Puigdemonten atxiloketa

Puigdemont aske gelditu da, Italiak haren kontrako euroagindua argitu artean

Espainiako Auzitegi Gorenak igorritako euroaginduaren ondorioz atxilotu zuten, Sardinian. Eurodiputatuak urriaren 4an deklaratuko du epailearen aurrean

Kataluniako presidente Pere Aragones, atzo, gobernuko kideekin egindako agerraldian. ANDREU DALMAU / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2021eko irailaren 25a
00:00
Entzun
Aske irten da Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohi erbesteratua Sardiniako Bancari espetxetik. Kargurik gabe libre utzi du Sassariko Helegite Auzitegiak (Sardinia, Italia), baina Espainiako Auzitegi Gorenak haren kontra igorria duen euroaginduaren auzia argitu beharko du justiziak oraindik, eta, beraz, deklaratzera itzuli beharko du uhartera, urriaren 4an.

Espetxetik irten eta berehala, Espainiako justiziaren jokabidea kritikatzeko baliatu ditu lehen hitzak. «Banekien hau gerta zitekeela, baina banekien nola amaitu zitekeen ere. Europako Justizia Auzitegiaren erabakia oso argia da, eta gaur ikusi da hori. Espainiak ez du galtzen barregarri geratzeko aukera bat bera ere».

Puigdemont ostegun gauean atxilotu zuen Italiako Poliziak, Sardinian, Alghero hiriko aireportuan. Espainiako Auzitegi Gorenaren euroagindu baten ondorioz atzeman zuten. Gonzalo Boye Puigdemonten abokatuak jakinarazi duenez, aireportuan atxilotu zutenean, Italiako Poliziarekin batera Espainiako Poliziako bi kide ere bazeuden, eta zuzenean joan ziren Puigdemontengana, hura atxikitzera. Madrilek ukatu egin du Espainiako Polizia han zela.

Aipagarria da joan den ostegunean bertan Parisen izan zela Generalitateko presidente ohia, eta han ez zela ahaleginik egin hura atxilotzeko.

Puigdemontek Bancari espetxean eman zuen ostegun gaua, eta atzo 14:00etan deklaratu zuen kartzelatik, telematikoki, epailearen aurrean.

Sassariko Helegite Auzitegiak ez du arrazoirik ikusi Kataluniako eurodiputatu independentista espetxean edukitzeko. Ordubeteko saioaren ondoren, Puigdemont aske uzteko agindu du. Ez dio debekatu herrialdetik irtetea. Baldintza bakarra ezarri dio: deklaratzera itzultzea.

Puigdemonten berehalako egoera argituta, Espainiako Auzitegi Gorenaren euroagindua aztertu beharko du orain auzitegiak. Eta, lan horretan, ezinbestekoa izango zaio euroagindu hori indarrean den ala ez argitzea.

Puigdemonten abokatu Gonzalo Boyek ohartarazi duenez, euroagindu hori etenda dagoela dio Europako Justizia Auzitegiak uztailean argitaratu zuen autoak. Baina euroagindu horrek indarrean jarraitzen duela ziurtatu zuen atzo Espainiako Auzitegi Gorenak.

Ekitaldi ofizial batzuetan parte hartzera joana zen Puigdemont Bruselatik Siziliako Algherora. Besteak beste, kultura katalanaren Adifolk jaialdira joatekoa zen —jatorri katalaneko hiria da Alghero, eta biztanleen laurden bat inguru katalan hiztunak dira—, eta Sardiniako Eskualde Autonomoko presidentearekin eta Algheroko alkatearekin elkartzekoa zen. Boyek nabarmendu du eurodiputatu jardunerako bidaiatu zuela uhartera.

Negoziazio mahaia

Puigdemont espetxetik irten denean, haren askapena txalotu du eta Espainiaren jokabidea gaitzetsi du Pere Aragones Kataluniako presidenteak. «Azken lau urteetan erbestean bizitzera behartzen duen jazarpen judiziala salatzen jarraitzen dugu», idatzi du Twitterren.

Egoerak bultzatuta, ezohiko bilera egin du Kataluniako Generalitateak eguerdian. Batzartu ostean, gobernuko kideek agerraldia egin dute, eta Puigdemont lehenbailehen aske uzteko eskatu. Aragonesek berak iragarri du Alghero hirira joango zela hurrengo orduetan, Jordi Puignero presidenteordearekin batera, «Puigdemont presidentearen aldamenean egoteko». Aragonesek gogor kritikatu du Espainiako Estatuaren jarrera, eta Europako justiziari «iruzur egitea» leporatu dio, eta «soilik mendeku bila» aritzea. «Espainiako sistemak sinesgarritasun osoa galdu du. Argi utzi du sistema erabat anakronikoa dela».

Espainiako Gobernua eta Kataluniakoa bien arteko gatazka politikoa gainditzeko negoziazio mahaian bildu ziren joan den astean, eta bi aldeek nabarmendu zuten elkarrekiko «konfiantza» lantzearen garrantzia. Bada, Aragonesek ohartarazi du Puigdemonten kontrako «jazarpenak» ez diola «batere mesederik» egiten helburu horri, ezta «gatazka politikoaren konponketari» ere. Generalitateko buruak «errepresioaren amaiera» galdegin du.

Oso bestelako tonuan, «erabaki judizialekiko errespetua» agertu du Pedro Sanchez Espainiako presidenteak. Hala ere, Puigdemontek «justiziaren aurrera agertu» eta hari «men egin» beharko liokeela nabarmendu du.

Aragonesek bezala, Sanchezek ere erreferentzia egin dio Kataluniaren eta Espainiaren arteko negoziazio mahaiari. «Gaur inoiz baino gehiago, elkarrizketa aldarrikatu behar dugu, elkarrizketa baita berriz elkartzeko bide bakarra». Espainiako Gobernua elkarrizketarekin «konprometituta» dago, haren esanetan.

Negoziazio mahaitik harago, Espainiako Gobernua estatuko aurrekontuak onartzeko babes bila ari dela agertu da berriz Puigdemonten kontrako prozesu judiziala jokaleku politikoan. Sanchez alderdi independentisten babesa lortzen saiatuko da 2022ko aurrekontuak onartzeko, baina Puigdemont Espainiaratzeko saiakerek zikindu egingo dute ohiko kudeaketa gaiez hitz egiteko giroa. Esaterako, asteburuan hainbat mobilizazio izango dira presidente ohiaren atxiloketa salatzeko.

Puigdemonten egoera judizial antzekoan daude Toni Comin eta Clara Ponsati Kataluniako kontseilari ohi erbesteratu eta eurodiputatuak ere. Espainiako Auzitegi Gorenak hiruren kontrako euroagindua igorri zuen, eta, Puigdemonti bezala, immunitatearen zati bat eten zien Europako Justizia Auzitegiak joan den uztailean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.