Idazlea liburuan sartzeko hiru modu

Kirmen Uribe eta Miren Agur Meaberen autofikzioko eleberriez eta hainbat idazleren lan autobiografikoez gain, pertsonaia nagusitzat egilearen alter ego disimulu gutxikoa duten obra garrantzitsuak ere argitaratu dira azken urteetan.

Juan Luis Zabala
2015eko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
Kirmen Uriberen Bilbao-New York-Bilbao nahiz Mussche eta Miren Agur Meaberen Kristalezko begi bat eleberriak nabarmendu dira azken urteetan autofikzioaren arloan, eta sail berean koka daiteke —genero jakin baten edo edozein kalifikatibori dagokion laukitxoaren barruan errenditzen zailagoa den arren— Ixiar Rozasen Beltzuria ere. Nobelagintzatik aparte, askotariko autofikzio printza ironikoz zipriztindua dago, adibidez, Karlos Linazasororen obra osoa.

Nahiz eta idazlea ez zuzenean liburuan sartu, ez dago autofikziotik oso urrun —disimulu gutxiko alter ego aise identifikagarria baitu lehen pertsonako narratzaile— Bernardo Atxagaren Nevadako egunak; Lander Garroren Gerra txikia eta Patxi Zubizarretaren 50 eleberriak ere sail berean sartzeko modukoak dira; eta baita Unai Elorriagaren Iazko hezurrak ere, kasu honetan idazlearen alter egoa disimulatuxeago dagoen arren, emakumea delako, egilea ez bezala. Aurreko urteetako nobela asko ere sail honetan sar litezke, Mikel Antzaren Ospitalekoak eta Atzerri, besteak beste.

Horrez gain, fikziorik gabeko autobiografia landu dute azken urteetan hainbat fikziogile ezagunek, hala nola Arantxa Urretabizkaiak (Zuri-beltzeko argazkiak), Daniel Landartek (Ahularen indarra eta Enbataren zirimolan), Mikel Hernandez Abaituak (Azukre xehea, gatz larria), Mariasun Landak (Festa aldameneko gelan, jatorriz gaztelaniaz idatzia baina euskaraz ere argitaratua) eta Maite Gonzalez Esnalek (Viajes, frutas, barrios, hori ere jatorriz gaztelaniaz idatzia eta oraingoz euskaratu gabea), aurreko hamarkadan Xabier Mendiguren Elizegik Errekarteko koadernoa eta Arbelaren gainean liburuetan egin zuen bezala.

Autobiografiarako joera lehendik ere izan da euskal literaturan, baina fikziogileen aldetik baino gehiago beste genero batzuetako idazleen aldetik. Auspoa bilduman aurki daitezke horietako asko, bertsolariek idatziak gehienak, Antonio Zabalak horretara bultzatuta. Azken urteetan ere ez da falta izan fikziogile ez diren idazleen lan autobiografikorik; Pello Salabururen Errateko nituenak da adibide berrienetako bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.