G7koen bilerak eragindako kalteen ordaina jasoko dute Lapurdiko 412 enpresak

Frantziako Gobernuak 1.161.000 euroko diru zama banatzea erabaki du. Galeren araberakoa izango da banaketa. Enpresa txikiak dira gehienak

Miarritzeko kaleak, hutsik, G7koen goi bileraren garaian. GILLAUME FAUVEAU.
Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2019ko urriaren 24a
00:00
Entzun
Joan den agorrilean antolatu zuten Miarritzen G7koen goi bilera. Lapurdi kostaldeko lantoki eta denda askotan beldurra eta kezka eragin zituen ekitaldi hark, udako sasoi bete-betean turista gutxiago izango zela aurreikusten baitzuten. Frantziako Gobernuak, hainbat komunikazio operazioren bidez, dendetako nagusi eta langileak lasaitu nahi izan zituen, eta kalte-ordainak izango zirela hitzeman zuen. Atzo, Frantziako Ekonomia Ministerioak jakinarazi zuen 412 enpresak kalte-ordaina jasoko dutela goi bilera horrek «eragindako trabagatik»; orotara, 1.161.000 euro. Lapurdiko 584 enpresak egin zuten galdea; hortaz, %70ek lortuko dute diru zama bat, azaro hastapenetik goiti.

Frantziako Ministerioak adierazi du 412 enpresa horietatik gehienak «txikiak» direla —urteko irabazia 500.000 eurotik behera dute—. Kalte-ordainak galdegin zituzten enpresa gehienak Miarritzen daude (%59), Baionan ia laurden bat (%22,5), eta gainerakoak Angelun, Hendaian, Bidarten eta Urruñan, denak ere Lapurdiko kostaldean.

Enpresa horiek urrian egin behar izan zuten kalte-ordainak jasotzeko eskaria, eta hau frogatu behar izan zuten: 2017. eta 2018. urteetan agorrilean izan zituzten irabaziak aurkeztu, konparatu, eta galerak izan zituztela frogatu. Eremu zehatz bateko enpresek soilik egin zezaketen galdea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.