Hogei urte aterpe bila

NBEk bosgarrenez zigortu du Espainia, Madrilgo familia kaltebera bat etxerik gabe uzteagatik, eta sei hilabeteko epea eman dio halakorik ez gertatzeko protokolo bat aurkeztu dezan.

Etxegabetzeen aurkako protesta bat, joan den martxoan, Madrilen. LUCIA FRANCO.
Lucia Franco
Madril
2021eko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Ahmed Tidlik 49 urte ditu. Bere umeetako bi besoetan hartuta, gogora ekarri du nolako hotza pasatu zuten urtarrilean, Filomena iritsi zenean: «Hil egingo ginela uste genuen». Cañada Realeko seigarren sektorean bizi da Tidli (Madril), eta zazpi hilabete daramatza argindarrik gabe. Lehen, Vallecasen bizi zen, bere lau seme-alaba adingabeekin eta emaztearekin batera, baina 2017an, andrea haurdun zegoela, etxetik bota zituzten denak, alokairua ez ordaintzeagatik. Aurtengo martxoan, berriz, NBE Nazio Batuen Erakundeak ebazpen bat eman zuen Espainiari eskatuz etxebizitza egoki bat adjudika diezaiola familia horri lehenbailehen.

Tidli duela 30 urte iritsi zen Espainiara, Marokotik, 800 euro poltsikoan, bizimodu hobe baten bila. Ezkondu, eta familia bat osatu zuen Hakimarekin batera. Madrilgo Vallecas auzoan bizi izan ziren, harik eta alokairua pagatu ezinik geratu ziren arte, Tidlik bere elektrikari lana galdu baitzuen. Orain, NBEk ebatzi du hala Madrilgo Udalak nola foru erkidego horretako gobernuak haien eskubideak urratu zituztela, ez ziotelako bizitzeko beste lekurik eskaini Tidliren familiari.

Lau ume adingabe dituzte, baina etxetik bota zituzten hala ere. Hasieran, udalaren aterpetxe batera eraman zituzten, Madrilgo periferiara; handik hilabete batzuetara, berriz, Pinar de Chamartingo beste aterpetxe batera, osasun baldintza egokirik gabeko leku batera.

Han, Hakimak galdu egin zuen barnean zeraman haurra, zazpi hilabeteko zegoela. «Ez ziguten aski janari ematen, eta oso gaizki sentitzen nintzen; negarrez egoten nintzen denbora guztian», gogoan du Hakimak. Abortuaren ondoren, Samurreko udal zerbitzuek erabaki zuten familia ostatu batera eramatea behin-behinean, emakumea bere onera etor zedin.

Desesperaturik, Tidlik etxe bat lortu zuen Cañada Realgo seigarren sektorean, 300 euroren truke. Europako legez kanpoko kokalekurik handienean dago bizitokia, eta Hakimak dio beldurrez bizi dela, ez daukatelako inolako segurtasun eta higiene neurririk. «Hau ez da leku egokia gure seme-alabak hazteko», dio, irmo.

NBEren sententziak, ordea, irribarre eginarazi die berriz. «Gure sei umeentzako aterpea: hori besterik ez dugu nahi», kontatu du Hakimak. Oraintxe, gizarteratzeko gutxieneko diru sarrera baino ez dute kobratzen hilean, familia ugari gisa. Batzordeak uste du estatuak beste bizitoki bat eskaini ziela, Madril kanpoaldean; baina toki hura, udalerriaren barruan egon arren, haurren eskolatik oso urruti zegoen, txostenak dioenez. Umeetako bi elbarriak dira, eta bide luzea egin behar izaten dute eskolara joateko.

Erkidegoak behar bereziko etxebizitza eskatzaileen zerrendatik ezabatu du Tidliren familia, Cañada Realgo txabola batean bizi delako. «Hogei urte daramatzat etxe bila. Ez dut besterik nahi: gure umeek gauean hotzik pasatuko ez duten leku bat baino ez», dio, 2 urteko bikiak besoetan hartuta.

Eskubide Ekonomikoen, Sozialen eta Kulturalen Batzordeak eman dio ebazpenaren berri familiari, eta, bertan, NBEk Espainiari eskatu dio adjudika diezaiola familiari etxebizitza bat lehenbailehen, eta eman diezaiola kalte ordain bat familia osoak sufritutako kalteagatik. «Espainiak behin eta berriro uko egin dio nazioarteko zenbait itun betetzeari, eta ezin dugu halakorik onartu. Borroka egingo dugu erkidegoak etxebizitza bat eman diezaion familia honi», azaldu du Gizarte Zibileko begiraletza taldeko kideetako batek, Javier Rubiok.

Txostenean, Eskubide Ekonomikoen, Sozialen eta Kulturalen Nazioarteko Ituna hartu dute oinarri; NBEren Batzar Nagusian onartu zuten hitzarmen hori, 1966an, eta 160 herrialdek dute berretsia, besteak beste, Espainiak.

Protokolo osagarria, berriz, ituna garatzeko balio duen arautegi moduko bat, 2013an onartu zuten. Rubiok dioenez, orain onartu duten ebazpena nahitaez bete beharrekoa da, konstituzioaren 96. artikuluak ezartzen baitu nazioarteko itunak ordenamendu juridikoaren parte direla.

Gainera, idazki horretan, Espainiari eskatu diote plan bat idatz dezala, neurri zehatzak bilduta, familia horren egoeraren gisakorik ez sortzeko, eta bidal diezaiola NBEri sei hilabete baino lehen. Hain zuzen, bosgarren aldia da Espainia kondenatzen dutena Madrilgo familia kalteberen eskubideak urratzeagatik. «Kasu horietako bakar batean eman zaio etxebizitza publiko bat familia bati», kontatu du Rubiok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.