Egoeraren neurriko erabaki eske

COP25 bileraren hasieran, herrialderik kutsatzaileenei dei egin diete egoerari dagokion neurriko aldaketak martxan jar ditzaten, mundua denborarik gabe geratzen ari baita.

Pedro Sanchez eta Antonio Guterres, atzo, COP25a inauguratzeko ekitaldian. ZIPI / EFE.
inaki petxarroman
2019ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Larrialdi deiak bai, baina datuak eta aurreikuspenak ikusita, baikorregi izateko arrazoi handirik gabe hasi da COP25 klima aldaketari buruzko goi bilera. Antonio Guterres Nazio Batuen Erakundeko (NBE) idazkari nagusiak egin du deialdirik sutsuena: berotegi gasen isurketen egungo joera eten ezean, planetaren iraupena ere «kolokan» egon daitekeela adierazi baitu. Goi bileraren hari batzuk dira ondokoak.

ZER DAGO JOKOAN?

Berez, trantsizio bilera bat da COP25. Hurrengo urtean indarrean jarriko da Parisko akordioa, eta ordurako anbizio handiagoko konpromisoak aurkeztu beharko lituzkete herrialdeek. Orain arte bere gain hartu dituzten konpromisoekin, mundu mailako berotzea 3,2 gradukoa litzateke. Zientzialariek, baina, eskatu dute bi gradu azpikoa izan behar dela gehienezko berotzea, planetan izango diren aldaketek ez dezaten gainditu arrisku larriaren maila. Alde horretatik, COP25ek erakutsiko du herrialdeek politikoki anbizio handiagoko proposamenak ote dituzten; eta, bestetik, Parisko ituna teknikoki garatzeko falta diren xehetasunak adostu beharko lituzkete. Besteak beste, herrialdeek isurketen merkatua martxan jartzeko baldintzak hitzartu beharko dituzte; eta herrialde kutsatzaileenek 100.000 milioi dolarreko diru funts bat bermatu beharko liekete herrialde pobretuei, klima krisiak eragindako kalteei aurre egin ahal izateko. Bi kasuotan, gobernuek desadostasun handiak dituzte.

GORABEHERAK ANTOLAKETAN

Madrilen hasi berri den goi bilera bertan behera geratzeko zorian egon zen urrian, Txilen dagoen egoera politiko eta sozial kritikoaren ondorioz, hango gobernuak hura antolatzeari uko egin zioenean. 1992an, Nazio Batuen Erakundeak klima aldaketari buruzko hitzarmen esparrua onartu zuen, berotegi gasak gutxitzeko helburuarekin. Geroztik, urtero egin da aldeen bilera —berez hori da COP—, eta 200 bat herrialdetako gobernuek parte hartzen dute. Bilera munduko eskualde batetik bestera aldatzen da, eta aurten Hego Amerikan izatea aurreikusi zuten.

Hasieran, Brasil zen antolatzaileen jomugan, baina Jair Bolsonaro gobernura iritsi izanak haien helburua aldarazi zuen. Orduan jo zuten Txilera, baina herrialdea krisi soziopolitiko sakon batean murgilduta dago, eta, hori dela eta, goi bilera antolatzeari uko egin zion. Herbehereak bilera antolatzeko prest ziren, baina ez zuten nahi presidentetza Txileren esku geratzea. Azkenean, Espainiak hartu du antolatzeko lana, Txileren presidentetzari eutsita. 28.000 lagun espero dituzte Madrilen, goi bileraren harira hilaren 13ra arte egingo diren ekitaldietan.

BA AL DA ITXAROPENAIZATEKO ARRAZOIRIK?

Joan den astean NBEren Ingurumenerako Programak argitaratu zuen txostenaren arabera, gero eta urrutiago dago mundua bere klima helburuetatik, hots, zientzialariek aipatzen duten 1,5 graduko gehienezko berotzetik. Horretarako, 2020tik 2030era mundu mailako berotegi gasaren isurketak %7,6 gutxitu beharko lirateke urtero. Azken urteotan handituz eta handituz joan dira, eta berotegi gasen kontzentrazioa inoizko handiena da atmosferan: milioiko 408 partekoa (ppm).

IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldeko buru Hoesung Leek atzo adierazi zuenez, mundua «hurbildu» ere ez da egin krisiari aurre egiteko egin beharko lukeen bidera. Zientzialariek ohartarazi dute aldaketak «presazkoa eta bizkorra» izan behar duela. Arlo horretan, nazioarteko panorama ez da oso itxaropentsua. Donald Trumpek azaroaren 4an gutun bat bidali zion NBEri Parisko akordiotik irteteko eskaera eginez. Txina da ikatz zentralen proiektu gehien duen herrialdea munduan, nahiz eta energia berriztagarrietan inbertsio handiak egin dituen. Bi herrialde horiek eta Indiak isurtzen dute CO2-aren ia erdia. Bada, Madrilgo goi bilerara erdi mailako ordezkaritza bat bidali dute hiru gobernu horiek. Atzo Guterresek ohartarazi zien «gehiago» egin behar dutela krisiari erantzuteko.

EUSKAL ORDEZKARITZARENLANA

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak ere parte hartuko dute Madrilen hasi berri den COP25 goi bileran. Hain zuzen ere, Under 2 eskualdeetako gobernuen koalizioko kide dira biak, eta hark antolatutako ekitaldietan parte hartu dute. Horren barruan, nazioarteko hiru topaketatan parte hartuko dute, Katalunia, Eskozia, Kalifornia eta halako herrialdeekin batera. Aldi berean, Pirinioetako Klima Aldaketarako Behategiko kide gisa antolatu diren bestebi ekitalditan ere egongo dira Hego Euskal Herriko bi gobernuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.