Alaves 0. Atletico Madril 0

Galdutakoaren penatan

Hasi eta bukatu, partida handia jokatu du Alavesek, eta hankapean ibili du Atletico Madril. Konfiantzaz gainezka, Koparako abisua bidali dute gasteiztarrek

Camarasa Alaveseko erdilaria bi eskuak buruan dituela, atzo, Atletico Madrilen aurka huts egindako aukera baten ondoren. JAIZKI FONTANEDA / ARGAZKI PRESS.
unai zubeldia
2017ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Epailea. Ocon Arraiz. Txartel horiak: Alaveseko M. Llorente, Deyverson eta M. Garciari; eta Atletico Madrileko Gimenez eta Godini. Bestelakoak. 19.152 ikusle Mendizorrotzan.

Marka da gero, baina Alaveseko jokalariak eta zaleak penatuta joan ziren etxera atzo. Gasteiztarrek Europako talderik onentxoena izan zuten parean, Atletico Madril, baina, hasi eta bukatu, Mauricio Pellegrinoren taldeak hankapean ibili zuen aurkaria. Oso bizi jokatu zuten etxekoek, baina arabarrek grina horri kalitate printza zoragarriak gehitu zizkioten lerro guztietan. Atletico Madrilen aukera bakarra ezerezean utzi zuen Pachecok, Gaitanekin buruz burukoan; bi hegaletan, azken asteotako maila zoragarria berretsi zuten Kiko Femeniak eta Theo Hernandezek; Llorentek eta Manu Garciak euren egin zuten zelai erdia; euren mailarik onenera gerturatzen ari dira Ibai eta Toquero; eta atzelari guztiak ernegatzen jarraitzen du Deyversonek. Edgarrek, berriz, dotore ulertu du ordezko baten zeregina, eta Vrsaljiko eta Savic erotu egin zituen azken ordu erdian.

Konfiantzaren kontuak zer diren, Alavesek txiki-txiki egin zuen Atletico Madril. Askorentzat ia oharkabean iritsi da Espainiako Kopako finalerdietara, eta Vigo aldean gogotik ospatu zuten herenegungo zozketaren emaitza —Celta-Alaves eta Atletico Madril-Bartzelona—. Baina handienak ere estu hartzeko gai dela berretsi zuen atzo Alavesek. Marcos Llorentek erakustaldiak ematen jarraitzen du zelai erdian, eta Camarasak erotu egin zuen Atletico Madril lerro artean jokatuta. Gola bakarrik falta izan zitzaion erdilariari; leher eginda utzi zuen zelaia, 77. minutuan.

8. minuturako erdiraketa ona bidalita zegoen Kiko Femenia eskuin hegaletik —lan nekaezina egin zuen partida guztian—, baina Ibaik ez zuen asmatu errematean, bigarren zutoinean. Eta jokaldi berberak emaitza berbera izan zuen hamar minutu geroago. Aurretik, Llorentek eta Camarasak aukera on bana izan zuten min egiteko. Lehen ordu erdian Griezmannen bi jaurtiketa ahul besterik ez zuen eskaini Atletico Madrilek. Laguardiak, berriz, langara bidali zuen baloia 30. minutuan, Theok ateratako falta orpoz errematatuta.

Zaleak bultza eta bultza

0-0ekoarekin, emaitza izan zen okerrena lehen zatian. Eta antzeko zerbait gertatu zen bigarrenean ere, Koke eta Saul ez zirelako gai izan Llorente, Camarasa eta Manu Garciaren parean jartzeko. Gimenezek min hartuta utzi zuen zelaia 56. minutuan, baina Savicek are gehiago sufritu zuen atzeko lerroan. Camarasak nahi izan zuen guztia egin zuen aurrean, baina ez Deyverson (58. min) eta ez Edgar (68. min) ez ziren gai izan baloia sareetara bidaltzeko.

Hori bai, Gaitanek eskura izan zuen 0-1ekoa, 78. minutuan, baina, 50 metroko korrikaldiaren ondoren, huts egin zuen Pachecorekin buruz burukoan. Zaleak su batean zirela, Edgarrek berekoi jokatu zuen 88. minutuan, eta baloia ozta-ozta kanpora joan zen 95.ean, Theok ateratako falta jaurtiketan. Zoragarria da puntua, baina izan zitekeenari begira amaitu zuten zaleek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.