Bestak Burlatan

Txinparta ez da erabat itzali

Ana Gongora Navarra Sumako alkatearen erabakiek polemika eragin dute: txupinazoa plazatik botatzeko usadioa hautsi du, eta hainbat ekitaldi egitarau ofizialetik atera ditu.

Konpartsa egunero ateratzen da, eta bihar, 50. urteurrena betetzeko, agur saio berezia egingo dute. IÑIGO URIZ / FOKU.
joxerra senar
2019ko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
Nahiz eta Burlata (Nafarroa) jaietan murgildua izan, lehen eguneko txupinazoaren txinpartak ez dira erabat itzali. Usadioa da festak hasteko txupinazoa udal plazan egitea, herritarren artean. Haatik, ekainaren 15etik agintean den Ana Gongora alkateak, alde bakarreko erabakiz, suziria balkoitik botatzea hautatu zuen. Erabaki horren kontra zeuden gainerako udal taldeak eta herritaren gehiengo bat. Aurten, ohore hori Burlatako Feministak taldeari eta Aldabea peñari botatzea egokitu zitzaion. Elkarte horietako lau emakumeak balkoira atera baziren ere, uko egin zioten agindua betetzeari, eta salatu zuten alkateak ez duela bete herritarren borondatea.

Ondoren, ohar bat bidali zuten talde horietako ordezkariek, azaltzeko nahiago izan zutela balkoitik plazara jaistea: «Festen hasiera hau baliatzen dugu ahotsa emateko Burlata herria kultura arloan bizia eta aberatsa izan dadin lan egiten duten kolektiboei». Halaber, borroka feminista aldarrikatu nahi izan zuten, eta bereziki gogoan izan zituzten indarkeria matxistaren ondorioz herrian hil dituzten bi emakumeak (Jeanella Zaruma eta Blanca Marques). Hain justu ere, atzo eguerdian omenaldi bat egin zen Francisco Zubiate plazan aurten hil dituzten emakumeen oroimenean.

Suziriaren polemikaz harago, Ana Gongora Navarra Sumako alkateak herri mugimenduko beste jarduera batzuetan ere esku hartu nahi izan du. Gongorak ekitaldi batzuk egitarau ofizialetik atera egin ditu. Haren hitzetan, «ETAko presoen omenaldiekin zerikusia duten jardureak dira, eta beste batzuk, gaztetxeak antolatuak». Ekitaldiok «arazoak eragin ditzakete», Gongoraren arabera, eta Espainiako Gobernu ordezkaritzari eman dio horien berri, eta isunak egon daitezkeela ohartarazi.

Jaien erdialdean

Iragan hauteskundeetan lehen indarra izateak eta PSNk beste indarrekin hitzarmenik egin nahi ez izateak alkatetza ziurtatu zion Ana Gongorari. Hala ere, bost zinegotzirekin, ez du gehiengo osorik, ezta hurrik eman ere —EH Bilduk eta PSNk launa dituzte, Burlata Aldatuz taldeak bi, Ahal Dugu-k eta Geroa Baik bana—. Hala ere, gainerako alderdien iritziaren kontra hartu ditu erabakiok Gongorak. Ahal Dugu-ren arabera, «diktadura bateko jarrera» hartu du alkateak.

Polemikaren txinparta horiek guztiak itzali ez badira ere, ez dute festa oztopatu. Honezkero, erdialdera iritsi dira jaiak, eta beste hiru egun geratzen dira amaitzeko. Jai orotan bezala, protagonistetako bat buruhandi eta erraldoien konpartsa da. Aurten, 50 urte betetzen ditu. Egunero ateratzen dira kalera, txikienen gozamenerako; baina biharkoa berezia izango da. Lehenik, goizean kalejira egingo dute udalbatza txikiarekin batera, Haurren Eguna izango baita. Ondoren, arratsaldean, 18:30ean, beste kalejira bat egingo dute, San Joan kaletik Larrañeta plazara. Han, egun berezia ospatuko da.

Janak ere badu garrantzia. Gaur, Ermitaberri ikastetxean, kultur aniztasunaren eta migrazioaren alorrak bultzatuta, kuadrillek arroza prestatuko dute, hainbat jatorritako kultura eta gustuen arabera. Etzi, berriz, Kalderete Eguna izango da. Izenaemateko hamabost euro jarri behar dira. Oraindik bada gozatzeko aukera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.