Festak Agoitzen

Herriak eman dio hauspoa

Aurten 75 urte bete dituenez, San Miguel abesbatzak botako du festak hasteko suziria; asteazkenera arte iraungo dute. Herriko taldeak eta musikariak izango dira protagonista.

Agoizko gaiteroak arduratzen dira jaiei doinua jartzeaz. Gaur, suziriaren ostean, kalejiran joko dute. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
joxerra senar
2019ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Gaur eguerdian, suziriak eztanda egingo du Agoitzen (Nafarroa), eta, asteazkenera bitartean, herria jaietan murgilduko da. Herriko taldeek, musikariek eta kultur elkarteek kolorea eta doinua emango dizkiete jaiei, eta, betidanik hala egin badute ere, azken urteotan protagonismoa handitu dute. Hauspoa eman diote festei, eta haren izaera herrikoia nabarmendu dute. Aurten ez da salbuespen izango. «Espero dugu parte hartze handia egotea, kalean bizitzea jaiak, antolatu diren ekitaldi guztiekin bat egitea, eta, azken baten, jai herrikoiak izatea», esan du Joseba Corera Kultur zinegotziak.

EH Bilduk hirugarren agintaldia du Agoizko udal gobernuan, baina ekainaren 15az geroztik udal talde berria dago. Hartara, jaiok «bereziak» izango dira Angel Martin Unzue alkatearentzat zein Corerarentzat. «Gogoz, ilusio handiz eta apur bat urduri» dago Corera, baina antolakuntzari dagokionez, «ia-ia %100» prest topatu dute dena; izan ere, lan asko aurreratuta utzi du aurreko udal taldeak. Aurtengo jaiek 91.404 euroko aurrekontua dute, eta herena musika emanaldietarako izango da. Udalaz gain, beste hainbat jarduera eta emanaldi antolatu dituzte herriko Angiluerreka elkarteak eta Txinparta gazte mugimenduak.

San Miguel Abesbatza

Aurten, San Miguel Abesbatzari egokitu zaio suziria botatzeko ardura, 75 urte bete baititu. Azken urteetan, Kultur Gunearen bitartez, herritarrei festetan parte hartzeko eta erabakiak hartzeko aukera ematen diete, eta gune horretan aho batez erabaki dute ohore hori abesbatzari ematea, egindako lanaren aitortza gisa. «Arrazoirik ez da falta, ibilbide luzea baitu». Urteurrenean murgilduta, kontzertu ugari ematen ari dira. Festetan, asteartean, ahots lodien kontzertua eskainiko dute: «Halakorik ez zen egiten duela urte asko, eta aurten berreskuratuko dute».

Suziria bota aurretik, udalean hainbat sari banatuko dira. «Lehenik, kartel lehiaketen sariak emango ditugu, eta, ondoren, urte osoan lorpenak izan dituzten pertsona edo kolektiboak sarituko ditugu, gehienbat Agoitzen izena Nafarroan, Euskal Herrian edo kanpoan zabaltzeagatik». Aurten, Irati SA enpresari buruzko proiektuaren egileak eta Agoizko istorioak erakusketa landu dutenak omenduko dituzte. Aitortza berezia izango dute hainbat kirolarik.

Hain zuzen, kirolak badu garrantzia egitarauan. Gaur, bi pilota partida jokatuko dituzte, 18:00etan, Toki Eder pilotalekuan. Lehena, emakumeen eskuz binakakoa (Naroa eta Maite vs. Andrea eta Olatz); bigarren partidan, gizonezkoen eskuz binakakoa izango da, Elezkano II.a eta Ladis Galarza pilotariak Jaka eta Martijaren aurka arituko dira. Sarrerak 17 eta 22 euro artean salduko dira.

Musika egongo da jaiaren erdigunean. Coreraren ustez, azken urteetan eman den aldaketetako bat da. «Gero eta gehiago» bermatu nahi dute herriko taldeen zein elkarteen presentzia. Agoiztarren eskuetan egongo da zuzendari makila, hortaz. Adibidez, gaur joko duten DJak bertakoak dira, baita asteazkenean 20:00etan kontzertua eskainiko duen Simplex taldea ere. «Pozgarria da herriko talde batek jotzea, gehienbat gazteentzat».

Halaber, Agoizko txistulariak, gaiteroak eta Txaranga Iraunkorra arduratuko dira festetako ekitaldi nagusietan musika jartzeaz: adibidez, gaur txupinazo osteko kalejiran parte hartuko dute, baita biharko prozesioan ere, eta asteazkenera bitarte egingo diren beste ekitaldi askotan.

Udalbatza txikia

Gazteek, zaharrek eta haurrek, nork bere eguna izango dute festetan. Txikiei dagokienez, udalbatza txikia antolatzen da, alkate eta guzti. «Txupinazo txikia ere egiten dugu, eta gero eta garrantzi handiagoa ematen diegu. Ez da mugatzen haurren egunera, eta urtean ere hainbat ekitalditan parte hartzen dute», azaldu du Corerak. Adibidez, jaien azken egunean udal nagusia eta txikia elkarrekin joan ohi dira kalejiran.

Aurten ere berdintasunean oinarritutako jaiak bultzatuko dituzte. Astebete lehenago tailer eta hitzaldi batzuk egin dituzte, jai berdinzaleak eta errespetua sustatu asmoz. Sexu eraso bati nola aurre egin jakiteko protokolo bat ere ezarria dute, eta informazioa banatzen dute tabernarien eta ostalarien artean. «Berdintasunezko eta sexu erasorik gabeko jaien alde egiten dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.