Ane Pescador.
Koronabirusa. OSASUNA PENTSALDIAN

Eta ostera, zer?

2020ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
COVID-19aren aurkako txertoaren inguruko berriak egunero. Gertu dagoela, konponbide izango dela. Akaso batzuentzako esperantza argi izpirik piztuko du honek; niri behintzat opakutasun garaiotan zaila egiten zait ezer argirik ikustea. Izan ere, txertoarekin immunitaterik lortuko bada ere, garaiotan sortu diren kalte eta gaitzak erreparatzeko gai izango al gara?

Ezinbestekoa iruditu zitzaidan pandemiaren lehen unetik osasun hezkuntza egoki bat jasotzea. Gardentasun faltatik ikasten joan behar izan dugu. Jakina da hasiera batean guztiontzako berria zela dena, gaitzaren inguruko informazio falta zegoela. Eta, noski, horren aurrean bakoitzak ahal bezain ondo jokatu du. Baina, denborak aurrera egin ahala, ezagutzak jasotzen joan ahala, zergatik jaso ditugu horren kontrajarriak diren mezuak? Lasaitasun mezuak egoera ez zenean txikikeria. Eta, kolpetik, neurri murriztaile gogorrak, osasun zentroen kolapsoak.

Gardentasuna ezinbestekoa da eta are gehiago hezkuntza: kritiko izan gaitezen egiten dugunarekin, gertatzen ari dena jakinda. Informazio argia edukitzea, denon eskura. Bilatu gabe iritsi den opakutasunaren harira haserrea eta mesfidantza sortu dira gizartean. Eta, zoritxarrez, etorkizunean horrelako beste egoera batzuk suertatzeko aukerak egon badaudenez, osasun hezkuntza eta mezu argi zein gardenak ematea ezinbestekoa iruditzen zait. Herriak egon behar baitu ondo hezita, agintaritzak eta haien lerroak aldatuko direlako, baina herritarrak berdinak izango gara, eta gure ondorengoei zer irakatsi edukiko dugulako.

Dena den, txertoak sendatuko ez dituen hamaika kalteei begira gelditzen naiz ni. COVID-19a pasatu eta bigarren mailako ondorioekin gelditu diren gaixoen sostengu zainketekin eta errekuperazioarekin. Pandemia garaian hil eta behar bezala gaubeilatu ez diren pertsonen senideekin, egoki garatu gabeko doluekin eta kroniko bihur daitezkeen min emozionalekin. Langabezian gelditzen ari diren pertsona guztiekin; haien eguneroko buruhauste handiekin, etxera dirurik ez eramateak ekar ditzakeen kalteekin: desnutrizioa, etxegabetzeak, egonkortasun falta. Atzeratu diren kirurgia guztiekin, frogekin, kontsultekin; eta honen ilaran datozen konplikazio guztiekin. Gelditzeko etorri diren kontsulta telefonikoekin. Osasun mentalaren arloak gure osasun sisteman hartu beharko duen indarrarekin. Umeek debekuz josita bizi duten haurtzaro honekin.

Txertoa iristearekin batera arazo hauek guztiak uxatzea zaila ikusten dut. Baina garai gogorrotan bizi dugunaz asko ikasiko dugulako ziurtasuna daukat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.