EAJ eta PP bidea lurmentzen

Rajoyren aurkako zentsura mozioaren harira, EAJ eta PP lau urte egon dira kasik harremanik gabe. Asteon, Nuñez Feijook eta Ortuzarrek «normaltasuna» berreskuratu dute.

2016ko urriaren 29a: Aitor Esteban jeltzalea Mariano Rajoy Espainiako presidente izendatu berria zoriontzen. J.C.H. / EFE.
xabier martin
2022ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Espainiako justiziak Gurtel auziaren epaia ezagutarazi zuen 2018ko maiatzaren 24an, eta hark dena aldatu zuen EAJren eta PPren artean. Mariano Rajoyk gidatzen zuen alderdiaren ustelkeria inoiz baino gordinago islatu zuen ebazpen horrek; hain gordin, ezen ezer gertatu izan ez balitz bezala jarraitzeak aukera erreal bat izateari utzi baitzion EAJrentzat. Lau urteko harreman izoztuak eragin zituzten Sabin Etxean egun gutxi batzuen buruan hartu zituzten erabakiek; harik eta asteon alderdi bien presidenteek «normaltasuna» berreskuratzeko bilera bat egin duten arte.

Espainiako aurrekontuak aurrera ateratzeko ezinbesteko laguntza eman berri zion EAJk Rajoyri, hura kargutik kentzeko egun gutxi falta zirela. Egungo agertoki politikoa ulertzeko funtsezkoa izan zen aste horretan, Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako 540 milioiren inbertsioa jaso zuten PPren gobernuaren azken aurrekontuek. Ez zen erabaki erraza izan Euzkadi Buru Batzarrarentzat, baina EAJren ordu arteko itunen estrategia aldatu beharraren tesia gailendu zen. Gurtel auziaren epaiaren irakurketak ez zuen zalantzarako tarterik utzi Rajoyren eta PPren muturreko posizioari zegokionez, eta Pedro Sanchezek Rajoyren aurkako zentsura mozioa iragarri zuenean —xake matera hurbiltzen den jokalariaren antzera—, EAJk deliberatu zuen Moncloan maizter berri bat jartzeko garaia zela.

Esan beharrik ez dago: PPk oso gaizki hartu zuen bazkidetzat jotzen zuen alderdiaren erabaki hura. Lehenik Rajoyren aurrekontuei babesa eman, eta, astebeteko tartean, Rajoy bera gobernutik bota zuen. Haren bost bozkak ezinbestekoak izan ziren azkenerako. «Balioak dituzten pertsonak zinetela uste nuen, baina huts egin dut», bota zien Rafael Hernando PPren orduko Kongresuko bozeramaileak EAJko diputatuei.

Aldaketa hura Moncloan

Esan daiteke EAJk eraman zuela Pedro Sanchez Moncloara, edo ez zuela eragotzi Sanchez Moncloara iristea, Rajoyren aurka egin zuten gainontzeko talde parlamentarioekin batera bozkatu baitzuen. PPren azken esperantza zen Ortuzarren alderdia; izan ere, zentsura mozioaren aldeko gainontzeko bozkak jakinak ziren aurretik. Alferrik gertatu zen PPrentzat, eta, ordutik, bien arteko harremana izotzez beteriko bideetan baino ez da garatu. Aste honetan, Alberto Nuñez Feijooren Andoni Ortuzarren arteko bilkurak aldatu egin du egoera hori, nahiz eta ez dagoen haren argazkirik.

PPko presidentearen ekimenez, alderdi bien buruek bilera bat egin zuten herenegun, eta Koldo Mediavilla EBBko Harreman Instituzionalerako idazkariak esan du batzarrak «adeitasun politikoaren itzulera» lortu duela: «Harreman adeitsu horrek ez zuen inoiz ere hautsi behar». EAJ eta PP bidea lurmentzen hasi dira, beraz, 2018ko maiatzetik izotz geruza batek estali ondoren. Horrek ez du esan nahi bide horretan ez daudenik traba eta oztopo handiak ahalezko aliantzak egin daitezen atzera alderdi bien artean, 2018ko Gurtel lurrikararen aurretik egin zituzten moduan.

Edonola ere, Mediavillak uxatu egin nahi izan ditu Feijooren eta Ortuzarren arteko batzarrak piztu ditzakeen errezeloak: «PPk ez du EAJn bazkide bat aurkituko eremu autonomikoa ukatzen duen bitartean». Herenegungo bileraren helburua izan da alderdien arteko harremana «normaltasunera» itzultzea, haren arabera; baina, aldi berean, Mediavillak ez dio bidea erabat itxi etorkizunari begira alderdi biak bazkide izateko abaguneari, zehazki Espainiako Gorteetarako hauteskundeen ondoren zabal daitezkeen aukera berriei dagokienez. EAJk ipintzen duen lehen marra gorria aipatu baizik ez du egin.

«Apartekoa dena da bi alderdi egotea bata besteari bizkarra emanda», esan du Mediavillak, baina garbi utzita PPk zentralismoan jarraitzen duen bitartean ez duela bazkide gisa izango alderdi jeltzalea. Alegia, EAJ ez da prestatzen ari etorkizun desberdin baterako, Mediavillaren arabera: «Batzuek aparteko izaera bat eman diote bilerari, hura etorkizunarekin lotuz, nahiz eta hori ez den inondik ere horrela». Dena den, EBBko kideak uste du hala EAJk nola PPk «gobernatzeko bokazioa» dutela, eta apartekotzat jo du «komunikaziorik ez egotea» horien artean. Zehaztu du PPk hautsi zuela harreman hori, gainera, Rajoyren aurkako zentsura mozioaren harira. «Ez zuen ulertu bakoitzaren posizioa zein zen».

«Normaltasuna» ahoskatzearekin batera, Mediavillak garrantzia kendu dio bilerari, alderdi biek izan dezaketen hurbilketari dagokionez. «Ezta hurrik eman ere»; alegia, harentzat, gezurra da EAJ PPren posizioetara hurbiltzen hasi dela. «Bileran zerbait argi geratu bada, zera izan da: oso alde handiak daudela alderdi bien artean».

Eta non kokatzen du Mediavillak lehen arrakala handia? Eremu autonomikoan: «PP zentralismoaren bila doan bitartean, ez du EAJn aliantza bat edo etorkizunerako bazkide bat aurkituko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.