko dira. Ez da trantsizio energetikoa bakarrik. Trantsizio digitala ere oso azkar doa, ziurrenik gizarteen egokitzeko gaitasuna baino azkarrago. Testuinguru horretan, sektore publiko indartsuek askoz ere berrikuntza gehiago egin beharko dute, eta arriskatu, haien gizarte, lan, industria eta hezkuntza politikak garai berrietara egokitzeko.

Depresio Handiak merkatu ekonomiak behartu egin zituen arautuago egotera eta ongizate estatuaren mugen barruan lan egitera —eta ez alderantziz—. Gaur egungo krisi ekologiko eta sozialak hitzarmen berri bat behar du, Green Deal-ek ezarritako ildoa jarraituz. Etorkizunerako ilusioa berreskuratzeko aukera onena da bide orri oso erreformista bati eustea, gizartearen batasuna eta inklusio soziala bermatzeko beharrezko berrikuntza sozial guztiei irekia. Ekintzen bidez bakarrik lortuko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.