Koronabirusa

Orain ez da aholku hutsa

Herritar askok ez dute gaizki hartu maskara leku publikoetan eramatera behartzen dituen araua, lehenengo egunean hainbat lagun kalean maskararik gabe ibili diren arren.

Zenbait herritar maskara jantzita, atzo, Bilbon. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2020ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Hego Euskal Herrian indarrean sartu da jada kalean maskara eramateko agindua, baina inork ez luke horrelakorik esango Bilboko Albia lorategiko inguruei erreparatuz gero; oso gutxik daramate maskara jantzita, eta gehien-gehienak bisaia agerian doaz. Egia da Espainiako Gobernuaren dekretuan xehetasun garrantzitsu bat dagoela: pertsonen arteko segurtasun tarteari eustea ezinezkoa denean baino ez da derrigorrezkoa musua estaltzea. Eta eguerdian erraza da ibiltarien arteko tarteari eustea, jende gutxi baitabil eguzkiak zigortutako Bilboko kaleetan.

Teresa Vazquez txakurra paseatzen ari da, zigarro bat erre bitartean. Ez dauka maskararik. «Nik zahar etxe batean lan egiten dut, eta egunero zazpi orduz eraman behar izaten dut», azaldu du. «Ondo iruditzen zait saltoki handietan edo leku itxietan eraman behar izatea, baina kalean ere derrigortzea gehiegi dela uste dut. Metroan ere maskara jantzita ekarri dut, eta txakurra ateratzeko ere eraman behar dut? Larregi iruditzen zait».

Vazquezek uste du maskara eraginkorra izan daitekeela izurriaren hedapena geldiarazteko, baina mugak ere badituela: «Orain arte esan dute ez zela beharrezkoa; orain, aldiz, baietz. Gainera, jende askok, adinekoek batez ere, txarto janzten dute maskara; barrutik ukitzen dute, eta abar. Zuk uste duzu jende horrek maskara bi egunez erabili ostean zakarretara bota eta berria erosiko duela? Nik ez dut uste. Eta, gainera, ekonomikoki ere ezin izango lukete. Derrigorrezkoa izatea nahi badute, eman ditzatela».

Farmazietan, behintzat, ez du ematen neurriak aparteko eraginik izan duenik. «Salmenten gorakada lehenago izan zen», azaldu du Baltasar Pardok, izen bereko farmaziako jabeak. «Batez ere, orain maskarak badaudelako, lehen ez bezala. Orain maskarak normal iristen dira farmaziara». Dioenez, maskara kirurgikoek ezarrita dute gehienezko prezioa (0,96 euro), baina besteen salneurria hornitzaileen araberakoa izaten da.

Pandemiaren hastapenetan, maskarak bukatu ziren leku askotan, eta herritarrek ilara luzeak egiten zituzten farmazien aurrean ale bat lortzeko. Pardok dioenez, hori amaitu egin da: «Orain maskarak eta gelak baditugu. Arazoa eskularruekin dago; nik, egia esateko, ez dut uste eskularruak beharrezkoak direnik, eskuak maiz garbitu eta gela erabiliz gero, baina bezeroek eskatzen dute eta eskasia handia dago».

Pradok ongi deritzo maskara erabiltzeko aginduari: «Norbera kutsatuta badago, besteak kutsatzea galarazten du maskara kirurgikoa erabiltzeak. Beste kontu bat da ondo erabiltzen ote den; orain, bero honekin, kalean denetarik ikusten da».

Erabilera okerra

Bilboko Kale Nagusian gehien-gehienek daramate maskara, baina haietako askok sudurra agerian dutela, edo kokospera jaisten dute telefonoz hitz egin edo erre nahi dutenean. Dekretuaren arabera, norbera kalean joan daiteke maskara jantzi barik, baina aldean eramanda, eta gero jarri, segurtasun aldeari eustea ezinezko egiten duen egoeraren bat suertatzen bazaio. Bitxia bada ere, herritar askok kontrakoa egiten dute: maskara ongi jarrita daramate kalean bakar-bakarrik doazenean, baina, bat-batean, ezagunen bat ikusi, harekin hitz egitera gelditu, eta orduantxe beheratzen dute musua estaltzekoa.

Erabilerak erabilera, herritar asko bat datoz neurriarekin. «Nik uste dut denontzat hobe dela», esan du David Hierrok. «Lehenago ere metroan eta garraio publikoan erabiltzen genuen. Ez da hain zaila. Aitortuko dizut bero honekin gaizki pasatzen ari naizela, baina egoki ikusten dut».

Bi semeekin atera da Hierro paseatzera. Hamar urte ditu nagusiak, zortzi txikienak; hortaz, maskara eraman behar dute —dekretuaren arabera, sei urtetik gorakoentzat da derrigorrezkoa: «Zaila da, behin eta berriro esan behar diedalako ondo jartzeko. Umeak dira, azken finean. Baina ohituta daude; kalera atera garen guztietan eraman izan dute».

Jon Manzisidor ere umearekin atera da Zazpikaleetara. Biek daramate maskara, baina Manzisidorrek ez du iritzi finkorik auziaren inguruan: «Bi hilabeteren ondoren derrigortu dute eramatera. Ez dakit zer pentsatu, baina tira, eraman behar bada, eramango dugu, eta kito».

Umeari gaur jantzi diote maskara lehenengo aldiz: ez du aparteko arazorik izan. «Apurtu egin zaio, eta grapa batekin konpondu behar izan diogu; beraz, oso txukunak ere ez dira», esan du Manzisidorrek.«Baina oso biguna da behintzat», erantsi du umeak.

Metrotik ateratzen diren guztiek maskara jarrita daramate: maiatzaren 11tik derrigorrezkoa da metroan maskara erabiltzea. Agindua indarrean sartu eta lehenengo egunetan maskarak banatzen ibili ziren sarreretan; orain, norberak eraman behar du.

Batzuek zorrotz hartu dute bi metroko aldeari eustearena: kazetaria hurbiltzen dela ikusi eta arrapaladan ateratzen dira kontrako norabidean. Ez da hori Laura Vegaren kasua: «Niri ideia ona iruditzen zait», esan du. «Azken finean, jendea ez kutsatzeko modu bat da, eta norbera ere ez kutsatzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.