Gazte baten ahotsetik

Ramon Saizarbitoriak Batxilergoko zazpi ikaslerekin batera aurkeztu du 'Miren eta erromantizismoa', «gazte literaturaren» apalean sartu nahiko ez lukeen nobela bat.

JON URBE / @FOKU.
mikel lizarralde
Donostia
2019ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Gertukoak dituzte. Modu batean edo bestean, ezagutzen dute Miren bat, Said bat, Klara bat. Euren eskolan egon zitezkeen. 17-18 urte dituzte, Batxilergoko ikasleak dira Donostiako Usandizaga Institututan, eta ez zaizkie urrutikoak egiten Ramon Saizarbitoriak Miren eta erromantizismoa nobela berrian sortu dituen pertsonaiak. Miren, Said eta Klara. Haiek bezala, 17-18 urteren bueltan ibilita, nerabezarotik heldutasunerako bide malkartsuan korapilatuta bizi direnak. «Pertsonaien deskripzio psikologikoanobelaren gauzarik ederrena da», laburbildu du Alba Alvarez gazteak.

Erein argitaletxeak ezohiko modua aukeratu zuen atzo Saizarbitoriaren nobela berria aurkezteko. Lehendabizi, eleberria irakurri duten zazpi ikasle azaldu ziren prentsaren aurrera, liburua nola irakurri duten azaltzeko—Saizarbitoria ere izan zen aurkezpenaren lehen partean—, eta, gero, institutuan egin zuten liburuaren aurkezpena, ikasle talde handi baten aurrean.

Izenburuak adierazten duen moduan, Miren da liburuko pertsonaia nagusia, laguntasuna, tolerantzia eta askatasuna balioesten dituen neska gaztea. Ikasgelara Said mutil marokoar azkar, atsegin eta lerdena iritsi da, eta neska guztien begirada bereganatu du. Baina Klarak, zeinek maitemintzea eta maitatzea sakrifizio erromantikoarekin lotzen dituen, lortuko du Saidekin ateratzea.Nahiz eta gerora, konbentzionalismo klasistak eta arrazistak mutila baztertzera eramango duen.

Lehenengo liburua (Egunero hasten delako, 1969) eta azkena lotzen dituen paradoxa bat aipatu zuen Saizarbitoriak Miren eta erromantizismoa nobelaz hitz egiten hastean: «Lehenengo hura zahar baten ahotsetik idatzi nuen, 24 urte nituela; eta 73 urterekin-edo, sartu zitzaidan neskato baten ikuspegitik idazteko nahia».

Neska gazte bat baita liburuaren ardatza, nahiz eta bere nahia ez den izan «talde edo kolektibo» batentzat idaztea. «Ez dut gazteentzat edo zaharrentzat idazten. Eta are gutxiago praktikatzen dut generoa. Generoak edo sailkapenak ez zaizkit gustatzen». Generoak edo sailkapenak ez gustatu arren, nobela berriaren aitzindaritzat dauka Kandinskyren tradizioa (2003). Liburu hori «ondo» saldu zen gazteen artean, eta, gainera, bestelako oihartzunak ere iritsi zitzaizkion idazleari: lagun psikiatra batek esan zion liburua «lagungarria» izan zitzaiola bere paziente nerabe bati. «Eta hori hunkigarria egin zitzaidan».

Hori buruan, gazteentzat «kontzesiorik gabe» idazteko gogoa piztu zitzaion, eta horren emaitza izan zen Lili eta biok (2015). «Eta argi dago ez zitzaidala atera gazte literatura moduan sailka daitekeen liburu bat». Hala ere, horrek ez zion kendu gazteek irakurri ahal izango zuten eleberri bat idazteko nahia, batik bat institutuetan programatzen den liburu «lotsagarri bat» irakurri ostean. «Horrek ere bultzatu ninduen ahalegin bat gehiago egitera». Horren emaitza da, hain zuzen, Miren eta erromantizismoa.

Jakituriaren errespetua

Duela bi urte idatzia zuen nobela, baina zalantzak zituen argitaratzeko, batez ere ez zekielako «zuzentasun politikoaren» garaietan nola har zitekeen «gizon edadetu batek» neskato baten ikuspegitik ikustea mundua. «Eskubidea dut neska baten ahotik hitz egiteko? Eta erabaki nuen baietz». Batez ere, uste duelako gazteek «denetarik» irakurri behar dutela, ez gazte literatura deitu izan dena bakarrik.

Liburuan erreferentzia filosofiko eta kultural ugari azaltzen dira, eta ez dira ausaz sartutakoak, Saizarbitoriak aitortu duenez, bere nahietako bat badelako «jakituriarekiko errespetua» sortzea. «Nahikoa zait gazteek [Blaise] Pascalen izena irakurtzea. Hain ahaztuta dago gajoa! Eta uste dut gazte literaturak hori eskaini behar duela». Alde horretatik, Miren pertsonaiaren defentsa egin zuen idazleak, eta halakoak badirela nabarmendu: «Askotan esaten da halako pertsonaiak, kulturarekiko errespetua dutenak, ez direla existitzen. Existitzen dira, baina ez dira telebistetan azaltzen; telebistetan arruntenak azaltzen baitira».

Agerraldian, zazpiikasleak bat etorri ziren nobela gustatu zaiela esaten, nahiz eta eragozpenen bat edo beste ere aipatu zuten. Ibai Otxoa de Alaizari, adibidez, beraiek baino «gazteagoak» iruditu zitzaizkion, hasieran, liburuko protagonistak. «Klara da klaseko guay-ena, eta beste guztiak bere inguruan daude, edo bere atzetik doaz. Eta uste dut gu orain gauden mailan pertsona bakoitzak baduela bere nortasuna, eta ez garela ibiltzen beste baten atzetik». Baina, dena dela, pertsonaien erabakiak «logikoak» direla uste du, eta «psikologikoki nola jokatzen duten» gustatu zaio.

Miren Samaniegok, bere aldetik, nabarmendu zuen Klara bezalakoak «beti» izan direla. «Denok izan dugu inguruan faltsua den pertsonaren bat, gelako harroputza». Horregatik, erraza egin zaio Mirenekin «enpatizatzea». Horrekin batera, liburuko pertsonaien bitartez, Saizarbitoriak hainbat «galdera filosofiko» jarri ditu mahai gainean, Samaniegoren iritziz: «Galdera horiek badira noizbait nire buruari egin dizkiodanak».

Solasaldian zazpi lagunek hitz egin zuten; Alvarez, Otxoa de Alaiza eta Samaniegoz gain, Maria Lertxundik, Maddi Arresek, Arai Azpiazuk eta Manu Ruiz del Cerro; eta guztiek izan zuten liburua xehatzeko aukera. Hain zuzen ere, liburuan azaltzen diren erreferentzia kulturalez galdetuta —Eric Rohmerren zinema, Les Parapluies de Cherbourg filma, Pascal filosofo eta matematikaria...—, ikasleek aitortu zuten haietariko gehienak ez dituztela ezagutzen, baina liburuak erreferentzia horietara jotzeko gogoa eman diela ere bai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.