BI TARTE

Oraindik ez, baina

Nerea Ibarzabal Salegi eta Mariñe Arbeo Astigarraga
2019ko urriaren 5a
00:00
Entzun
Kalean ikusi dut semea amaren gurpil aulkiari bultzaka, bere ama zilarkaratuaren pisuari sakaka espaloian. «Zelan zabiltzate?» galdetu, eta «hementxe» erantzun du, aurrean eserita doan amona begiekin seinalatuz. «Ikusten duzu» zioten azpitituluek, «zer esango dizut, ba». Astegun zein asteburuak hura zaintzen ematen ditu, bere ohiko lanpostura joateaz gain. Emakume bati ordaintzen hasiko da orain, larunbat eta igande batzuk amarekin eman ditzan. «Lehengo zaintzaileak alde egin zuen gurpil aulkian geratu zenean», esan dit. Haserretik baino, ulermenetik esan du.

Gure elkarrizketa bi segundoz eten du aldamenetik igaro behar zuen beste ama-alaba tandem batek, bi gurpil aulki justu-justuan sartzen baitira espaloian. Sakaka doazenek konplizitatez agurtu dute elkar; biak doaz gorputzak aurrerantz makurtuta, pixkanaka beren etorkizunerantz uzkurtuz joango balira bezala. Noizbait besteren bat jarriko da aulkiaren atzean, eta osatzen jarraituko du bizitzaren zirkuluak, denon horizontaltze gradualak.

Besteren bat jarriko da aulkiaren atzean. Beti. Baina zein? Eta zein egoeratan? Agortuz doa orain arte gure etxe zein baserrietan agintzen zuen mundu ikuskera: guraso zaharrak —eta osaba solteroak— seme-alaben etxera joan bizitzera, eta hantxe moldatu hil arte, alaben, edo koinaten, edo errainen zaintzapean. «Lehen guk zu, orain zuk gu». Konplikatu egin da tratu historiko hori, nire gurasoetako batek oraindik sutsuki defendatzen duen arren.

Nire beste gurasoak, gaztetxeak eredutzat hartuz, zahar etxe aktibo bat eratu nahi du lagunekin. Eraikina denen artean erosi, zaintzaileak kontratatu, eta herriko beste eragile bat gehiago izan. Ikastaroak eman, baratzea jarri gazteentzat, barre eginez hil. Ez zait abiapuntu txarra iruditzen. Hala ere, zahartzaro goiztiarrerako plan gisa balioko lukeen arren, denak 85 urtera iristen direnean aktibo-aktibo ere ezingo da izan zahar etxea. Plan honek porrot egin eta, azkenean, neuk zaindu beharko banu, nire gurasoak beti esaten dit gauza bera: «Tontotzen hasten naizenean, bota nazazu sasi artera. Esango dugu nire buruaz beste egin dudala».

Zahartzen ari diren guraso bananduen alaba bakarra naiz, eta hau Jackass da. Oraindik ez, baina denoi helduko zaigu egun bat deituko diguna medikuren edo senideren batek, eta esango diguna «erori egin da». Denak erortzen dira noizbait, mokorra hausten dute, eta, hortik aurrera, dena doa gain behera. Eta orain dakidan bakarra da haiek zein motatako zaintza nahiko luketen —sasi artera botatzearena ez da aukera bat—, baina ez dakit nik nolakoa eskaini ahal izango diedan.

Ez dagoelako astirik, ez dagoelako baliabiderik, ez dagoelako lekurik gure etxeetan eta bizitzetan produktiboak ez diren pertsonentzat, edo besteon motor produktiboa geldotuko duten mokor hautsientzat. Eta inork bere jardun profesionalak murriztu edo bajak hartzen baditu gurasoen zaintzaren izenean, badakigu nortzuk diren gehiengoa: anaiek kezko bonbak botatzen dituzten bitartean inplikatzen diren arrebak.

Historikoki zaintza lanak andreek musu truk egin izanak gauza asko erraztu izan dizkio sistemari (ondo datoz musu truk hitzak; maitasunagatik eta maitasun truk), eta horregatik kostatzen zaio hainbeste orain zaintzeagatik kobratu nahi dutenen baldintzak duintzea. Lantzat hartzea, sikiera, eta ez «etxekoandreen lan osagarritzat», «etxeko bigarren soldatatzat». Halakoak eta okerragoak entzun behar izan dituzte erresidentzietako langileek, orain gipuzkoarren kasuan, ehundik gora greba egun daramatzatenak dagoeneko.

Eta zer gertatzen da grebarako aukerarik ere ez duten zaintzaile etorkinekin? Gure jendarteko hutsune erraldoi bat betetzen ari diren horiekin, asko kontraturik gabe, ordu kopuruen kontrolik gabe, beste asko ohe eta janari truk lanean 24 orduz, etxeetan gertatzen diren erasoen aurrean babesgabe, zainduko dituen eremu sozialik gabe askotan. Zaintza lanen kate unibertsala emakumetik emakumera doa, eta, hori eteteko prest ez gaudenez zaudetenez—, beste herrialdeetako emakumeek jartzen dituzte hemen falta diren eskuak. SOS Arrazakeriaren eskutik «Chica seria y responsable» dokumentala ikusi nuenean minak irentsi ninduen. Gertuago edo urrunago, dagoeneko denon bizitzetan daude etxeko langile hauek, ezinbestekoa zaigu beraien lana, eta hala ere, jakin nahi nuke zenbat familia kezkatu garen haien baldintzez, zenbat aprobetxatu garen haien egoeraz. Agurea gurpil aulkian geratu denean alde egin duelako harritzen al gara? Ez bagaude lan hauek aitortzeko eta duintzeko prest, benetan uste dut merezi dugula gainera datorkigun larrialdi hau.

Nahi nuke honetaz hausnartu beharrik ez izan, aurreikusi beharrik ez izan gurasoak traba forma hartzen noiz hasiko diren; gurasoak eta traba esaldi berean erabili beharrik ez izan, eta zahartzen ari direlako poztu, bizirik daudelako, eta ez sinbolikoki hil bizitzako azken etapetara iristean, eta gerora horretaz damutu beilatokian. Nahi nuke ingurukoak lasai eta ondo zaintzen utziko digun mundu bat, eta hau denok geure arduratzat sentituko dugun egun bat. Baina, antza, oraindik ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.