Koronabirusa

Atzerrian harrapaturik

Pandemiak anabasa itzela sortu du nazioarteko joan-etorrietan; atzerrian harrapaturik geratutako euskal herritar ugarik lortu dute itzultzea, baina beste asko urrun dira oraindik.

Perun egondako euskal herritar batzuk, han ateratako irudi batean; gehienak gaur itzuliko dira. BERRIA.
gotzon hermosilla
2020ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Gaur iritsiko da Loiuko aireportura (Bizkaia) 32 euskal herritar Perutik Euskal Herrira ekarri behar zituen hegazkina. Orain arte Perutik atera ezinik ibili dira, koronabirusaren pandemiak nazioarteko joan-etorrietan sortu duen anabasaren ondorioz. Eta azken orduan ere arazoak izan dituzte: haietako bati koronabirusa antzeman diote, eta Perun geratu beharko du. Gainerako guztiek abioia hartu ahal izan dute.

Apurka-apurka, pandemiak atzerrian harrapatutako euskal herritarrak etxera itzultzen ari dira, baina oraindik badira bueltatu ezinik daudenak. Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako idazkari nagusi Marian Elorzak emandako datuen arabera, 313 herritar ziren itzuli nahi eta Jaurlaritzarekin harremanetan jarri direnak, eta horietatik berrehun inguru bueltatu dira edo etxerako bidean daude jada. Elorzak esan duenez, herritar horiek 30 bat herrialdetan daude barreiaturik.

Perun harrapatuta egon direnak turismoa egiten ari ziren hango gobernuak jakinarazi zienean martxoaren 16a baino lehen atera behar zutela. Martxoaren 5ean, baina, hegazkin konpainiak bertan behera utzi zituen hegaldiak. Boliviatik joateko aukera aztertzen ari zirenean jakin zuten hango gobernuak muga itxi zuela. Beste hegaldi bat lortu zuten martxoaren 22rako, eta bezperan aireportua itxi zuten.

Mertxe Bilbao erandioztarra da bidaiari horietako bat. «Pare bat aldiz egon gara hegazkina hartzear, eta azken minutuan dena pikutara joan da. Horregatik, nik abioian egon arte ez dut ezer sinetsi nahi», adierazi dio BERRIAri; «Hotelean ia bakarrik utzi gintuzten, langile gehienak etxean gelditu zirelako, baina garbiketa produktuak eman eta geu arduratu gara gelak garbitzeaz».

Maddi Amiano altzotarra astelehen gauean iritsi zen etxera. Urtarrilean Indonesiara heldu zen, nazioarteko eskola batean boluntario lanak egitera. Sei hilabeteko egonaldia murriztu behar izan du koronabirusaren erruz: «Han egoera ez zen hain larria, baina etor zitekeenaren beldur ginen, apiril-maiatzetarako egunero 4.000-6.000 kutsatu egotea espero baitute. Indonesiako osasun sistema ez da hemengoa bezain ona, eta, gainera, gaixotuz gero, ez nioke hango bati ohea kendu nahi. Horregatik erabaki nuen itzultzea».

«Jaurlaritzak aholkatu zigun handik joateko, baina, erabakia hartu genuenean, ikusi genuen ezin genuela. Hegaldiak lortzeko arazoak genituen, eta, lortutakoan, bertan behera uzten zituzten». Martxoaren 19rako txartela erosi zuen, baina geroago jakinarazi zioten hegazkin hori ez zela aterako. Ostean, «zoramena» hasi zen, Amianoren hitzetan. Hegaldiak izugarri garestitu ziren, eta ez zegoen inolako bermerik hegazkinak aterako zirela.

Azkenean, martxoaren 22rako lortu zuen txartela erostea, eta hegazkina aparteko arazorik gabe hartu ahal izan zuen. «Desinformazio handia egon da; gauzak egun batetik bestera aldatzen ziren. Jaurlaritzak eta enbaxadak ezin izan digute lagundu, ez zekitelako nola jokatu». Orain etxean dago, baina gogoan ditu oraindik itzultzerik izan ez dutenak.

Narkis Arrondo iazko uztailean joan zen Brasilera, ikastera, Florianopolis hirian. Oporren ostean, martxoan hasi zen berriro eskoletara joaten, baina joan den astean krisiak eztanda egin zuen: «Gu hasieran lasai geunden» azaldu du Arrondok, «han kutsatutako hiru lagun baino ez baitira egon [Florianopolis uharte batean dago], baina gero eskolak bertan behera utzi zituzten, eta esan ziguten itzultzen ez baginen agian mugak itxiko zituztela eta urrira arte geratu beharko ginela».

Gorabehera askoren ostean, Arrondok lortu zuen Florianopolistik Sao Paulora joatea, han abioia hartzeko, baina aireportura iritsi zenean esan zioten bere hegaldia bertan behera laga zutela; azkenean, ordea, Madrilerako hegazkin bat hartu zuen, eta atzo iritsi zen Zarautzera.

Bueltatu ezinean

Batzuk iritsi dira, baina beste batzuk bueltatu ezinean dabiltza. Hori da, esaterako, Amaia Lasa idazle getariarraren kasua. Argentinan dago, senideak bisitatzen, eta martxoaren 20rako zuen itzultzeko bidaia. Bertan behera utzi dute, eta apirilaren 2rako hartuta zeukan beste bat ere bai: «Berriro deitu dut, eta maiatzaren 3an dagoen hegaldirako txartela hartu behar izan dut. Espero dut hori bertan behera ez gelditzea».

Antzera dago Maria Aginagalde bergararra. Pandemiak Zeelanda Berrian harrapatu du, Filipinetara joateko asmotan zebilenean. «Enbaxadan aholkatu zidaten ahalik eta azkarren etxera itzultzeko, baina hegaldiak bilatzen ibili naiz eta ezinezkoa da».

Horri beste arazo bat gehitu zaio: Zeelanda Berrian larrialdi egoeraren maila igo egin da azken orduetan, eta han etxerik ez dutenek leku bat bilatu behar izan dute: «Batzuen artean apartamentu bat hartu dugu Aucklanden, eta hemen gaude, konfinaturik eta albisteen zain». Oraingoz, ez daki noiz itzuli ahal izango den, baina, enbaxadatik adierazi dietenez, ez dute hegaldi berezirik antolatuko eta saiatuko dira banan-banan ekartzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.