Inbertsio funtsak

Enpresak Euskal Herrian errotzeko Jaurlaritzaren tresna: funtsak

Zegonarekin Euskaltelen gertatutakoak kezka piztu du. Enpresa estrategikoei eusteko asmoz, Jaurlaritzak bi funts publiko eratuko ditu

Irune Lasa -

2019ko ekainak 23
Atzerriko kapitalari eta atzerriko funtsei buruzkoak entzutean, Britainiako Zegona funtsarekin Euskaltelen gertatutakoa datorkio burura herritarrari ezinbestez. Telekomunikazio konpainiaren erabakigunea galdu den ala ez luze eztabaida daiteke, baita gogoratu ere Euskaltelek beste konpainia bat jan zuenean iritsi zela Zegona Euskaltelera. Jabetza aldaketak, salerosketak... Ezin da ukatu kanpoko kapitalari buruzko kezka hor dagoela, eta ez soilik herritarrengan, baita ekonomiaren eta enpresaren munduan ere.

Inbertsioak, baliabideak behar izaten dituzte enpresek, handiek eta txikiek. Horiek lortzeko, aukera bat burtsara ateratzea da, merkatu publikora; beste aukera bat, berriz, kapital pribatuei zuzenean jabetzan sarbidea ematea da. Eragiketa horiek badituzte abantailak, baina izan dezakete alde ilun bat ere. Adibidez, ekoizpena deslokalizatzea edota eta erabakiguneak galtzea. Nola babestu kanpoko diruak ekar ditzakeen ondorio txarretatik?

Funts subirano handi baten falta duenez, enpresa estrategikoen errotzea sendotzeko helburua izango duten bi funts eratuko ditu uztail honetan Eusko Jaurlaritzak. Funts bat publikoa izango da, erakunde publikoen inbertsioekin, eta Finantzen Euskal Institutuak kudeatuko du 100 milioi euroko zorroa.

Jaurlaritzak sustatutako 200-250 milioi euro arteko beste funtsa, berriz, erakunde pribatu batek kudeatuko du. Izan ere, funts horretarako diru gehienak iturri pribatuetatik iristea nahiko luke Jaurlaritzak. Funts horiek nahikoa izango dira enpresarik preziatuenak arrain handiagoetatik libratzeko? Itsas zabalean ibiltzea arriskutsua izan da beti.

Arrisku kapitala

Errentagarritasuna finantza espekulazioarekin edo konpainien berregituratzeekin lortu nahi izaten duten inbertsiogileen munduan, adituen ustez, arrisku kapitala tresna ona izan daiteke enpresak babesteko; batez ere, industrialak. Arrisku kapitaleko euskal sozietateetan zaharrena da Talde, baina badaude haren ereduko elkarte pribatu gehiago ere; Geroaren eta Elkarkidetzaren Orza, esaterako; baita Easo Ventures eta All Iron Ventures sortu berriak ere.

Arlo publikoan, SPRIren Euskal Herriko Arrisku Kapitalaren Kudeaketak eramaten ditu erakundeen funtsak. Eta Nafarroan, Sodena da enpresen finantzaketarako tresna publiko nagusia.