Memoria Demokratikoaren Legea. Arturo Peinado. Memoria Foroa

«Memoria historikoa ere faxismoaren jopuntuan dago»

Biktimen elkarte eta erakunde memorialistek uste dute lege egitasmoa «aurrerapauso bat» dela, baina «motz» gelditzen dela «justizia lortu eta frankismoaren krimenak epaitzeko».

BERRIA.
gotzon hermosilla
2021eko uztailaren 21a
00:00
Entzun

Memoria Foroa ehun bat talde memorialista eta biktima elkarte biltzen dituen federazioa da, eta Arturo Peinado (Madril, 1964) da horren presidentea. Kritikoak dira lege egitasmoaren edukiekin, eta igandean elkarretaratze bat egin zuten Madrilen, Espainiako Kongresuaren aurrean.

Irakurri gehiago: Biktimei, andreei eta memoria elkarteei balioa emango dien legea

Memoria elkarteak biltzen dituen federazioak oso gertutik erreparatu dio lege egitasmo honen prozesuari, ezta?

Hala da. Lehen zirriborroa argitaratu zenean, guk agiri bat plazaratu genuen, gure iritziaren berri emateko, eta, geroztik, plataforma osatzen dugun elkarteok lanean aritu gara horren inguruan.

Eta zer irizten diozue egitasmoari?

Guk aitortzen dugu badela aurrerapauso bat 2007ko legearekin alderatuta, baina motz gelditzen da, adibidez, justizia lortzeko eta frankismoaren krimenak epaitzeko aukerari dagokionez.

Zuen ustez, zeintzuk dira lege egitasmoaren alderik kritikagarrienak?

Oraindik ere, administrazio auzi bat balitz bezala hartzen da, baina ez da justiziarako biderik irekitzen. Hobi komunen aferan ere uste dugu zirriborroa zehaztasunik gabea dela. Frankismoaren epaiei dagokienez ere motz gelditzen da: aitortzen da epai horiek baliogabeak direla, baina, gure ustez, hori ez da nahikoa, eta argi jaso behar da epaiak ez ezik auzitegiak ere zilegitasunik gabekoak direla, horixe baita epaiak baliogabeak izatearen arrazoia. Azkenik, ez dago frankismoa legez kanporatzeko ahaleginik.

Bestelako xehetasun batzuetan adostasuna handiagoa edo txikiagoa izan daiteke, baina puntu nagusiak horiek dira.

Zirriborroan agertzen zen frankismoaren apologia egiten duten elkarteak legez kanpo uzteko aukera, baina Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak zalantzak agertu zituen horren inguruan.

Hasieran ezagutu genuen zirriborrotik Ministroen Kontseilura iritsi den agirira argi dago atzerapauso batzuk egon direla, eta nabarienetako bat izan da Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren txostenaren ostean eratorritakoa.

Egitasmoaren arabera, badirudi horrelako elkarte bat legez kanporatzeko beharrezkoa dela biktimak zuzenean iraintzea, baina argi dago Francisco Francoren izena daraman fundazio bat izate hutsa badela ehunka mila biktimarentzat mespretxu argia.

Ministroen Kontseiluak onartu ostean, lege proiektuak bidea egin beharko du Espainiako Gorteetan, uda igaro ondoren. Aldaketak egiteko aukera ikusten duzue?

Hilabeteak eman ditugu bilerak egiten Pedro Sanchezen inbestidura bultzatu zuten indarrekin, eta badakigu talde parlamentario batzuk bat datozela guk egiten dugun analisiarekin. Gobernuak ez du gehiengoa Kongresuan; beraz, pentsatzen dugu aukera handiak daudela testua hobetzeko, legea aurrera aterako bada, indar horiekin akordioak egin beharko dituztelako.

Joan den igandean Kongresuaren aurrean egin zenuten agerraldian, Memoria Demokratikoaren Legean agertu beharreko edukiak aldarrikatzeaz gain, «faxismoaren gorakadaren arriskuaz» ohartarazi zenuten.

Seguru asko, gaiaz ohartarazi duen lehenengo elkarte edo mugimendu sozialetako bat gara. 2019ko apirilean elkarretaratze bat egin genuen, eta argi esan genuen gure ustez eskuin muturraren xedea ez zirela soilik emakumeak eta LGTBI mugimendua, eta memoria historikoaren mugimendua ere bazegoela eskuin muturraren jopuntuan, Madrilgo Udalean erakutsi duten moduan. Gure ustez, begien bistakoa da hori.

Eta, zuen ustez, zergatik gertatzen ari da eskuin muturraren oldartze hori?

Hain zuzen ere, arrazoietako bat da, gure ustez, trantsizioaren garaian gauzak hain gaizki egin izana eta justiziarik egin ez izana. Horren ondorioz, justizian, segurtasun indarretan eta abarretan daude eskuin muturreko kideak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.