Etxe berriak, eta kuartela ere bai

2021eko Espainiako aurrekontuak babestearen truke, Espainiako Gobernuak Loiolako kuartelaren lurrak Donostiako Udalari saltzea onartu du. Militarrak, ordea, ez dira joango.

Donostiako kuartelaren aurreko aldea. GORKA RUBIO / FOKU.
Miren Garate.
Gipuzkoako Hitza
2020ko abenduaren 5a
00:00
Entzun
EAJko iturriek joan den astean jakinarazi zuten akordio bat egin dutela Espainiako Gobernuarekin, eta Donostiako Udalak Loiolako kuartelak dauden lurrak erosi ahal izango dituela datorren urtean. 2021eko estatuko aurrekontuak babestearen truke hitzartutako puntuetako bat da. Espainiako militarrek, ordea, ez dute Loiolatik alde egingo. Defentsa Ministerioak berehala zehaztu zuen gaur egun hipika elkarteak erabiltzen dituen lurretara joateko asmoa dutela; hau da, auzoan bertan eta oinez zazpiehun metro eskasera —harenak dira lur horiek—.

Hortik aurrera, galdera ugari daude: zenbat ordainduko dio Donostiako Udalak Espainiako Defentsa Ministerioari lurrengatik? Nolako hirigintza proiektua proposatuko du udalak auzorako? Nola aldatuko da Loiola? Zer gertatuko da hipikarekin?

Kuartelekin ezagutu dute auzoa loiolatarrek. 1920. urteko ekainaren 10ean sinatu zuten lursailak salerosteko akordioa, eta 1922an hasi ziren eraikitzen. Inauguratu, berriz, 1926ko otsailean egin zituzten. Bere garaian, bultzada ekonomiko bat ere ekarri zuten auzoko taberna eta komertzioentzat, batik bat soldaduska derrigorrezkoa zen garaian. Baina Igor Alonso Urumea Ibaia Loiolako auzo elkarteko kideak azaldu duenez, betiko eskaera izan da militarrek auzotik alde egitea. Horregatik, akordioak ez ditu gehiegi poztu: «Guk nahi genuena zen militarrek alde egitea Loiolatik, lursail horiek libre uztea, baina ez beste batzuk okupatzeko». Bostehun militar inguru daude gaur egun Loiolako kuarteletan.

Alonsok kontatu du kuarteletan bizi direnekin ez dutela arazo handirik izaten; auzotik kanpo egin ohi dutenez eguneroko bizitza, ez dituzte askorik sumatzen. «Baina maniobrak egitera etortzen direnak etortzen dira auzora, eta haien begiradak ez dira oso atseginak izaten. Tabernetan liskarrak, nazien aldeko margoketak eta halakoak ohikoak izaten dira». Duela hamabost urteko gertaera bat ere ekarri du gogora, zenbait militarrek EHGAM elkarteko kide bat jipoitu baitzuten Donostia erdialdean.

Orain kuartelak dauden lurretan etxeak egin nahi ditu udalak, eta auzoak izan dezakeen bilakaerak eragiten die kezka puntu bat. «Ea zenbat jende etorriko den, nolako etxeak izango diren... Jende askok alde egin behar izan du Loiolatik, hango prezioak ez zirelako guretzako modukoak». Etxe babestuak nahiko lituzkete. Eneko Goia alkateak aipatu izan du 1.600 etxe inguru egin ditzaketela. Iazko datuen arabera, 5.000 biztanle inguru ditu auzoak. «Herri txiki bat bezala gara: denok ezagutzen dugu elkar. Mugimendu sozial handia eduki izan du beti auzoak: konpartsa, danborrada...». Oreka bat eskatzen dute eraiki daitezkeen eremuetan. Besteak beste, kirol eremu bat edo unibertsitatea ere hor jartzea eskatzen dute.

Eraikin «historikoa»

Oreka eskatzen du ondarearen babeserako Ancora elkarteak ere: azpiegitura berrien eta hiriaren iraganari erreferentzia egiten dioten elementuen arteko oreka. Ancora ez da kuartelak guztiz botatzearen aldekoa, eta gunea osatzen duten hamabi eraikinetatik bi mantentzea proposatzen du, «hiriaren historiaren eta memoriaren parte» direlako.

«Lursail handia hartzen duenez guneak, jabetzen gara ez dela posible guztia babestea; horregatik proposatzen dugu fatxada nagusia osatzen duten bi eraikinak mantentzea, ibai aldekoak», esan du Alberto Fernandez D'Arlas elkarteko bozeramaileak. Bi horiek dira harrizko bakarrak, eta barruan apaingarri artistikoak ere badituzte. Fernandez D'Arlasen hitzetan, beste hiri batzuetan asmatu dute gune militarrak «arrakastaz» berrerabiltzen. Ohikoa izan da, esate baterako, ekipamendu kultural moduan egokitzea edo unibertsitateek hartzea.

Elkartearen esanak ez zaizkio asko gustatu Goia alkateari. «Ez dugu, bada, nahikoa zailtasun, oraindik eta zailtasun gehiago jartzeko gauzei. Ez litzaidake gustatuko —eta horretan adituak gara batzuetan donostiarrak— hemen barruko sestrek horrelako proiektu bati kalte egitea», esan du aste honetan egindako prentsaurreko batean.

Akordioaren osteko hurrengo urratsei buruz, berriz, esan du batzuetan ez dela komeni izaten gauzak gehiegi aurreratzea, «prozesuari kalte egin diezaiokeelako horrek». Goiak azaldu du akordioa Espainiako Estatuko aurrekontuetan txertatzea dela hurrengo urratsa:«Behin onartzen direnean, akordioa loteslea izango da, eta hor jasotzen da 2021ean hasi eta amaituko dela prozesua. Oraindik eseri ere ez gara egin. Gauza bakoitza bere garaian».

Donostiako Udalak urteak daramatza lur horiek bereganatu nahian, hirigintzari lotutako proiektuetarako. Oraingoan, lursailengatik ordaindu egingo zaioDefentsa Ministerioari, eta bere esku utzi dute militarrak nora lekualdatu erabakitzea.

«Alferrikako gastua»

Urteotako negoziazioen bilakaera salatzeko, Bake Ekintza taldeko kideek elkarretaratzea egin zuten joan den larunbatean. Gogoratu zuten behin baino gehiagotan aldarrikatu dutela egungo kuartelaren lurretan hiriaren garapenak bizi zuen blokeoaren konponbidea ezin zela mugatu «kuartel historiko baten edo armadarentzako kokaleku berri baten artean aukeratu beharraren dikotomiara». Elkartearen ustez, gastu militarra murriztea da giza eskubideen aldeko bilakaera egin nahi duen gizarte baten benetako erronka, «eta bide horretan ez da instalazio militar gehiago behar».

Nabarmendu du EAJk Madrilen lorturiko akordioak ez dituela Donostiatik kanpo utziko militar espainiarrak. «Ez omen zegoen Donostian militarren beharrei erantzungo zien lursailik, baina hipikarako planekin azkar zapuztu da kuartel berririk gabeko Donostiaren ametsa». Kuartel guzti-guztiak ixtea eta industria militarra produkzio zibilera bideratzea eskatzen du elkarteak, bai eta gastu militarra gastu sozialera bideratzea ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.