Koronabirusa

«Bi kafe eta ebaki bat, otoi!»

Ipar Euskal Herria bigarren fasean sartu da atzotik. Terrazetan jende andana bildu da egun osoan, baina protokolo sanitarioak egoera bereziak sortu ditu leku batzuetan.

Baionako terrazetan jendea bildu zen atzo. GUILLAUME FAUVEAU.
Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2020ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
«Zer beroa maskara honekin! Ohituko garela espero dut», esan dieElisabeth Bourdin Baionako Kalaka kafetegiko langileak hurbildu zaizkion bezeroei. Atzo ireki zituzten ostatuak Ipar Euskal Herrian, eta 11:00etan jende andana joan zen kafea edatera katedralaren pareko terrazara. «Kasik hiru hilabete pasatu ditugu hetsirik, eta azkenean ireki dugu. Plazera da bezeroekin berriz elkartzea, eta jendea bereziki pozik hurbildu zaigu gaur goizean», esan du Bourdinek. Protokolo berezia jarri dute martxan Kalaka kafetegian, eta han bezala Baionako ostatu guztietan. Terrazetako mahai guztien artean metro bateko tartea uztera derrigortuak dira, eta, ostatu barnean ibiltzeko maskara jantzi behar dute bezeroek. Langileek soinean eraman behar dute, nahitaez.

Terrazetako elkarrizketa gehienetan «koronabirusa» eta «konfinamendua» dituzte aipagai, baina elkar berriz kausitzeak giro berezia sortu du Lapurdiko hiriburuan. Xina Dulong Baionako Xina ostatuko jabeak adierazi du «protokoloari ahal bezala jarraiki» diotela. Goizean goiz ireki zuen ostatua atzo, eta han zeuden ohiko bezeroak, mahaiak ateratzeko laguntza eskaintzen. «Jendea biziki presatua zen goizeko kafea hartzeko: mahaiak ateratzen lagundu gaituzte eta guzi!», esan du irriz.

Legeak baimentzen ez badu ere, lagun batzuk barrara hurbildu zitzaizkiola aitortu du: «Betiko bezeroek ohitura daukate kafea hartzeko eta gurekin mintzatzera etortzeko, baina pedagogiaz eta irribarrearekin esplikatu behar diegu momentu honetan ezin dutela barran zutik egon. Ulertzen dute, baina giroa pixka bat berezia da». Erdi lasterka atera da lagun batek utzi berri zuen mahaia desinfektatzera.

Bi kafe hurrupa artean erantzun du Xinako terrazan jarririk den Aña Jaunarenak: «Ostatuak kasik hiru hilabetez hetsirik egon dira, eta zinez ohartu gara zer-nolako rol soziala duten ostatuek gure bizian». Hala ere, itxialdiak lagunartean «beste manera batez» elkartzeko ohiturak hartzeko balio izan diola uste du, «esparru intimoagoetan, bata bestearen etxean, edo karrikan».

Baionako Marengo karrikako Kalostrape ostatuak ez du kafezaleen ordua itxoin irekitzeko. Izan ere, 00:01ean ireki zuten ostatua atzo, eta festa giroa egon zen gauean ostatuan. Gin-tonic eta garagardo usaina zuen oraino karrikak goizean.

Merkatuko ostatuan ere mahaiak prestatzen aritu dira langileak goiz osoan. Usaian baino terraza aise zabalagoa ezarri dute Euskaldunen karrikan. «Segurtasun neurriak errespetatzeko, barneko mahai anitz kanpoan ezarri ditugu, baina, hala ere, leku batzuk galtzen ditugu», esplikatu du Christian Erramun jabeak. Baionako Herriko Etxeak posible den lekuetan terrazak handitzeko baimena eman die ostatuei, eta jabeek irailera arte ez dituzte pagatu beharko. Xina Dulongek eskertu du hartutako neurria: «Eskerrak ez ditugula terrazak pagatu behar; ia hiru hilabetez ez dugu lanik egin, eta, gainera, Baionako bestak ez ditugu izanen. Ekonomikoki zaila da. Orain arte atxiki dugu, baina beharrik itxiera ez dutela luzatu». Merkatuko ostatuko jabeak, azken hiru asteetan, eramateko zerbitzua egin du «kalteen mugatzeko», baina «txikikeria» izan da ohiko diru sarrerarekin konparatuz.

Ostalaritzan ari diren langile gehienek langabezia partziala jaso dute Frantziako Gobernutik; hala, nahiz eta hetsirik egon, lansariaren zati handiena segurtatu diete zerbitzari eta sukaldariei. Bestalde, mailegu berezi bat hartzeko eskubidea izanen dute, galdutako dirua laster eskuratzeko. Xina Dulongek, ordea, ez daki oraindik zein izango diren laguntzak eskuratzeko baldintzak.

Ohiturak itzuliko dira

Lapurdi kostaldeko Pausun ere, Xaia ostatua ireki du berriz Beñat Elizondok. Giro «goxoa» izan zuen atzo han. Usaian baino jende gehiago bildu da, eta COVID protokoloa izanda ere Elizondok uste du bezeroek «lehengo ohiturak hartzeko gogoarekin» itzuli direla. Arrazoia eman dio Xinako terrazako Aña Jaunarenak: «Nahiz eta usaia ezberdinak hartu ditugun azken asteetan, ostatuek zinezko leku bat dute gure bizi sozialean, eta fite hartuko dugu berriz terrazetan elkartzeko ohitura».

Elizondok mugaren itxierak Xaiako bezeroengan duen «eragin zuzena» aipatu du. Xaian Hego zein Ipar Euskal Herriko jendea bildu ohi dela dio, eta espero du «fite» irekiko dutela muga. Ekainean bi kontzertu antolatuak zituen Elizondok, baina osasun egoeragatik bertan behera utzi behar izan ditu. «Kontzerturik ez da izanen, baina erabaki dugu ostegunero egiten dugun pintxo-potea ostiralero ere egitea». Ahal bezala egokitu da, baina gainontzekoek bezala, «egoera normalera fite itzultzea» espero du.

Hondartzak ere ireki zituzten atzo. Zeruko laino bakanak ahantzi, eta, tenperatura onak lagundurik, Angeluko (Lapurdi) itsasbazterra jendez bete zen. Azken asteetan baino kirolari gutxiago izan zen: eguzkia hartzeko oihal gainean etzaten direnek ordezkatu zituzten. Izan ere, neurri zorrotzak jarri zituzten azken asteetan hondartzetan. Kirola egiteko eta igeri egiteko baimena zegoen soilik, baina hondartzan geldirik egotekoa, ez. Hala, atzo izan zuten lehen aldia hainbat lagunek eguzki azpian bazkaldu eta etzanaldia egiteko. Aitzineko ohiturak itzultzen hasi dira, pixkanaka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.