Euskararen Herri Hizkeren Atlasaren proiektua amaitu du Euskaltzaindiak

Itsas arrantzari eta gizarte bizitzari lotutako gaia landu da 11. liburukian. 1984an abiatutako ikerketak 145 herritako aldaerak biltzen ditu

Adolfo Arejita, Andres Urrutia, eta Ibon Urgoiti, atzoko aurkezpenean. BERRIA.
Lander Muñagorri Garmendia.
2020ko abenduaren 12a
00:00
Entzun
Ahozko euskararen aldaerak mapetan jasotzen ditu Euskararen Herri Hizkeren Atlasak, eta 1984an hasitako lana 36 urte geroago amaitu du Euskaltzaindiak. 2010ean argitaratu zuen lehen liburukia, eta ordutik 11 ataletan banatuta argitaratu du atlasa akademiak. Atzo egindako aurkezpenean, Adolfo Arejita egitasmoaren zuzendari akademiko eta euskaltzainak esan zuen iraganaren eta etorkizunaren arteko katebegia dela: «Atlas honek, euskararen lehenaren ezaguera sendo eta ziur batean oinarriturik, gaur egungo eta geroko euskarak bizirik irauteko eta modernizaziorako zimendu egonkorra eskaintzen digu».

Hitz bat hartu, eta euskalki ezberdinetan zein eratan esaten den erakusten du atlasak, eta azken hamarkadan urtez urte argitaratu dira hainbat esparrutako hitzak. Azken liburukiak 232 mapa ditu, eta honako gai hauek jorratu ditu: ofizioak eta tresnak; itsasontzia eta eskifaia; itsas arrantza eta beste lanbide batzuk; gizarte bizitza, pisuak, neurriak, dirua eta koloreak. Aurretik argitaratutako lanetan, alor ugaritako lexikoaren aldaerak aztertu ditu Euskaltzaindiak.

Joan Marti ohorezko euskaltzainak gisa honetako ikerlanaren garrantzia azpimarratu zuen: «Euskararen Herri Hizkeren Atlasa ontzea pauso garrantzitsua da hizkuntzaren normalizazioa gauzatzeko bide luze eta neketsuan, eta harro egon behar dugu guztiok egindako lanarekin. Euskarari opari izugarria egin dio Euskaltzaindiak, baita gainerako hizkuntzei ere. Atlasa euskal hizkuntzaren oinarria baita, hizkuntza bera deskribatu eta bereizten duen lehen mailako ikerlana».

1984an hasitako lana

Liburukiak urtez urte hamarkada batez argitaratuz joan diren arren, egitasmoa 1984an abiatu zen. 145 herri aukeratu ziren datuak biltzeko, eta 320 lekukori egindako elkarrizketetan oinarritzen da ikerketa. 2.400 zinta grabatu ziren, eta akademiak bildu dituen grabazioetan 4.000 ordutik gorako elkarrizketak dauzkate. Horietan bildutako informazioan oinarrituta argitaratu dituzte Euskararen Herri Hizkeren Atlasaren 11 liburukiak. Guztiak daude kontsultagai akademiaren webgunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.