Katalunia. Mobilizazioak

Desobedientzia bidean hezten

Indarkeriarik ezaren eta desobedientzia zibilaren filosofia eztabaida politikoaren lehen lerroan dago Katalunian; baita praktika ere, herritarrei trebakuntza ematen ari baitzaizkie elkarte ugari.

Milaka lagunek Bartzelonako aireportuko sarbideak blokeatu zituzten epaia argitaratu zen egunean. QUIQUE GARCÍA / EFE.
jon olano
Bartzelona Berriemaile berezia
2019ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Duela hamarkada ingurutik, Kataluniako mugimendu subiranista estatutuaren murrizketari erantzuten hasi eta errepublika katalanaren ideia orokortuz joan zenetik, indarkeriarik ezaren praktika eta, zehazki, desobedientzia zibila ordura arte baino ohikoago bihurtu dira azken urteetan. 2009-2010eko herri galdeketekin hasi, urteroko Diada masiboetatik igaro, eta 2017ko autodeterminazio erreferendumera arte, mobilizazio herritarrak hainbat forma hartu ditu, eta desobedientziaren eta jarduera ez-biolentoaren gaia agenda politikoaren lehen lerrora itzuli da berriro, buruzagi independentisten aurkako epaiarekin. Espainiako Auzitegi Gorenaren sententziari erantzun berritzaile bat emateko beharrak eta Tsunami Demokratikoaren agerpenak desobedientzian jarri du fokua, baina lan eta tradizio sakona dago horren atzean.

Marti Olivella (Bartzelona, 1955) Espainiako Estatuko lehen objektore taldeko kide eta Lluitanoviolenta.cat egitasmoaren sortzaileak esperientzia luzea du indarkeriarik ezari buruzko jardueretan, eta azken urteetan lana ugaritu zaio, formazio saioak ematen aritu baita; En Peu De Pau dinamikan, 2017an, erreferenduma defendatzeko herritarrak prestatzen, eta, harrezkero, beste mintegi batzuetan. ANC Biltzar Nazional Katalanak eta Omnium Culturalek herrialde osora zabaldu dituzte prestakuntza horiek, oinarri bat izateko ekintza ez-biolentoan jarduteko moduaz. «Desobedientzia zibila beti da ez-biolentoa, publikoa, kolektiboa eta helburu politiko bat duena, ez pertsonala», azaldu dio BERRIAri: «Haren indarra da bidegabetzat jotzen den lege bat ez obeditzearen ondorioak onartuta hura salatzen dela; are gehiago, lege injustu horrek sortzen duen gatazka dramatizatzen duela». Funtsean, helburua da «legelaria eta justizia kontraesanean jartzea, ez diezaioten ihes egin gogoeta bati: legezkoa legitimoa ote den».

Novact Ekintza Ez-Biolentoaren Nazioarteko Institutuan dihardu Olivellak, eta, bertan, kide du Miriam Acebillo Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko ikerlaria (Lleida, 1975). Acebillorentzat, desobedientzia zibila «estatuarekin erlazionatzeko modu bat» da, «jarduera politikoaren forma» bat: «Ekintza ez-biolentoaren tresna bat da, baina ez bakarra; azken estrategia da, lehenago probatu dituzulako elkarrizketa, bidezkoa ez denarekiko kooperaziorik eza, boikota...». Eskema bera du Olivellak: «Har dezagun arau bat injustutzat jotzen dena: mozal legea. Saiatzen gara elkarrizketaren bidez indargabetzen, gestio politikoen bidez. Ez badute kasurik egiten edo ezin bada hitz egin ere, salaketa publikoa egiten dugu. Horrek ez badu eraginik, ez kooperatzeko legezko ekintzetara jotzen dugu: greba, boikota».

Eskala horretan, azken pausoa da desobedientzia zibila: «Legea modu argian urratzen duen ekintza bat, haren izaera errepresiboa agerian uzteko. Eta ekintza mota hori etengabe errepikatzea... legea erretiratu dezaten lortu arte». Olivellak uste du estrategia horrekin aurre egin dakiekeela gatazka gehienei, baina, kasu batzuetan, bosgarren «elementu estrategiko bat» gehi daiteke: «Alternatiben sorrera, burujabetzen gauzatzea... ez itxarotea legea aldatu dezaten lortu nahi den aldaketa eraikitzen hasteko».

Praktika horretan ezaugarri jakin batzuk identifikatzen ditu Olivellak: «Borroka ez biolentoak behar du estrategia adostea, jarrerak entrenatzea eta ekintza koherenteak gauzatzea. Botere autoritarioek beti kriminalizatzen dute protesta, disidentzia; biolentoa izan ala ez. Baina irrigarri gelditzen dira ekintza ez biolentoak kriminalizatzen dituenean».

Nola babestu estatutik

Kataluniaren kasuan, auzia ez da lege jakin bati aurre egitea; Espainiarekiko harremana eta estatu horren ordenamendu juridiko osoaren zilegitasuna daude auzitan. Horren aurka ari dira gauzatzen desobedientzia zibil subiranista. «Kataluniari dagokionez, desobedientzia zibila ezin da ulertu estatu nazioen sorreratik aparte. Gizabanakoak nola babesten duen bere burua indarkeriaren legezko erabilera bere esku duen estatu baten aurrean», dio Acebillok: «Sententziarekin ikusi dugu berriro bihurritu dutela oinarrizko eskubideak ulertzeko modua. Hemen, desobedientzia zibila urriaren 1ean gertatu zen: ariketa indibiduala eta kolektiboa izan zen, antolatua eta desantolatua, kaosa zegoelako, inork ez zekielako zer gertatuko zen eta jendeak bere kasa kudeatu zuelako egoera».

Indarkeriarik ezaren kulturak tradizio luzea du, baina Acebillok mugarritzat du 2014ko parte hartze prozesu esan zitzaiona: «Desobedientzia interes orokorrekoa zela konturatu ginen 2014ko azaroaren 9tik aurrera. Hilabete horietan, eztabaida egon zen gertatuko zenaz. Giza eskubideen alorrean lan egiten genuen elkarte askok oharrak atera genituen, azalduz zer esan nahi zuen desobedientzia zibilak, zer indargune eta zilegitasun duen, tresna indartsuenetako bat baita». Hori horrela, uste du eztabaidaren ardatza dela «nondik eratortzen den gobernu jardueraren zilegitasuna: legetik edo herritik».

Novact institutuak berak trebakuntza saioak ematen ditu, jakiteko nola jardun ekintza ez-biolentoan. Mediterraneoko herrialde ugaritan ari dira lanean, eta prozesu subiranistak bide eman die beren herrialdetik kanpo landutakoa etxean ezartzeko. Acebillo: «Talde zehatzak prestatzen dira. Adibidez: eskubideen murrizketaren aurka, Novactek Som Defensores sortu zuen, segurtasun indarren abusuak behatzeko protesta eskubidea gauzatzen ari direnen aurrean. Urriaren 1erako jarri zen martxan, eta gerora mantendu egin da». Azaldu duenez, «aktibistaren babes psikosoziala» ere sartzen da ekintza ez-biolentoaren praktika onetan: «Zaintzak indarra hartu du: nola elkar babestu. Hori gatazkaren testuingurua bizi duten beste leku eta esparru batzuetan ezartzen ari zen, eta orain hona ekarri da».

Tsunamiari begira

Orain, Tsunami Demokratikoa sortu da, eta, indarkeriarik gabeko protestara deitu duen arren, hura ikertzen ari dira, «terrorismo zantzuak» izan ditzakeelakoan. Haren webgunea ere itxi dute. Deialdi bakarra egin du oraingoz: epaia argitaratu zen egunean bertan, Prat aireportua okupatzera deitu zuen, eta milaka lagun batu ziren. Sare sozialetan, 350.000 jarraitzaile baino gehiago ditu jada.

Acebillok uste du mugimenduak «ekintza ez-biolentoaren tradiziotik edaten» duela: «Ez dut uste orain arte esan ez den ezer esaten ari direnik, baina bai ekintza ez biolentoaren metodo sorta zabaldu nahi dutela. Kolektibo deszentralizatu bat da, aukerak esploratzen ari dena gauzak aldatzeko». Olivellaren esanetan, «ikusi beharko da parte hartzaileek jakingo duten borroka ez-biolentoak berezkoak dituen jarrerei eusten», uste baitu «zailena» izango dela Tsunamiaren «kontrol herritarra»: «Proposamenek oihartzuna eta eraginkortasuna dituzten neurrian, konfiantzak gora egingo du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.