Klima larrialdia. Isuriak. Iker Aranjuelo. Biologian doktorea eta ikertzailea

«Nafarroan, gariaren ekoizpena %30 jaitsi da»

Landareen ekoizpena klima larrialdira nola egokitu ikertzen du Aranjuelok. Izan ere, azaldu duenez, nekazaritza produktuen nutrizio kalitateari kalte egiteaz gain, jakien prezioa igotzea ere eragingo du.

JON URBE / FOKU.
jone arruabarrena
2022ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Biologian doktorea da Iker Aranjuelo (Oiartzun, Gipuzkoa, 1976), eta baita IDAB-CSIC-Nafarroako Agrobioteknologia Institutuko Nekazaritza Iraunkorra eta Klima Aldaketa saileko arduraduna ere. Donostiako San Telmo museoan izan zen atzo, Klima aldaketa elikatzen? hitzaldian hizlari lanak egiten.

Zer eragin izango du klima larrialdiak nekazaritzan?

Tenperatura igoerak, gradu batekoa izan arren, eragina izango du landare batzuetan. Adibidez, baliteke gariaren ekoizpena %30 jaistea. CO2 emisioei dagokienez, Parisen adostutako akordioak ez dira bete, ezta hurbildu ere. Emisioak, batzuetan, ez jaistearekin asko ez, eta igo egin dira. Tenperatura 1,5 gradu igoko da gutxienez, eta horrek eragina izango du bai landareen ekoizpenean eta baita ekoizpen horren nutrizio kalitatean ere.

Lehorteek ere eragingo dute?

Bai, ur gabezia ere arazo bat da. Balore absolutuetan gutxituko da, batez ere udan, baina, horrez gain, kaltegarria da, adibidez, aurten izan dugunaren pareko euri banaketa izatea: ez du euririk egiten hilabete baino gehiagoan, eta, bat-batean, 30 minutuan euri jasa itzelak bota ditu. Bat-bateko erauntsi horiek galdu egiten dira, ez dira aprobetxatzen. Tenperaturak eragina izango du ekoizpenean, baina ura falta izateak edo gutxitzeak are gehiago.

Klima horrela aldatzeak jakien prezioari ere eragingo dio?

Jakien merkatuan, badakiguekoizpena gutxitzen bada prezioa igotzen dela. Eta, horrez gain, populazioa gora egiten ari da. Beraz,

gutxiago ekoizten badugu eta kontsumitzaile kopurua igotzen bada, prezioek are gehiago egingo dute gora.

Euskal Herriko nekazaritzan zer ondorio izango dituzte tenperatura igotzeak eta lehorteek?

Kostaldean, eragina ez da hain handia izango. Araban eta Nafarroan, ordea, gehiago eragingo du. Esaterako, Nafarroan aurten uda gogorra izan dute, eta gariaren ekoizpena %30 jaitsi da. Olioaren ekoizpena ere %50 inguru, eta mahatsa ere bai. Barnealdean gehiago eragingo du klima aldaketak, itsasoak tapoi efektu bat egiten duelako, eta horrela eraginak arintzen dituelako. Badaude ikerketa batzuk esaten dutenak Iruñerriak 2050erako gaur egun Extremadurak eta Andaluziak daukaten klima izango duela. Ikerketa horiek diote Iruñean urtebetean izaten diren 32 gradutik gorako egunak orain halako bi izango direla; gaur egun, batez beste urteko hamabi egunetan egiten du halako beroa, eta aurreikuspenek diote 22 edo 24 izatera helduko direla.

Nekazaritzaren aldaketak, era berean, eragina izango du abeltzaintzan ere?

Jada satelite bidezko irudietan ikusten dira Urbasa aldea eta Erro eta Pirinio ingurua lehortuta daudela, marroi. Horrek eragin handia du abeltzaintzan. Abeltzain gehienek animaliak mendian askatzen dituzte udan; horrela, ez dute ordaindu behar animalientzako pentsurik, eta, era berean, animalia horiek soroak garbitzen dituzte. Belarra lehortzea, beraz, arazo handi bat da. Aurten, lehorteen ondorioz mendian animalientzako bazkarik ez zegoenez, abeltzainak abuztuan hasi ziren animaliak ukuiluetara eramaten, gordeta zeukaten janaria emateko.

Zer ondorio ditu horrek?

Ukuiluan negurako gordeta zeukaten belar hori abuztuan eta irailean eman zieten. Hori bukatzen zaienean, pentsua eman beharko diete, eta oso garesti dago. Alpaparen deshidratazio prozesurako energia elektriko asko behar da, eta prozesu hori ere garestitzen ari da elektrizitatearen igoerarekin. Beraz, diru gehien duenak eros dezake, baina nekazari txikiak, baliabide gutxiago dituztenak, hasiak dira gutxien ekoizten duten animaliak akabatzen.

Hasierako galderari buelta emanda: zer eragin dauka egungo elikadura ereduak klima aldaketan?

Eragin handia dute, adibidez, nekazaritza estentsiboko ongarri kimikoek. Nitratoak erabiltzen dira horietan, eta, hein handi batean, nitrato hori oxido nitrogenoa bihurtzen da gero. Hau da: berotegi gas bat. Hala ere, askotan, nekazaritza seinalatzen da emisioen erantzule gisa, baina, CO2ari dagokionez, nekazaritzak munduko emisioen %18 eragiten ditu, eta Europakoen %10. Gainontzekoa beste iturburu batzuetatik dator. Errua abeltzainei eta nekazariei botatzen ari gara, eta bai, egia da berotegi gasak isurtzen dituztela, baina emisio gehienak energiaren industriatik datoz, ez nekazaritzatik.

Zer proposatzen duzu landareen ekoizpena klima aldaketara egokitzeko?

Alde batetik, saiatzen gara aurkitzen zer landare barietate hazi daitekeen ur edo ongarri gutxiagorekin, efizientzia handiagoa izateko. Bestalde, ongarri kimikoak beste ongarri jasangarriago batzuekin ordezkatzea proposatu dugu. Arazoa da, konposta oso ona izanda ere, ongarri kimikoekin material naturalekin baino gehiago ekoizten dela. Beraz, produktuak merke erosi nahi baditugu, ongarri naturalak erabiltzea ez da ekonomikoki bideragarria nekazarientzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.