Bizikidetzaren lurra goldatzen

Bost urteko bidea egin du bizikidetzaren aldeko Donostiako Herritar Foroak. Euskal gatazkari eta nork bere jokaerei begiratzeko plaza izan da kideentzat; hitza hartzeko bezainbat, entzuteko.

Aran Erasun, Aitziber Blanco, Aizpea Goenaga eta Felix Arrieta. JON URBE / FOKU.
jon olano
Donostia
2021eko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
Behin eta berriro darabilte aditz bat: goldatu. Lurra goldeaz irauli. Belar txarrak kendu, lurra prestatu, fruitua eman dezan. Eta, loratu beharrekoa gatazka armatu baten testuinguruan sortzen den oinazearen osteko elkarbizitza denean, ezinbestekoa da elkarrizketarako baldintzak sortzea, konfiantzak ereitea. Horretan jardun dute bederatzi pertsonak azken bost urteetan bizikidetzaren aldeko Donostiako Herritarren Foroan; bederatzi herritar, ibilbide pertsonal, sozial eta ideologiko desberdinak dituzten pertsonek osatua, alderdi politikoek izendatuta baina modu independentean jardun dutenak. Bost urteko lan diskretuan eginiko bidea gizarteratu zuten abenduaren 9an, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunaren bezperan, parte hartzaileen testigantzak jasotzen dituen dokumentala aurkeztearekin batera.

Horietako lau elkartu ditu BERRIAk, eginiko bidea xehatzeko: hiru, parte hartzaileak: Felix Arrieta, Aran Erasun eta Aizpea Goenaga, eta horien «bidelagun», Aitziber Blanco (Berbari Lekua). Blancok berak jarri du foroa testuinguruan: 2011-2015eko legealdian, zenbait udalerritan hasi ziren bizikidetzaren inguruko prozesuak sortzen; batzuk, maila politikoan, eta beste batzuk, herritarren ekimenez. Hori horrela, 2014an, Lokarrira jo zuen Donostiako Udalak, herritarren arteko foro bat osatzeko asmoz: «Horrela sortu zen, 2015ean. Nahiz eta foroko pertsonak ordezkari politikoek izendatu, horiek ez dute alderdi politikorik ordezkatu; horien bidez saiatzen ginen ibilbide sozial eta ideologiko desberdinetako pertsonak elkartzen».

Ordezkaritza esanguratsu bat eduki zutenean abiatu zuten foroa: «Hortik aurrera, bide autonomo bat hartu zuen. Alderdi guztiek babesa eman diote prozesuari, jakin gabe zertan ari ziren, errespetatuz ez zutela prozesuarekiko inolako kontrolik. Hori eskertzekoa da».

Barren-barrenetik mintzo dira protagonistak prozesuaz, eta hori da foroaren beraren ezaugarrietako bat; bere zereginen artean ez zegoela gertatutako giza eskubideen urraketa guztiak zerrendatzea, gertatutakoari buruzko bizipen pertsonalak partekatzea baizik, Goenagak azaldu duenez: «Ekarpena ez da izan historia kontatzea, gertaera batzuk kokatzea; barrurago joan gara, eta horrek asko aberastu du prozesua; emozioetatik hitz egiteak». Arrietak aitortu du «erosoagoa» zitzaiela hasieran diagnostiko bat egitea, «zuregandik kanpo zer gertatzen den azaltzea», hurrengo pausoa baino: nork bere burua «biluztea»: «Norberak bere burua plazaratzea eta gainontzekoei entzutea; momentu horiek dira esposizio handienekoak. Gainerakoak entzuteko jarrera hartzen duzu, eta hortik hasi behar da eraikuntza prozesua».

Beraz, diagnostiko bat baino, ahots diferenteek osatutako «polifonia» bat osatu zuten, Erasunen hitzetan: «Ez dago diagnostiko bat, singularrean; ahotsdesberdinak jasotzen dituen kontakizun bat da gertatu zaiguna. Egia osoa dago, edo egiak daude? Hor dago giltzarria». Bat dator Arrieta: «Ekarpena da diagnostikoak bere baitan hartzen dituela gertakari makropolitikoak eta mikropolitikoak. Kontziente egin gaitu batzuk ikusten genituen gertakariak beste batzuek ez genituela ikusten. Horrela joan gara eraikitzen denboraren lerroa; eraiki dugu makroan, mikroan, eta gero horri sentimenduak eta sentsazioak jarriz».

Barne berrikuste bat

Horrela hasi ziren «mapa mentalak» osatzen, edukiz eta hitzez betetzen: amorrua, beldurra... Introspekzio ariketa bat, kolektiboki gauzatua. Eta, hor, orekak: norberaren jokabidearen berrikusketa, norbera izateari utzi gabe; libre eman iritzia, jakinik parekoarentzat mingarria izan daitekeela. Erasunek taldekide bati lapurtu dizkio hitzak: «Esan behar duzuna esan, baina alferrikako minik ez eragin. Nik asko sufritu dut prozesu honetan; gaizki pasatu dut, eta momentu batzuk oso mingarriak izan dira. Baina banekien horren parte zela, beharrezkoa zela». Eta barne inarrosaldi horrek talde baten dinamikari eragiten dion modua, Goenagak gogora dakarrenez: «Pro- zesuak ez dira linealak; eduki ditu gorabeherak, baina horiek ere etorri dira taldekide bakoitzak prozesuan zituen momentuen arabera. Bileretara joaten ginen modu batean, eta irteten ginen beste modu batean. Horregatik, inportantea izan da denon konpromisoa».

Horregatik giroaren eta konfiantzaren garrantzia, Blancoren arabera: «Pertsonak gara, eta hori izan da gure topagunea. Bakoitzak bizipen ezberdinak izan ditu, baina oso azpimarragarria da bakoitzak egiten duzuen autokritika ariketa zintzoa; bakoitzak berearen ardura hartzen du, eta hori oso inportantea da. Bakoitzak, bere tokitik, hartzen du berearen ardura».

Ez baita gauza bera nor bere arduraz jabetzea edo beste batek egoztea, Erasunek gogora dakarrenez: «Elkarrizketa zintzoa dagoenean, elkar entzute bat, bestearen aitortza bat, nik esan dezaket min horretan ikusten dudala nire erantzukizuna, eta hartzen dudala». Jarrera kontua: «Trikua zara beste batek erantzukizuna leporatzen dizunean, edo, zerorrek hartuta, maskorra zabaltzen duzu».

Elementu horiek jaso dituzte prozesuaren amaieran, ondorioak biltzeko txostenean: batetik, indarkeria jakin batzuei erreparatu ez izana, desberdin pentsatzen duena kosifikatu eta indarkeriazko harremanak normalizatu izana; eta, aurrera begira, elkarbizitzarako zutabe ezinbesteko batzuk identifikatzea: esaterako, entzuteko gaitasuna lantzea eta «elkarri aitortzea giza duintasunarekiko errespeturik handiena». Horregatik, Arrietak uste du foroak egin dezakeen ekarpen garrantzitsuena dela metodologia bat ezartzea: «Esatea herri honetan ezinbestekoa dela horrelako espazioak egotea, sortzea, arlo guztietan eta herri edo auzo guztietan. Konfiantza espazioak sortu behar dira, elkar entzutekoak, horietatik aurrera egiteko. Hau metodologia baliagarria da herri honetan oraindik askatu gabe dauzkagun korapilo asko askatzeko».

Sozializatzeko beharra

Foroak amaitu du bere bidea, baina ez bere eginkizuna, Arrietaren iritziz; «gauza asko» nabari ditu egiteko: «Ardura bat daukagu honen guztiaren sozializazioan, batez ere gazteengana iristen kontu hauekin. Iruditzen zaidalako hau dela nagusiki adin batetik aurrera horrelakoak lehen pertsonan bizi izan ditugunok egin beharreko elkarrizketa eta aitortza prozesuak baina transmititu egin behar diegula zuzenean bizi izan ez dutenei».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.