KRITIKA. Dantza

Dantzaz ase eta bete

Balleteko dantzariak Medhi Walerskiren Garden piezan. LUIS LUQUE / ARRIAGA ANTZOKIA.
Agus Perez.
2023ko otsailaren 14a
00:00
Entzun

'Ballet BC-Vancouver'

Konpainia: Ballet BC-Vancouver. Koreografoak eta piezak: Sharon Eyal, Gai Behar (Bedroom Folk), Crystal Pite (The Statement), Mehdi Walerski (Garden). Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Otsailaren 11.

 

Arriaga antzokia zeharo betean aurkeztu du bere egitarau hirukoitza Vancouverreko (Kanada) BC balletak. Taldearen izugarrizko zehaztasuna, energia eta perfekzioa jaso dugu Bedroom Folk piezako lehen momentutik, inpaktu handiko lan honekin esan nahi izango baligute bezala: «Presta zaitezte, ikusleok: orain arte ikusi duzuen edozer urrun, oso urrun, geratuko zaizue eta».

Argi zenital baten pean agertu dira hamalau dantzariak, emakumeak aurrean eta gizonak atzean, Ori Lichtiken perkusio elektronikoa lagun eta Thierry Dreyfusen eta Alon Cohenen argietan bilduta. Emakumeek tiranterik gabeko bainujantzi beltzak jantzi dituzte, eta gizonezkoek praka luzeko maillot beltz tirantedunak, beren eskoteek gizon-titiburuak agerian uzten zituztela. Erritmo markatuaren araberako mugimendu sinkopatuen bidez hasi da taldea desplazatzen eta agertokian zehar zabaltzen eta biltzen ziren giza frisoak egiten, noizean behin gizon baten edo beste baten gidaritzapean. Musikak ere aldaketa minimalista haien modura eboluzionatu du perkusio ia hutsetik hari-instrumentuei nagusitasuna eman arte, betiere erritmoari men eginez, eta argia kolore gorritik laranjara igaro da era ia subliminalean, dantzarien efektu hipnotikoak trantze-egoerarantz eroaten gintuen bitartean.

Crystal Pite koreografoarena izan da bigarren pieza (The Statement), eta hiruretan harrigarriena suertatu da. Mahai obal handi baten bueltan ibili diren bi bikoteak exekutiboz jantzita agertu dira, eta bi bandoen lehia krudel eta bortitzean kontrarioari boterea inposatzeko edo arerioa limurtzeko estrategiak irudikatu dira, haien arteko sesioa off-eko lau ahotsen deklamazio perfektuan adierazten zela. Hasiera batean iruditu zait hobe zitekeela testua azpitituluetan irakurtzea, baina laster konturatu naiz aukera hori oztopo baino ez zela izango. Owen Beltonen musika ilunak ere ez zuen ezer onik iragartzen, eta Tom Visseren argiztapen tenebristan gertatu da guztia. Pina Bauschen dantza-antzerkiaren ikasle aurreratua den lan honetan, lau pertsonaien gogoetak, botere-jolasak, zalantzak eta sedukzio-saioak ikusi ditugu, gaualdiko beste piezetan bezala dantzarien maila bikaina muturreraino eramanda.

Amaierako pieza (Garden) konpainiaren zuzendari artistikoarena izan da —Mehdi Walerski—, eta dantzariak haragi koloreko ustezko biluztasunean agertu dira, gorputzen edertasuna horrela nabarmenduz. Saint-Saensen piano eta hari kintetoan oinarrituta, zenbait duo erromantiko laburrekin hasi da ekitaldia, gero talde eboluzioetara igarotzeko, aurreko piezetan baino leuntasun nabarmenagoz eta figura dinamikoen konposizioetan zentratuta. Theun Mosken argi ia espektralaren pean, piezak oro har estudio-mugimendu baten sentsazioa utzi digu bere edertasun hutsaren bilaketan, baina amaiera ona izan da gure izpirituak goxatzeko aurreko lan bietan jasotako inpresioaren ostean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.