Albistea entzun

Sanferminak

Erasoen aurka, aho bakarrez

Maiatzean, sexu erasoen aurkako mahaitik altxatu ziren zenbait feminista, udalak protokoloa «hustu» nahi zuela salatuta. Azkenerako, baina, elkarlana ez da eten.
Sexu erasoen aurkako informazio gunea, Gazteluko plazan.
Sexu erasoen aurkako informazio gunea, Gazteluko plazan. IDOIA ZABALETA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Ion Orzaiz -

2022ko uztailak 8 - Iruñea

Urtero bezala, lepo dago sexu erasoen aurkako informazio gunea. Iruñeko Udalak ohar bidez azaldu duenez, 3.825 pertsona bertaratu dira Gazteluko plazako leihatilara hilaren 5ean eta 6an. Aurreko urteetan baino are kopuru handiagoa da hori, eta, udalaren arabera, indarkeria matxistaren inguruan «gero eta kontzientzia sozial handiagoa dagoela» adierazten du.

Ikusi gehiago: Iratxe Alvarez: «Maiaren asmoa da sexu erasoak ikusezin egitea, lehen bezala»

Eskuorriak, itsasgarriak eta Eraso sexistarik gabe, Iruñea aske kanpainaren irudia den esku gorriaren pinak hartzera joaten dira bisitari asko. Horrez gain, ordea, ezinbesteko lana egiten dute informazio guneko langileek: arreta, laguntza eta informazioa eskaintzen dute, sexu erasoren bat sufritu duten emakumeek eskuragai dituzten baliabide mediko, juridiko, psikologiko eta polizialen inguruan.

Iruñeko Udalak 2014ko sanferminetan jarri zuen gune hori estreinakoz, eta hurrengo urteetan indartu egin zituen bai zerbitzua, bai indarkeria matxistaren aurkako kanpaina instituzionalak, hiriko talde eta eragile feministekin elkarlan estuan.

Harreman hori, baina, kolokan egon da Navarra Suma alkatetzara iritsi zenetik, koalizioak hasieratik egin baitu talde feministen jarduera eta proposamen askoren aurka: besteak beste, ekitaldi feministak debekatu dituzte —Paola Damonti ikerlariaren La brecha orgásmica hitzaldia—, traba jarri diete emakume langileen aldeko adierazpen instituzionalei, eta Maia alkateak berak esan zuen «ahal bezain pronto» kenduko zituela indarkeria matxistaren aurkako kartelak hiriko sarbideetatik [ez zuen gehiengorik lortu horretarako].

Sexu erasoen aurkako sanferminetako kanpainaren harira heldu zen azken polemika: maiatzean, Indarkeria Sexistaren Aurkako Emakumeen Plataformak eta Iruñeko Peñen Federazioko Talde Feministak iragarri zuten ez zutela parte hartuko udalak indarkeria matxistaren aurka antolatutako lantalde iraunkorrean. Maia alkateak sexu erasoen aurkako estrategia «urardotu eta edukiz hustu» nahi zuela, eta erabakiak «alde bakarrez eta ekarpenak egiteko aukerarik eman gabe» hartu zituztela salatu zuten. Aurkeztu zieten kanpaina berriak ere «aurreko urteetan adostutakoarekin zerikusirik ez» zuela ere kritikatu zuten feministek.

Kritiken ostean, baina, urak hasiak dira arrastora itzultzen. Proposatutako aldaketak bertan behera utzi, eta orain arteko estrategiari eutsi dio Iruñeko Udalak, eta talde feministek konpromisoa agertu dute elkarlanari lotzeko. «Zailtasunak zailtasun, udalak kanpainari eta [sexu erasoen aurkako] erantzun protokoloari jarraipena emateko konpromisoa hartu ondoren, adostutako terminoetan, erakunde horrekin duen lankidetzari eutsiko diogu», adierazi du Indarkeria Sexistaren Kontrako Plataformak. Hala ere, azken hilabeteetan sortutako egoeraren inguruan «gogoeta» eginen dutela iragarri dute.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Jaurlaritzako, Euskal Wikilarien Kultura Elkarteko eta EHUko ordezkariak, Ikusgelaren aurkezpenean, atzo, Donostian. ©JON URBE / FOKU

Martxan da Ikusgela, euskarazko bideo pedagogikoen ataria

Amaia Jimenez Larrea

Euskal Wikilarien Elkarteak filosofiako, ekonomiako eta euskal literaturako bideoak egingo ditu

Juan Mari Arzak, BCCren ohorezko oroigarria hartuta, eta sukaldariz eta ikaslez inguratuta, atzo. ©MAIALEN ANDRES / FOKU

Arzak patroia, Arzak maisua

Enekoitz Telleria Sarriegi

BCC Basque Culinary Centerreko ohorezko patronatukide izendatu dute Juan Mari Arzak. Haren ekarpena eskertu dute, eta bere ezagutza partekatzeko izan duen eskuzabaltasuna goratu.

 ©BERRIA

Ohiko albisteetatik ihesi

Iker Tubia

Reuters institutuaren arabera, geroz eta jende gehiagok erabakitzen du gaurkotasuna albo batera uztea. Eragin psikologikoa, nekea, konfiantza falta eta ezintasun sentsazioa aipatu dituzte albisteetatik deskonektatu direnek.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Irakurleen babesa ezinbestekoa da kazetaritza independente eta konprometitua egiten jarraitzeko.