Euskal presoak. Bilboko manifestazioa

Interpelazio zuzen eta zehatza

Milaka lagunek bete dituzte Bilboko kaleak euskal presoen giza eskubideen defentsan. «Euskal jendartearen aldarrikapena entzun» dezala eskatu dio Sare plataformak Espainiako gobernu berriari

Milaka lagun atzo, Bilbon, Sare plataformak deitutako manifestazioan. GORKA RUBIO / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2020ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Aurten ere, milaka eta milaka lagunek bete dituzte Bilboko eta Baionako kaleak euskal presoen giza eskubideen defentsan. Bilbokoan, esaterako, 65.000 lagun inguru atera ziren atzo kalera —Bilboko Udaltzaingoak emandako datuen arabera—, Sare herritar plataformak Orain presoak lelopean deitutako manifestazioan. Azkeneko urteotan, ohiko bilakatu da presoen eskubideen aldeko urte hasierako mobilizazio jendetsua, baina aurtengoak izan du berezitasunik: Espainiako politikan bestelako gehiengoak osatu izanak eta PSOE-UP koalizio gobernu berria eratzeak berekin ekarri du atzoko manifestazioa interpelazio zuzen eta zehatza izatea Espainiako instituzioek behingoz euskal presoen auziari aterabidea eman diezaioten.

Sareren eledunek manifestazioan egindako adierazpenak bide horretatik joan ziren. Joseba Azkarragak eta Arantza Aldezabalek mezu bikoitza helarazi nahi izan zuten: alde batetik, Espainiako gobernu berriari, «euskal jendartearen aldarrikapena entzun» dezan; eta, beste aldetik, Espainiako Gorteetan ordezkaritza duten euskal talde politikoei: «Euskal erakundeetan lortu diren akordioak Madrilgo gorteetara eramateko unea da; pausoak ematen jarraitu behar baitugu».

Manifestazioaren bukaeran egindako ekitaldian ere egon zenMadrilgo gobernuari egindako interpelazioa. Rosa Roderok—ETAk hildako Joseba Goikoetxea ertzainburuaren alargunak— eta Axun Lasak —GALek hildako Joxean Lasaren arrebak— irakurri zuten adierazpena: «Gure herriak jasan dituen indarkerien bi biktima» dira, haien esanetan, helburu bik elkartu dituztenak: «Gure seme-alabei eta bilobei gizarte adiskidetsu bat utzi nahi diegu, eta euskal gizartea eskatzen ari den aro berriaren alde egin nahi dugu». Lasak eta Roderok ere interpelazio zuzena egin zioten hitzaldian PSOE-UP gobernuari: «Azaroko hauteskundeetan eskuinak eta ultraeskuinak aurrera egin arren, gehiengoa lortu dute joera aurrerakoia duten indarrek, eta, beraz, ausardiaz, gai hau estatuaren agendan sartzeko aukera sortu da; are gehiago Euskal Herriko eta Kataluniako alderdi politikoek eskaera hau saihetsezintzat eta premiazkotzat jo ondoren».

Espainiako Estatuak aukera horri muzin egingo balio, euskal presoak eta senideak «ez dagoen gerra batean bahituak izango lirateke», eta, gainera, «biktima» izango lirateke, «zuzenean jasaten baitituzte zuzenbideko estatutzat jotzea merezi ez duen estatu horren gehiegikeriak».

Lasaren eta Roderoren arabera, Espainiak ez dauka arazo bat «jada deseginda dagoen erakunde batekin, eskubideak urratzearen kontra dagoen gizartearen gehiengoarekin baizik».

Makilak eta irrintziak

Irrintzi artean eta Sareko eledunek aginte makila banari eusten ziotela abiarazi zuten manifestazioa. Horrekin, lotura egin nahi izan zuten Baionako eta Bilboko manifestazioen artean, bi osagai horiek —makilak eta irrintziak— egon baitziren Baionako manifestazioaren bukaeran.

Lotura hori indartzeko, Baionako manifestazioa bukatu arte itxaron zuten Bilbokoari ekiteko, eta, hori zela eta, hogei minutu berandu abiatu zen mobilizazioa. Lehenengo lerroan, gazte talde batek Orain Presoak dinamikaren logotipoa eraman zuen, eta, atzetik, manifestazioaren leloa zeukan pankarta joan zen.

Ondoren, gonbidatu multzo zabala ageri zen, martxak euskal gizartean lortutako babesaren adierazgarri. Han zeuden, besteak beste, EH Bilduko Maddalen Iriarte eta Arnaldo Otegi, EAEko Ahal Dugu-ko Josetxo Arrieta, Iñaki Zarraoa Getxoko (Bizkaia) alkate ohia (EAJ), Gemma Zabaleta Eusko Jaurlaritzako sailburu izandakoa Patxi Lopezen (PSE-EE) gobernuan, euskal sindikatu guztietako ordezkariak eta kultur arloko kide ugari.

Manifestazioa abiatu zenerako, Casilla plazatik Zabalbururainoko tarte guztia jendez beterikzegoen. Espaloietan ere jende ugari zegoen, bat egiteko zain, eta alboetan hainbat pankarta ageri ziren: Madrildik martxan parte hartzeko etorritakoek zeramatena, Altsasu auziko gazteentzat askatasuna eskatzen zuena, eta euskal presoentzat euskara ikasteko eskubidea aldarrikatzen zuena, esaterako.

Manifestazioa 18:30ean iritsi zen Bilboko udaletxera, eta han egin zuten amaierako ekitaldia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.