«Denean eta denentzat»

Baionan 1.100 pertsona elkartu dira Frantziako Gobernuak zerbitzu publikoak «suntsitu» nahi dituela salatzeko. Egunerokoan dituzten lan baldintzak deitoratu dituzte langile publikoek

Sail elebiduneko irakasleen protesta. BERRIA.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2019ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Macronen gobernua zerbitzu publikoak pixkanaka «suntsitzen» ari dela, funtzio publikoan gero eta baliabide gutxiago dituztela eta langileen lan baldintzak «okertzen» ari direla salatu dute langile publikoek Baionan. Funtzio publikoan ordezkaritza duten sindikatu guziek deitua zuten atzo grebara, hala nola CFDT, CGT, FO, Unsa, FSU, Solidaires eta LABek, nahiz eta sindikatu abertzalea intersindikaletik kanpo utzi duten beste behin ere. 1.100 pertsona bildu ziren, Lan Burtsatik suprefeturara egin zuten ibilbidean.

Zerbitzu publikoak denean eta denentzat pankarta eskuan, Departamenduko Kontseilu aitzinean egin dute lehen geldialdia. «Emmanuel Macronek eta haren gobernuak pribilegiatu gisa aurkezten gaituzte, gure misioak sinplifikatuak eta pribatizatuak izan behar direla erranez», salatu zuten sindikatu guztiek batera egin zuten hitzartzean. Funtzio publikoan aurki daitezkeen lanbide guzien zerrenda egin zuten ondotik, sortzetik bizitza bukaera arte herritarrei behar sozialei erantzuten dietela ohartaraziz. «Zerbitzu publikoak, langile publikoak, ezkutu bat dira, suebaki bat, herritarrentzat gero eta ugariagoak diren arazo sozialen aitzinean». Horregatik, ez zaie onargarria «karga» gisa hartuak izatea eta horrekin 120.000 lanpostu ezabatzea justifikatzea.

Langile publikoak «bertan» kudea ditzatela eskatzen duen pankarta bat eskuan atera da Frantxua Urdanpilleta. Donibane Garazin lan egiten du, erizain gisara, Baionako Ospitaleko zerbitzu batean. «Langileak eskas ditugu, eta baliabideak eskas ditugu. Langileek sufritzen dute; anitzek lana uzten dute», deitoratu du. Berriki, zahar etxeen itzulia egin du LABeko beste kide batekin batera. «Langileak biziki nekatuak sentitu ditugu, bai fisikoki eta bai mentalki. Haien sufrimendua ez da entzuna, ez da onartua. Beti behar da gehiago egin, gero eta ahal gutxiagorekin. Guk hori salatu nahi dugu, kalitatezko ospitale bat nahi dugulako, herritarrengandik hurbil». Eta, Urdanpilletaren iritziz, kalitateak denbora eta baliabideak eskatzen ditu. «Pertsona bat garbitzea biziki momentu berezia da; bere intimitatean sartzen zara. Pertsona bakoitza desberdina da, bakoitzak du bere berezitasuna, eta adinekoa bada, gehiago. Horrelako lan bat ezin da ordularia eskuan egin. Gaur egun, dena kalkulatua da, dena da ikuspegi ekonomiko bati lotua. Alta, dena ezin da ekonomiari lotu. Ospitalearen gastua apaldu nahiko luketela erraten dute, adibidez; gu ez gara horrekin ados, eta hori salatzera atera gara gaur».

Urteetan etxeetan aritu ondotik, onkologia zerbitzuan ari da gaur egun Brigitte Bernard artatzailea. Berak ere denbora falta aipatzen du arazo nagusi gisa: «Gure helburu nagusia pazientearengandik ahalik eta hurbilen egotea da, artatzea, haren mina arintzea, bizitza bukaerara ahalik eta egokien iritsi dadin». Azken urteetan izandako murrizketak aipatu ditu, baina baita medikuntzaren aitzinamenduak ere: minbizia duen jendea gehiago artatzen da, eta bizitza luzeagoa izaten dute lehen baino. Horrek aparteko premiak sortzen ditu, eta langile anitz zauritzen dira sorbaldan edo bizkarrean izandako gainkargen ondorioz. «Egunean 70 eta 80 paziente artean artatzen dituzte. Kate lana egiten dute, alta, ezin da zernahi egin». Zuzendaritzari aipatu izan diote, baina beti aipatzen dituzte diru eta prestakuntza arazoak. «Jada ez dakigu zer egin. Jendeak bere buruaz beste egin behar du? Hildakoak egon behar dira zuzendaritzak erreakziona dezan?».

Irakasleak, euskararen alde

Sail elebiduneko irakasleek ere protesta egin zuten euskarazko eta euskararen irakaskuntzaren alde, salatuz murgiltzearen esperimentazioa arriskuan dela eta bigarren mailetan euskara «kolokan» izan litekeela Frantziako Gobernuaren erreformekin. Ekintza sinboliko batez, gizarte elebakarra beltzez jantzirik eta musika doinu ilunekin antzeztu zuten; euskara irakasten duen gizarte eleaniztuna, aldiz, koloretsu eta alai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.